Itxurain, Alkiza uztartzen ekimenaren barruan, Alkizako Itxurain elkarteak hainbat proiektu bultzatu ditu herrian azken urteotan, joan den mendean artean ohikoak eta gaur egun galdutzat eman daitezkeen lanak eta ohiturak berreskuratze aldera. Testuinguru honetan, berreskuratzeak esan nahi du, alde batetik, langintza horietan ibilitako eta oraindik zereginean trebe direnen aldetik, gazteagoei irakastea; bestetik, lan horiek nola egiten ziren dokumentatzea, elkarrizketak, grabazioak, bideoak, argazkiak eta abar eginez.
Proiektu horietan herriaren parte hartzea bilatzen da, eta, modu batera edo bestera, jende mordoxka ibili da orain arte egindakoetan; beste aspektu garrantzitsu bat eskolaren lankidetza da: proiektuan landutakoarekin zerikusia duten testuak, bertsoak, esaera zaharrak ikasiz, eskulanak eginez, proiektuak berak gauzatzen direnean zuzenean parte hartuz... eskolako umeak ere proiektuotan protagonista izan daitezen nahi da.
Orain arte landutako proiektuak honako hauek izan dira:
- Txerri festa, beheko plazan. 2008ko sanmartinak.
- Baso lanak: ikatz txondorra Ikilisagastin. 2009ko udaberria.
- Garo meta, Lete baserriaren atarian. 2009ko udazkena.
- Sagastian sagarra, sagarretik sagardoa. 2010eko udazkena.
Horietan guztietan egindako argazkiak jaso dira hemen, bere garaian Alkizako Kultur Etxean egin ziren erakusketen lekuko.
Sagastian sagarra, sagarretik sagardoa
Alkizako Kultur Etxean egindako erakusketa, 2011ko irailaren 9, 10 eta 11n.
Argazkiak ikusteko, egin klik goiko irudiaren gainean.
Sagastian sagarra, sagarretik sagardoa... Aspaldidanik ezagutzen dugu Euskal Herrian sagarrondoa, ukaezina da sagardoak gurean duen eta izan duen garrantzia.
Garo meta, Alkizako Leten
Alkizako Kultur Etxean egindako erakusketa, 2009ko udazkenean.
Argazkiak ikusteko, egin klik goiko irudiaren gainean.
...Idiak, segak, eskuareak, gurdia, lera... orain gutxi arte gure mendi eta soroetan hain ohikoak ziren lanabesak erabili ziren, Alkizako Leten jaso zen garo meta hau egiteko...
Baso lanak: txondorra Ikilin
Alkizako Kultur Etxean egindako erakusketa, 2009ko udaberrian.
Argazkiak ikusteko, egin klik goiko irudian.
...Ikazkinik ez da gehiago ikusiko euskal herrietako mendietan, argazkitarako ez bada. Badira oraindik gure herrietan ikazkin trebeak, txondor bat egin, piztu eta egunetan ketan iraunarazten ederki dakitenak, baina, beste hainbat lanbide bezalaxe, ikazkintza ere joan den mendean desagertutako jardueren zerrendan geratuko da historia liburuetan. Balioko ahal dute argazkiok, lanbide horiek --eta bizimodu hura, nolabait-- erabat atzenduta gera ez daitezen.
Txerri festa, beheko plazan
Alkizako Kultur Etxean egindako erakusketa, 2008ko sanmartinetan.
Argazkiak ikusteko, egin klik goiko irudiaren gainean.
Alkizako txerri festa, 2008ko azaroan: Arangurenen hazitako txerria erosi, beheko plazan hil, Perun egin odolki, txorizo eta beste, eta, azkenik, herri bazkaria frontoian.