blogoetak


Korsika, GT20: Azken bi etapak

2026-06-15: Cuzzàtik Zonzara

Cuzzàn ez zegoen gosaltzerik, ez nik nahi nuen orduan behintzat (halere, ostatuko Bocca di a Vaccia logelan bazen kafea egiteko makina bat, kapsulekiko horietakoa, eta bi kafe hartuta abiatu naiz: bata probatan egin dudana, eskasa, eta bigarrena, benetakoa, ona!); hala, Zicavuraino joan eta han gosaltzea pentsatu dut, baina okerrago izan da, han ez dut-eta ezer aurkitu zabalik, errepidetik gertu behintzat. Beraz, ostatuko kafeekin eta Zicavutik atera orduko jan dudan bananarekin eta barrita energetiko batekin, aurrera egin dut. Hasteko, mendate luze bat neukan zain gaur ere, uste baino luzeagoa gainera. Hala ere, arazorik ez, GT20 honetan aurkitu ditudan aldapa gehienek bezala honek ere tarte gutxitan gainditzen baitzuen % 8-10eko malda (egia esan, Bastiatik atera hintzenetik ez zaik suertatu plater txikiena jarri beharra, hortik atera kontuak!).

Zicavu
Zicavu

Bocca di a Vaccia da mendatearen izena ere, logelarena bezalaxe, eta Taravu eskualdetik Alta Roccarako pasabidea da, ia 1.200 m-tara. Izenak iradoki bezala, behiak (eta idiskoak) libre dabiltza hemen, errepidearen bazterretan onenean; baina behiak baino gehiago, Korsikako arrazako txerri beltz izutiak dabiltza, urrutitik ikusita basurdeak ematen dutenak; txerri horien senideekin egindako hestekiak ari haiz dastatzen, inondik ere, egun hauetan, bai ederrak!

Inguru honek ez du zerikusirik lehen egunetako Korsika itsastar harekin, hemen basogintza eta aziendak dirateke nagusi (nekazaritza handirik ere ezin egin, dena mendia baita), eta beste era bateko turismoa; mendizale jendea dabil inguru honetan (“xendazaleak”, orain esaten ei den bezala, Elhuyar Hiztegiaren arabera behintzat), natura turismoa da gailen.

Mendate luzeek denbora eskaintzen dute inguruari erreparatzeko, eta burua alderrai ibili ohi da, batetik bestera; gainera, gaurkoa bezalako ibilbide bakartiek “hemen zerbait gertatuz gero, zer?” eta horren tankerako pentsamenduak ere erakartzen dituzte burutxora. Kukua lagun dabilkik egun hauetan, ku eta ku, ku eta ku; Euskal Herrian bezain goiz mututzen bada hemen ere, ez dikek luzerako, sanpedroetarako martxa egiteko puskak biltzen hasia behar dik honezkero. Mirua ere erruz zebilek, ibilbide osoan gainera: zenbat ikusi ote dituk buru gainean hegaka, dotore, eta zenbat sumatu zoruan, gurpil aurreko itzalaren joanean. Erromero lurrintsua dago nonahi (itsasoko ihintza esaten zioten erromatarrek, haiek bai poetak), otearen eta otaberaren lore horiak, kuku praken gorrindolak, inondik ere menda belarra biltzen behar zuen gizon hura errepide bazterrean…

Eta, behin kursi jarrita, filosofatzen ere utzi behar zaio buruari, eta bizitzan pentsatzen hasi, irudi errazen bidez bada ere: GT20 hau zuzen zoak Bunifaziuraino (ondo bidean, bihar han izango haiz), baina ezker-eskuin makina bat errepide, karrika eta bidezidor utzi dituk alde batera, hik aurrera egin behar huelako utzi ere; eta, bizitzan, ez al dugu gauza bera egiten, zenbat bide geratzen zaizkigu han eta hemen korritu gabe (haietan barrena abiatu ere gabe), erabakiek –eta, askotan, menturak, kasualitateak– beste nonbaitetik eraman gaituztelako? Haietako batzuk gogoan iltzatuta geratzen zaizkiguk; gehienak, ez.

