Zaintzaileak eta emaileak, hasiera-hasieratik sumatzen ahal da hori dela gai nagusia –geroago ikusiko da emaileak organo-emaileak direla.
Kathy H. zaintzaile ari da azken urteetan. Ohi baino luzeago ari, gainera; eskuarki, urte gutxi batzuk zaintzaile jardun eta gero emaile izatera pasatzen baitira.
Kathy H., protagonista ez ezik, istorioaren narratzailea da liburu osoan zehar. Haurra dugu hasieran, nerabea gero. Oso barnetegi berezietan ematen dituzte urte horiek Kathyk eta haren ikaskide Ruth, Tommy eta besteek. Oso barnetegi bereziak, irakurleak sumatu ezin badu ere berezitasun hori zertan datzan, edo, hobeto esan, nondik datorren, zertarako den. Zaindariak –kasu, barnetegiko zaindariez ari gara orain, ez hasieran aipatutako zaintzaileez– oso presente daude denbora guztian, garrantzi handia dute protagonista gazteon bizitzetan… baina arrotz dira, nolabait. Ez da barnetegi arrunta inola ere. Ez dugu oraindik aipatu, baina istorioa hogeigarren mendeko bukaera aldera-edo gertatzen da, Britainia Handiaren hego aldean nonbait.
Barnetegiko haur eta nerabe horiek haur eta nerabe arruntak dira, haur eta nerabe guztien arazoekin, haur eta nerabe guztien kezka eta ametsekin; haur eta nerabe guztien bizipenak dituzte. Baina, bestalde, liburu osoan zehar sumatzen da haur eta nerabe horien zeregina bizitzan, eta haur eta nerabe horien lekua munduan ez direla munduko haur eta nerabe arruntenak bezalakoak: haur eta nerabe horiek emaile izateko jaio dira, eta hirugarren, gehien jota laugarren organo ematearekin egingo du haienak; emaile izan aurretik, gainera, beste emaile batzuen zaintzaile izan beharko dute, bolada batez.
Oharra: Bidaiaria kexu zen, aurreko batean, gutxi irakurtzen ari zelako, literatura behintzat. Beste zertxobait irakurri badu ere, Kazuo Ishiguro-ren Never let me go da Ternuan hasi eta Panama Hirian bukatu duen liburua, bidaiako lehen eleberria (ingelesez irakurtzeko erronkari egin dio aurre, eta atakatik airos samar irten dela esango luke, alde batera uzten bada zenbat denbora eman duen liburua irakurtzen, noski; eskura zuen bertsio elektronikoa, gaztelaniaz, baina apenas kontsultatu duen). Liburu gomendagarria, zinez: inork nahi balu, bidaiariak utziko lioke irakurtzeko (gaztelaniazko bertsio elektronikoa postaz bidaltzea ere badauka).
Bigarren oharra: Baten batek liburua ez badu irakurri eta irakurtzeko asmoa badu, jakin dezala testu honetan hemendik aurrera spoiler-en bat edo beste aurkituko duela, gerora irakurtzearen plazera zapuztu liezaiokeena. Esanda dago.
Liburuan oso aurrera joan behar da zaintzaile eta emaile horien nondik norako zehatzak jakiteko. Bidaiariak aitortu behar du berrehun orrialde irakurri ondoren ez zegoela gustura –segurtasun eza dela medio, jakina, ingelesez irakurtzen ari zena ongi ulertzen ari ote zen ez jakiteak sortzen duen segurtasunik eza–, eta Internetera jo zuela informazio bila. Gerora ohartuko zen istorioaren gako garrantzitsuenak aurreraxeago zetozela liburuan.
Liburuak oso arazo garrantzitsua planteatzen du, haur horiek klonatuak baitira, espresuki sortuak eta landuak beren organoak emanez gizakien bizitzak salbatzeko. Zilegi al da klon batzuk ekoiztea gizakion gaixotasunen sendabidea bermatzeko? Zein baldintzatan? Ingeniaritza genetikoa gizakiak klonatzeko gai den garai bat deskribatzen digu eleberriak, klon horiek bai baitira, izan, dagoeneko, kontatzen digun istorioaren denboran; inolako xehetasun teknikorik eman gabe deskribatu ere (zientziarik gabeko zientzia fikziozko kasu bitxi baten aurrean geundeke, beraz). Klon horien kontakizuna eta ikuspegia jasotzen ditu irakurleak hasiera-hasieratik, klonak direla jakiteke denbora luzez; eta pertsonatzat hartzen ditu, jakina.
Eta barnetegia zer da, zer funtzio betetzen du istorio honetan? Liburuaren bukaeran argitzen da hori ere. Klonatuekin egiten ari dena ez dela onargarria iritzi dion talde batek egindako saio bat da barnetegia, gizarteari erakusteko klon horiek (ia) pertsonak direla, pertsonok bezala sentitzen eta pentsatzen dutela, pertsonok bezala sortzeko gai ere badirela… eta aldarrikatzeko ez dela zilegi garai horretan nagusi den erabilera utilitarista hori. Barnetegiak porrot egiten du, eta haren arduradunek esandako esaldi batean laburbiltzen da porrot horren arrazoi nagusia: “Ez zegoen modurik prozesua geratzeko. Nola eskatuko diozu minbizia sendagarria dela ikasi duen mundu bati, nola eskatuko diozu halako gizarte bati aukera horri uko egin eta atzera garai ilunetara itzultzea?”.
