Ez ditu garai onenak bizi hitanoak —eta ez noa gramatikaz hitz egitera, hori beste baterako utziko dugu.
Badira nola edo hala hitanoari eusten diotenak (tokari gehiago nokari baino), badira ikasi eta galdutakoa berreskuratu nahian dabiltzanak; eta bada hizkeratik erbesteratu nahi lukeenik ere. Blog hau pittin bat ezagutzen duenak ongi daki egileak bereziki maite duela, bere buruari beti toka mintzatu ohi zaiola. Hitanoak hiztunaren eta hartzailearen arteko harreman hurbilagoa islatzen du, lagunartekotasuna indartzen du; bereziki egokia da, nire ustez, elkarrizketa batzuk emateko, sentimenduak adierazteko karga emozional handiagoa izan baitezake; adibidez, poza, haserrea edo harridura adierazteko. Eta esango nuke elkarrizketa eta testuei indar berezia ematen diela, behar bezala eta dagokionean erabiliz gero.
Saiakera ederra argitaratu zuen 2021ean Irati Jimenezek, Begiak zabalduko zaizkizue. Literaturari buruzko elkarrizketa bat; burutik buru irentsi nuen, erosi bezain laster. Badu atal bat, ordea, “Kontuz hitanoarekin” izenburukoa (liburuko 82. orrialdean hasten da), non hitanoa, literaturatik behintzat, baztertzearen aldeko aldarria egiten duen argi eta garbi. Ezin desadosago egon. Ez naiz xehetasunak ematen hasiko hemen (nik egin nezakeena baino hobeto erantzun diote beste batzuek, Xabier Olarrak, esaterako, 31 eskutik-en), baina hona Jimenezek esaten dituenen arteko erakusgarri xume bat: «(…) niretzat hitanoa arrotzegia dela eta, zabar esanda, ez zaidala gustatzen. Mendebaldeko kostako euskalkietatik gatozen gehienontzat hitanoa gauza benetan martzianoa da» (83. orr.). Esango nuke lurtarrak (Jimenezek) bestea (hika mintzatzen dena, kasu honetan) martziano sentitze horretan datzala arazoaren parte handi bat, alegia, ezjakintasunetik eta ezagutza ezetik datorkeela hitanoarenganako arbuio hori; baina tira, gustatzen ez bazaio, zer egingo diogu!
Duela astebete pasa, berriz, Berria-n, Danele Sarriugarte kexu zen, “Anaidiera” izenburuarekin sinatu zuen bere zutabean. Batetik, zioen «bitartasuna berresten duela-eta zuzenean hitanoa baztertzearen aldekorik» badagoela eta zilegi iruditzen zaiola, eta interesgarria iruditu zaion lan bat aipatzen zuen (Gatx Agouesek eta Onintza Legorburuk egina, nokaren eta genero-disidentziaren inguruan). Bitartasuna berresten duelako horri buruz, ez dakit zer esan, ez dakit nola moldatu behar ditugun/dituzten hizkuntzak bitartasun ez horri aurre egiteko (bada nahikoa lan!); baina aipatzen duen ikerlan hori, bai, irakurri beharko da. Bestalde, esaten zuen ez dela ahaztu behar «lekuaren arabera nahiko lan badela euskaraz egite hutsa». Konforme, nola ez, badakigu zein den hizkuntzaren egoera leku eta kasu askotan, baina ez gara horregatik hasiko, nire ustez behintzat, hizkuntza aberasten duen ekimen oro kamusten, ala?
Azkenik —ez zen azken aipatzen zuena, testuaren funtsa baitzen, hortxetik izenburua bera ere—, “hitano selektiboa” esaten dionaz mintzatzen zen Sarriugarte bere zutabean, hots, gizonezkook maiz egiten dugunaz: “gradu bereko” beste gizon bati toka egin, baina “gradu bereko” emakume bati zuka. Eta egia da, maiz gertatzen da hori. Zergatik? Arrazoi asko dagoke, noski, baina bistakoa da, hitanoaren higatze honetan, nokarena handiagoa dela tokarena baino: gizon eta emakumeen artekoan, bai, baina baita emakumeen beren artekoan ere. Goian aipatutako Onintza Legorburuk, Goiena telebistan egindako elkarrizketa batean, emakume eta gizonok izaten dugun sozializatze modu desberdinari egozten dio kontua: gizona jabetu da eremu publikoaz, eta emakumearentzat eremu pribatua geratu da; eta Antzuolako gazteen artean egindako ikerketan ikusi ahal izan duenez, hitanoa eremu publikoan (taberna, eskola eta lantegia) nagusitzen omen da. Hitano selektiboa egiten dugulako kontu horretara itzuliz, berriz, hau ere esaten du Sarriugartek zutabean: «Hitano selektiboaren hiztun guztiak ez dakit ohartzen diren —serio diot— baina halako egoeretan anaidia indartzen dute full. Minimoa, izan ere, galdetzea litzateke, edo, bestela, denoi berdin egitea».
Azkena dioenarekin, ados, galdetzea litzateke minimoa; beste kontu bat izango da, gero, emakumeak gizonari esaten dionean baietz, noka egin diezaion nahi duela, alegia, nola moldatuko den gizona hika egiten ohituta ez dagoen egoera berri horretan. Izan ere, hitz egiteak asko du inkontzientetik, automatikotik, eta ez da hain erraza bat-batean erabat aldatzea (nola ez den erraza pertsona batekin, zeinarekin ohituta gauden beti hizkuntza batean egiten, kolpetik beste batean hastea). Hala ere, saiatu beharko gaitun, “anaidia full indartzen dugula” entzute horrek min ematen din eta (ea beste aldetik pareko erantzuna jasotzen dugun!).
Bukatzeko —luze samar doa eta—, hitanoaren suspertzea adieraz dezaketen bi kontu, labur-labur.
Bat, Antzuolako gazteen artean egindako ikerketa hori dela-eta, Legorburuk dio hitanoa “label” markarekin lotzen dutela gazteek (mutilek, bereziki): hika egiteak autentikotasuna ematen dio hiztunari, EGA mailatik (C1, egun) gorago dagoela sentiarazten dio, nonbait. Eta bi, aurtengo Durangoko Azokan Euskal Herriko I. Hikadromoa antolatu du Zirhika Taldeak, abenduaren 7rako (16:00-17:45): «Hika dakitenak eta ikasten ari direnak, guztiak daude gonbidatuta. Euskalkian zein batuan, bakoitzak berean egiteko aukera izango du. Helburua: hika hitz egitea eta ondo pasatzea». Jendea animatzeko aukeratu duten leloa, berriz, bai polita!: “Anima hadi! Beldurrik gabe hikaratu!”.
Honaino, bada, gaurko erretolika, aspalditxo ezer idatzi gabe nengonan/nengoan eta.