- Ekuadorreko Baños-en Tungurahua sumendia 1999an hasi zen berriz haserretzen, 80-100 bat urte bakean eman ondoren. Aro berriko lehen erupzio hori gertatu zenean herria hutsarazi egin zuten, eta militarrek hartu zuten kontrola. Aste batzuk kanpoan egon eta gero, herritar bat sartu omen zen herrian, sarreretan zeuden militarren ezkutuan, etxera joan eta zerbait hartzeko asmotan. Orduan deskubritu omen zuten gertatzen ari zena: militarrak harrapaketan ari ziren, herriko etxeetatik den-dena ebasten.
Geroztik ez omen dituzte obeditzen hutsarazte aginduak, nahiz eta Tungurahua oso haserre ikusi.
- Txileko Isla Negrarako autobusean –Isla Negra Valparaísotik gertu zegok, eta han zian Nerudak etxe bat–, gazte batzuk ondoan, kuadrilla handi samarra; 30 urtetik beherakoak, denak. Txiletarrak edo argentinarrak diren, duda. Oso alaiak, buila batean zoazak denbora guztian… Musika ere jarri ditek, eta, halako batean, “Sarri, Sarri, Sarri…”, eta ozen kantatzen zitean, gainera; Euskal Herriko plazetan 1980ko hamarkada bukaeran, eta geroztik ere, kanta horrek beti sortu duen poza etorri zaik gogora. Eta kasualitateak zer diren: Berrian irakurri berria huen, autobus horretan bertan, euskara eta euskal kulturari buruz Habanako Unibertsitatean zabalduko duten irakurletza berriaren arduradun izango dela Sarrionandia. Ez dakik kanta horrek halako zabalkundea izan duen, hainbeste kilometro, hainbeste urte korritu dituen, belaunaldi batetik hurrengorainoko bidea ere egin ote duen. Ez dakik autobuseko gazte haiek zer zekiten kanta horretaz, ba ote zekiten zerk sorrarazi zuen, zer zegoen hitzen atzean. Aitortu behar duk ez dakiala ezta gaztelaniazko bertsiorik ba ote duen kantak, autobuseko zaratarekin ezin izan duk bereizi zer hizkuntzatan ari ziren…
Eta hori dena jakin gabe geratu haiz: uste osoa huen gazteak ere hi jaitsi haizen geltokian jaitsiko zirela, eta orduan galdetzeko asmoa huen; autobusa Isla Negrara heldu denean, ordea, heu eta beste asko jaitsi zarete, baina haiek aurrera jarraitu ditek, eta berekin eraman ditek beren sekretua.
- Perito Moreno glaziarrera, turistak autobusean. Parke Nazionalera sartzerakoan, ordaindu beharra dago. Sartu dira parkezainak, eta pasaiari bakoitzari, kobratzerakoan, nongoa den galdetu eta apuntatu egiten dute, estatistiketarako omen. B baino aurrerago bikote bat; galdetu dietenean nongoak ziren, gaztelaniaz erantzun dute: De Gales. Eta parkezainak: ¿Cómo? De Gales, berriro ere galestarrek. Eta parkezainak: Ah, United Kingdom, Bren tankerako ingelesean. Brengana iritsi denean, berriz, ez dio galdetu ere egin nongoa zen, hizketan aditu orduko erabaki du zer apuntatu behar zuen.
Errespetu falta ikaragarria da, ez dute onartu ere egiten bakoitzak zer esaten dien (Txilen eta Argentinan, gainera, okerrago, aurreko herrialdeetan baino, nahiz eta, paradoxikoki, ezagutza handiagoa duten euskaldunei buruz): identitaterako eskubidea ez dago, itxura denez, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean. Eta arazoa handituz doakigu: gero eta maizago esan behar dugu nongoak garen aplikazio informatikoen bitartez (edozein formulario betetzerakoan, esaterako), zeinetan ez baitugu Euskal Herrikoak garela adierazteko modurik; eta otzan-otzan onartu egiten dugu.
- Calafaten afaritan, zerbitzari gazteak, ez si eta ez no: ¿Cuánto tiempo llevás viajando? Eta hik, seko harrituta, ea zergatik galdetzen zian, ba, hori, galdetu diok berari. Pentsatzen ari zela bidaia bati bakarrik ekitea, eta jakin nahi zuela ea zer moduz moldatzen ari hintzen, zer-nolako arazoak edo kezkak sortu zitzaizkian bidean, ea hainbeste denbora bakarrik ibiltzea gogorra egin ote zaian… Eta galdera zailena, bat-batean: ¿Y si vos te ponés en pedo, cómo hacés? Kosta zaik, pentsarazi egin dik, egia esateko: izan ere, arrazoi dik, halako batean mozkortu, eta zer? Ez haizela mozkortzen esan diok –barre egin dik–, eta pentsatzen geratu haiz…
Honek ez dik galdetu nongoa hintzen, baina ea Athletic-ekoa haizen bai, eta triste egongo hintzela hala bazen bota dik: partidaren bat galdu egingo zian, noski, egun hauetan!
Kaixo, Xabier,
horregatik, agian, bultzatzen ditek hemen ingelesa izen ofizialetan; ingelesez mintzatuz gero, Basque Countrykoa haizela esan hezake. Baina, orduan, UK idatziko liketek, auskalo!
Lehengoan, .eus domeinuarekin arazoa izan nian; onar zezatela idatzi niean, eta orain arte.
Eta filosofatzen jarrita, denbora ez duk galtzen, ezta bukatzen ere; hortxe ditiagu zain segundu berriak, erabili gabeak, gauza gehiago egiteko.
Zabal hadi,
Patxi Angulo
Kaixo, Patxi:
Iruzkinaren lehen partea ez diat ondo ulertzen… Nork bultzatzen du ingelesa izen ofizialetan? Eta .eus domeinuarekin zer arazo izan duk?
Zabal segi,
X.
Bai, Chess festival oraintxe egin ditek Kursaalean; Basque culinary center; BCL (?) hizkuntzaz eta garunaz; BCM (?) matematikaz… eta horrelakoak.
Domeinuari buruzkoa hauxe duk: zerbait erosteko erregistratzean, helbide elektronikoan .eus jartzean ez ditek onartzen, baina .es jarrita bai. Uste diat hik esandakoarekin dagoela lotuta, hots, estatu ofizialak baino ez ditek kontuan hartzen.
Adio
Kaixo, Patxi:
.eus domeinuarekin dagoen arazoa konpontzea denbora kontua duk: domeinua berri samarra denez, aplikazio batzuek ez ditek ezagutzen, eta ez ditiztek onartzen, oraingoz, .eus domeinuko posta-helbideak, esate baterako. Bazekiat .eus-en kudeatzaileak jakinaren gainean daudela, eta, esan bezala, denbora kontua izango duk konpontzea; azken batean, .eus Interneteko domeinu ofiziala duk.
Nik esaten nuena beste gauza bat duk: formularioak betetzerakoan, munduko estatuen zerrendak agertzen dituk askotan, eta Euskal Herria ez duk horietan ageri, noski. Horren konponbidea zailagoa iruditzen zaidak, borondate politikoa eskatzen baitu.
X.