Mendatearen ondoren jaitsiera luze bat etorri da (etxerik ere ez inguruetan), eta aurrerago herri koskor batzuk: Auddè, A Sarra di Scupamena, Quenza. Quenza horretan entsalada bat jan eta kafea hartu, eta aurrera egin duk Zonzaraino. Zonzan, Erresistentziaren Museoa itxita zegok (aiseago ixten dituk museoak tabernak baino); eta mila urte baino zaharragoak omen diren gaztainondoak, berriz, ez dituk aurkitu, hire apreta zaharrekin errepidetik gora eta behera dezente ibili haizen arren, oin azpiak erretzeraino ia.

Furchi d'Asinau (Aiguilles de Bavella) Quenzatik
Furchi d’Asinau (Aiguilles de Bavella) Quenzatik
Furchi d'Asinau (Aiguilles de Bavella) Zonzatik
Furchi d’Asinau (Aiguilles de Bavella) Zonzatik

 

2026-06-16: Azken etapa, Zonzatik Bunifaziuraino

Bueltaka nabil ohean, ezin atsedenik hartu. Ezker belauna bero sumatzen dut, eta ukitu eta oso hazita dagoela konturatu naiz, handituta eta bero. Trumoi hotsak entzuten dira, tximistek gelako pareta zaharrak argiztatzen dituzte noizbehinka. Akabo nire bidaia, orain bai izorratuta nagoela, egin dut neure artean. Nora joango naiz belauna horrela izanda? Eta ekaitz hori, pasatuko ote da goizerako? Izerdi patsetan esnatu haiz, alarma jo eta jo ari zuan; leihoa ireki, eta eguneroko argi ederrak laztandu dik aurpegia, zerua beti bezain urdin ageri zuan.

Bidaia honetan gaua Zonzan pasatuko nuela jakin nuenetik, asmo bat –irudi bat– neukan buruan: Furchi d’Asinau horien argazkia atera nahi nuen, ilunabarreko azken argiek granitozko harkaitzon gorrizta urrezko bihurtzen duten unean. Horixe nahi nuen, irudi hori. Atzo arratsaldean, bada, hor ibili nintzen, gaztainondo zaharren bila joanda izandako porrotaren ondoren, herrian gora eta behera –gora, batez ere–, mendi eder horien ikuspegi polit bat nondik harrapatuko. Ez zen modurik egon, etxeen artetik ez zen posible ezer asko ikustea, eta elizako kanpandorrera ezin izan nintzen igo (hor goian jarri dudan argazkia da egin ahal izan nuen onena, baina ez nuen itxoin nahi nuen ordura arte, ez zuela merezi iruditu zitzaidalako).

Furchi d'Asinau, Zonzatik (goizean!)
Furchi d’Asinau, Zonzatik (goizean!)

Gaur goizean, abiatu naizenean, GPSak okerreko bidea hartu dudala salatu dit berehala. Geratu eta atzera begiratu dut, ea ikusi ez dudan kale esturen bat-edo ote zegoen. Ez, zuzen nindoan, GPSak ere ez dira perfektuak. Baina, atzera begiratu dudanean, hor nituen, eder-eder, Furchi d’Asinau horiek, oso-osorik ikusten ziren; ez arratseko argitan, tamalez. Bart afaldu nuen jatetxetik ehun metrora nengoen, ez urrunago (baina beheko kalea hartuta!; eta nire logika kartesiarrak ez zidan pentsatzen utzi behera zihoan kale hartatik hobeto ikusten ahal zirenik mendi horiek herriaren goiko aldetik baino). Hurrengoan izan beharko du argazkiak, beti utzi behar da zerbait itzultzeko.

Azken etapa gaurkoa, ibilbideko luzeena: 70 km, eta 1.000 m baino gehiagoko desnibel positiboa (1.700 m-ko negatiboa ere bai, dena esan behar da). Menditik itsasoraino, zenbait koska gaindituta. Beldurrik ez, noski: behin honaino iritsita, egingo ez diagu, bada!

Livia
Livia

Liviako museo arkeologikoa itxita zegoen oraindik handik pasatu naizenean, eta gaur helmugara iritsi nahi nuen, ez nuen gogorik inon zain egoteko. Mendate polit bat neukan aurrean, Bocca di Bacinu, eta igoeran, Càrbini herrian, XII. mendeko eliza eta kanpandorrea neuzkan ikusteko, erromaniko pisatar estilokoak. Beraz, Liviatik atera eta aurrera egin dut. Càrbinin, eliza-eta ikusi ditut, baina kanpotik, dena hesituta baitzegoen, eta ez baitzegoen han ez bisita ordutegirik ez ezer.