Esan bezala, testuaren lorpen nagusia da irakurlearengan Kathy, Ruth, Tommy eta besteenganako enpatia, samurtasun handi bat sorrarazten duela. Liburua amaitu eta itxitakoan ezinbestekoa da gogoeta: Kathy, Ruth eta Tommy artifizialki sortuak dira, bai, baina pertsonak dira. Eta galderak sortzen dira, bata bestearen atzetik: Zer eskubide dugu ezein helburutarako gizakiak sortzeko? Zer eskubide du inork gizaki horiek, edozein dela ere sortu dituztenen helburua, nahi erara erabiltzeko? Aise sortzen da beste galdera bat, ingeniaritza genetikoak aurki egingo baitu posible honako hau ere (dagoeneko ez baldin bada): Zer eskubide luke gizakiak beste gizaki batzuk à la carte sortzeko, hala nola, azkarragoak, ilehoriagoak, sendoagoak, osasuntsuagoak…? Argi dago gai zaila dela, problema etiko serioak planteatzen dituena.
Gogoetarik gogoeta, bidaiariari gogoa Boston inguruko Concord-eko basoetara hegaldatu zaio, Thoreau eta kidekoen etxeetara. Eta irudikatu ditu XIX. mendeko idazle haiek afalondoko solasaldi luzeetan, esklabotzaren lotsaizunari nola aurre egin eztabaidatzen. Izan ere, Never let me go-k literatura abolizionistatik badukeela pentsatzeko motiborik bada. Literatura abolizionistak bezala, ez du arrazoitzen zergatik dagoen gaizki klonekin egiten ari direna; horren ordez, irakurlearen sentsibilitatea ukitzera jotzen du, sentimenduaz baliatzen da, irakurleak barru-barruan senti dezan klonak pertsonak direla –esklaboak pertsona, eta ez infrapertsona, ziren bezalaxe, hain xuxen.
Areago, salduko zigutek klon horiek gizakiak sendatzeko erabiliko direla, transgenikoak munduko gosea asetzeko erabil daitezkean bezala. Eta guk gaixo txiroetan, Afrikako goseteaz bezala, pentsatuko diagu. Baina, errealitatean klonak aberatsak eta elitekoak salbatzeko baino ez dituk erabiliko, haiek bakarrik ordaindu ahal izango dutelako. Tarteka txiro bat nola sendatzen duten erakutsiko zigutek, aberats dohatsuei esker, jakina, gure bihotza eta burua beratzeko.
Pertsonak dituk Hego Asian, Afrikan, Hego Amerikan guretzako lan egiten dutenak, arropa josten, sakelekoetarako materiala erauzten edo jakiak ereiten. Horiek ez dituk zientzia fikziozkoak.
Pasa al nauk?
Ez, lasai… guztiz arrazoizkoak iruditzen zaizkidak esaten dituanak, noski.
Irakurri dudan liburu horretan planteatzen dutena harantzago zoak, baina: gizakia duk klon horiek ekoitzi dituena, gero gizakiaren gaixotasunak sendatzen laguntzeko, organo emateen bidez. Ez ditek planteatzen batere nork eskuratzen dituen organo horiek edo nork ez.
Liburu osoa klonen ikuspegitik idatzita zegok, eta haiek ez zekitek norentzat egiten dituzten donazioak. Bueno, istorioaren pasarte batean klon horietako baten posiblearen bila abiatzen dituk, baina kontua ez duk aurrera joaten. Posible esaten ziotek liburuan klonaren donazioa jasoko lukeenari edo.
Eta ez du planteatzen, edo aukera ikusten, klonak egin beharrean organoak baino ez egiteko? Horrek ez luke arazo etiko handirik ekarriko, ezta?
Ba ez, ez dik halakorik aipatzen liburuan.
Esan bezala, klonen bizitza kontatzen dik, haietako baten ahotsaz baliatuz. Barnetegitik irten eta urte batzuk geroago joaten dituk, bisitan (organo emateak atzeratzeko eskatzera, hobeto esan), barnetegiko irakasle/zaindari batzuengana, eta orduan argitzen dituk barnetegiaren nondik norakoak, haren helburua. Baina ez dik organoak ekoiztearen aukerarik aipatzen.
Izenburua, berez, kanta baten izenburua duk, eleberrian garrantzi handia duen pasarte batean protagonistak sekula izango ez duen umeari kantatzen dion kantaren izenburua.
Izango dik, noski, esanahi sakonagorik, baina, berez, kanta horretatik zetorrek.
Eta titulua ulertzen badiat, ez dik gogo handirik barnetegi horretara joateko. Bere iritzia aurreratu dik?