Baso lanak: txondorra Ikilin
Alkizako Kultur Etxean egindako erakusketa, 2009ko udaberrian.
Argazkiak ikusteko, egin klik goiko irudian.
...Ikazkinik ez da gehiago ikusiko euskal herrietako mendietan, argazkitarako ez bada. Badira oraindik gure herrietan ikazkin trebeak, txondor bat egin, piztu eta egunetan ketan iraunarazten ederki dakitenak, baina, beste hainbat lanbide bezalaxe, ikazkintza ere joan den mendean desagertutako jardueren zerrendan geratuko da historia liburuetan. Balioko ahal dute argazkiok, lanbide horiek --eta bizimodu hura, nolabait-- erabat atzenduta gera ez daitezen.
Itxurain, Alkiza uztartzen ekimenaren barruan, Itxurain elkarteak bultzatutako bigarren proiektuaren helburu nagusia ikatz txondorra egitea izan zen, eta 2009ko maiatzean gauzatu zen. Txondorra egingo bada, baina, aurreko beste lan batzuk ere egin behar dira: zuhaitzak bota, egurra moztu, txondorra egiteko aukeratutako lekura ekarri... Prozesu hori guztia argazkitan bildu, eta argazki horietako batzuekin osatu zen erakusketa hau.
Bestalde, proiektu honetako argazkiekin liburu bat ere argitaratu da, 2010eko ekainean: Ikiliko txondorra.