Gàrbiniko eliza eta kanpandorrea
Gàrbiniko eliza eta kanpandorrea

Historiako gertakari niretzat ezezagun baten berri ere ikasi dut, han zeuden paneletako testuak irakurrita. Herri honetan, XIV. mendean, bi eliza omen zeuden. Bata, ofiziala-edo, San Joani dedikatu hori, argazkikoa; hori zen jauntxoen eta herri xehearen eliza, Erromako aita santuari men egiten zion eliz komunitateak erabiltzen zuena. Baina herrian beste komunitate bat sortu zen, korsikeraz ghjuvannali-ena1 esaten zitzaiona, eta gero Korsikaren hego alde osoan zabaldu zena; erlijio ofizialak sekta heretikotzat hartzen zituen komunitate horretakoak. Dirudienez, frantziskotarrengandk eratorritako talde bat zen, Italiako fraticelli-en joerakoa edo (bada esaten duenik kataroekin ere zerikusia izan zezaketela). Nolabaiteko kristautasun erradikala praktikatzen zuten, erabateko berdintasuna (baita gizonezko eta emakumeen artekoa ere) eta pobrezia (ondasun pribaturik ez, dena denona zen) aldarrikatuz. Bada, Càrbini honetan bi eliza zeuden garai hartan, bata bestearen ondoan (beste horren aurri batzuk baino ez dira geratzen orain). Heretikoak sarraskitu egin zituzten: disidenteak ziren. Korsikan, gaur egun oraindik, familia oso bat zerbaitegatik heriotzaraino jazartzen dutenean, ghjuvannaliak bezala tratatu dituztela esaten omen da.

Bocca di Bacinu ere paraje ederra duk, eta, azken kilometroak piko samarrak izan badira ere, pena eman dik: azken mendatea duk, handik aurrera itsasorainoko jaitsiera luzea geratuko zaik (edo hori uste duk orain); hainbeste aldapa igo eta gero, mendateon falta sumatuko duala sentitzen duk. Beherakoa aldapa luzea izan duk, oso zoru ona eta maldak ere xuabeak, jaisten gozatzeko modukoa. Erdi parean-edo, Korsikako erresistenteei egindako monumentu batean geratu haiz bost minutuz: inguru honetako gizon eta emakumeek egin zieten aurre alemanei, 1943an, eta frantziar estatuko lehen departamentu librea izan zen Korsikakoa (artean departamentu bakarra zen, gero banatu zuten bitan; eta orain ere bi dira, nahiz eta herri elkargo bakarrean bilduta egon).

Aldapa bukatu eta berdinean egiten du aurrera errepideak, Bunifaziurantz. Herri batzuk pasatu beharra dago, eta gero T10 errepide nagusian sartu, 8 km bertatik egiteko.

Sottan mur bat dagoela esaten dik GT20ren gidaliburuak, eta bizikletazaleon artean ondo dakigu mur esaten denean zer esan nahi den: horma bat, hots, aldapatzar piko bat, laburra bada ere. Inguratu haiz, bada, Sotta horretara, eta ekin diok aldapari: hormatzarrik ez zegok hemen, motel, hau gaizki egindako bizpahiru mailako eskailera bat baino ez duk; epika pittin bat gehitu nahi zioan bukaerari, nonbait, gidaren egileak.

Baina GT20 ez da hola-hola bukatzen Bunifaziun, goxo-goxo jaitsiz itsas mailaraino. Ez, hor zegok Cherako aldapa madarikatua, bukatzeko 20 km falta direla: ez dik, antza, mendate izena merezi, baina hori bai hormatzarra! Mundruna erdi urturik gurpilei itsasten zitzaiean, 35 gradu markatzen zian eskulekuko kontagailuak; aurreko gurpilak, halere, zerura begira jarri nahi zuela zirudian, % 11ko malda gora markatzen zian eskulekuko kontagailuak (eta % 10era jaitsi duk, gehienez, inoizka, baina 10 baino maizago ikusi duk 11); bihotza punpaka sentitzen huen lepoan, punpa, punpa eta punpa, 140 bpm markatzen zian eskulekuko kontagailuak. Eta aldapatzarra ez zuan bukatzen; inguruan, inor ez, txirrindulariaren bakardadea baino ez; eta txitxar alfer horien kantua, udako sapa, goha, sargori honetan goxo, nonbait. Chera, izena izango dik Chera herri honek, zeren txera goxorik ez ziok behinik behin opa GT20lariari!

