Berrehun urte, berrehun enbor huts

Berrehun urte, berrehun enbor huts… eta kolonialismoaren inguruko beste kontu batzuk, otsaileko azken blogoeta honetan.

Australiako Canberran dago, National Gallery-n. Berrehun enbor hustuk osatzen dute berrehun urteko zapalkuntza ez ahanzteko egindako memoriala: Aboriginal Memorial du izena (ingelesez) koloniaren berrehun urteko historian hil dituzten “aborigenen” oroimenez1 egindako artelan zirraragarriak (1988).

Memoriala Djon Mundine-k diseinatu zuen 1987an, eta Ipar Lurraldeko Ramingining komunitateko eta Central Arnhem Land-eko inguruko komunitate batzuetako beste 43 artistak hartu zuten parte artelanaren garapenean; David Daymirringu eta George Malibirrek, besteak beste.

 

Enbor huts dekoratu horiei dupun esaten zaie, katabutak egiteko erabili ohi dira tradizioz (nahiz eta kasu honetan, memorialerako bereziki eginak izaki, ez diren inolako gorpuzkirik edukitzeko baliatu); normalean, termitek zulatutako enborrak hautatzen dira horretarako: moztu, garbitu eta pigmentu naturalak erabiliz margotu ohi dituzte, erritu edo zeremonia berezi batean, klanaren diseinu tradizionalei jarraituz.

Artelanaren sorkuntzak, bada, kolonia ezarri zeneko 200. urteurrenarekin bat egin zuen denboran, eta europarren kolonizazioaren ondorioz hil ziren “aborigenak” oroitzeko helburua du; artisten beren hitzetan esateko, «gerra hilerri bat da, oroitzeko europarren kolonizazioaren garaian beren herriaren defentsan hildako guztiak, zeinei ezin izan baitzaie hileta egokirik egin».

National Gallery-ko lehen solairura igo eta Aborigenen Memorialarekin topo egiten duen bisitaria bat-batean jabetzen da kolonizazio prozesuek ia beti sorrarazi izan duten giza tragediaz; halako indarra du, izan ere, obra osatzen duten berrehun zutabe altuera desberdinetako horien antolamenduak eta argiztapenak, ezen katedral gotiko batean sartzerakoan sentitzen denaren antzeko begirunea sentiarazten baitu, ibai handi batek zeharkatu oihan ilun batean murgiltzean sentitu ohi den apaltasuna2: mutu gelditzen da bat han sartzean, hango isiltasunak osoki bereganaturik. Herri bateko gizonak beste herri batera joan eta hango gizon-emakumeak bortxaz menderatu izan dituztelarik, haien hizkuntzak gutxietsi eta erdeinatu izan dituzte, haien bizimoldeak eta egiteko moduak oztopatu eta galarazi, haien lurrak eta ondasunak ebatsi… eta, askotan, ehunka, milaka, milioika lagun hil izan dituzte. Kolonizatzaile arrotza bertakotu egin ohi da, bertako guztiaz jabetuz; bitartean, kolonizatua, erabat desjabeturik eta bere lurrean arrotz, bigarren mailako herritar izatera kondenatua geratzen da. Badakigu zerbait horretaz guztiaz euskaldunok ere.

Melbournen, St. Kilda auzoko portu inguruko Cook kapitainaren estatua bitxiki eraldaturik aurkitu du aurten egunsentiak, Australiaren Egunean (urtarrilaren 26an ospatzen da, urtero, Australia Day delakoa, herrialdearen egun nazionala, 1788an ingelesen Lehen Flota Sydneyko badian lehorreratu zela gogoratzeko), eta haren oinarriak karga txikiagoari eutsi behar dio hemendik aurrera, oinak baino ez baitzaizkio geratu idulkiari loturik: bezperako gauean, ezezagun batzuek kapitainaren estatua orkatilak baino goraxeagotik moztu, eta hantxe utzi zuten lurrean harrizko gorputz oingabetua, idulkian egindako pintadari begira –eta irribarrea hozturik–. “The colony will fall” dio aktibistek margotu testuak, hots, kolonia eroriko dela, egunen batean… Australia Day ez ezik, beste izendapen hauek ere baditu urtarrilaren 26an ospatzen den egun horrek, Wikipediaren arabera: Anniversary Day, Foundation Day, Survival Day… Baita Invasion Day esanguratsua ere.

Australiako parke nazionaletan dabilen ibiltariak maiz aurkituko ditu letreroak han eta hemen, zeinetan gogoraraziko zaion –balizko isunak ere aipatuz– debekaturik dagoela erabat bertan txakurrekin ibiltzea. Letrero horietan, hitzez hitz dio bertako animaliek —native animals— txakurrak predatzailetzat —predators— hartzen dituztela, eta txakurren bat usnatze hutsak aiena lezakeela bertako animalia bere bizigunetik. Zaila da, zaila denez, esaldia kolonizazioaren metaforatzat ez hartzea.

 

 

 

 

  1. Aborigen eta tankerako hitzen egokitasun-erabilerak direla-eta mintzatu izan naiz beste inon blog honetan; oraingoan, baina, bere horretan utzi eta aurrera egingo dut.
  2. Central Arnhem Land-en zehar aurrera egiten duen Glyde ibaia irudikatzen du enborrak bi multzotan banatzen dituen korridoreak (erreparatu bildumako lehen argazkiari).