Orain, behin bukatuta, irri batez oroitzen dituk GT20ko beste portu eta aldapa gehienak, ondo gordeta zian Korsikak bere sekretua ibilbidearen azken kilometroetarako (dena esateko, gidaliburuak aipatzen dik Cherako aldapa hori, ez gutxiesteko esanez; baina, jakina, bo, bo, bo!, ia 600 km egin eta gero esango zidak niri ezer liburuxka horrek!).

Lotarako hartutako ostatua Bunifaziun dago, baina GT20ren bukaera baino hiru kilometro lehenago, ezkerretara. Inguruan, hondartzetara jaisteko errepide bat baino gehiago dago. Bero honekin, gorputzak bainu eder bat eskatzen dik: hondartzara jaitsi, uretan freskaldi bat hartu, eta hantxe bertan egongo den tabernan eseri eta panaché hotz bat hartu gero. Buruak, aldiz, hasitako lana bukatzea eskatzen dik, alegia, 3 km gehiago egin Bunifaziuko porturaino (eta 60 m jaitsi, ostatua goi aldean baitago) eta GT20ren helmugara iristea. Beste aukera bat ere bazegok: ostatuan gelditu zuzenean; hartara, gero igotzen lanik ez (beste bi aukerek horixe baitute txarra).

Zer egin dut? Gorputzari men? Buruari? Zure esku uzten dut, irakurle, asmatzea. Eskerrik asko honaino laguntzeagatik 😉.

 

Oharra: GT20 bukatu da, baina bidaia oraindik ez: bihar Bunifaziun emango dut eguna, ondo merezitakoa (neronek esan beharko dut, beste inork beste zerbait esan aurretik); etzi, goizean berriz bizikleta hartu eta Portivecchjuraino joan beharko dut, eta han hartu Marseillara eramango nauen ontzia. Marseillatik, berriz, trenez Baionaraino, honanzkoan bezala Tolosa Okzitanian trenez aldatuta. Izango duzue, beraz, nire berri oraindik, izango ditut argazki batzuk behintzat partekatzeko. A, eta ibilbidearen datu teknikoak ere eman beharko ditut, labur bada ere.

Oharra: Bidaia honetaz blogean idatzitako guztiak ikusi nahi izanez gero, jo hona.

Oharra (leku izenak): Cozzano, Zicavo, Col de la Vaccia, Taravu, Bonifacio, Aulène, Serra-di-Scopamène, Levie, Col de Bacinu, Carbini, Porto-Vecchio.

 

 

  1. Italieraz eta frantsesez, giovannali. Informazio gehiago nahi izanez gero, jo hona.

Iruzkinak

6 erantzun “Korsika, GT20: Azken bi etapak” bidalketan

  1. Adolfo BORNAETXEA Rodriguez-ren avatar
    Adolfo BORNAETXEA Rodriguez

    Gu ere itsasaldean bizita ere mendialdera joan ohi gaituk bisitan…xendazaleak al gaituk GURE motzean?

    1. artzubi-ren avatar

      Norberak jar diezaiola nahi duen deitura bere buruari, ez zaik iruditzen?

      X.

  2. Mariaje-ren avatar
    Mariaje

    Han basurde itxurako zerria eta hemen hartza ibili da Ezkarotz inguruan.

    Zein inguru eder! Izerdiak mereziko dizulakoan… Gozatzen segi, Xabier hondarreraino!

    Mariaje

    1. artzubi-ren avatar

      Dudarik gabe, merezi izan du, gozatu dut. Laster hor naiz bueltan 😉

      X.

  3. Txus-ren avatar
    Txus

    Buruari men! Edo?

    1. artzubi-ren avatar

      Hik bai jakin! 🙂

      X.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.