Piopiotahi: birigarro kantaria eta gizakion hilkortasuna

Piopiotahi esaten diote maorieraz ingelesez Milford Sound izenaz ezagutzen den fiordoari, zeina Zeelanda Berriko lekurik ezagunena eta bisitatuena baita.

Piopiotahik “birigarroaren lekua” esan nahi du, birigarro kantariaren lekua. Elezaharrek diote Māui heroiak gizakientzako hilezkortasuna lortu nahi zuela, baina Hine-nui-te-pō jainkosa zela medio galdu zuela1; orduan, birigarro bat azaldu zen Piopiotahin, eta kantari hasi zen galera hura deitoratuz.

1706258790456_edited_copy_700x433
Piopiotahi edo Milford Sound (Zeelanda Berria)

Zeelanda Berrira itzultzen den bidaiaria ezinbestean itzultzen da Milford Sound-era, hain da paregabea lekua. Hogeita hamar urte ez dira alferrik pasatzen, eta hizkuntza paisaia behintzat zertxobait aldatu da: hala, garai hartan Milford Sound soila zena orain Piopiotahi ere bada (esan gabe doa: Piopiotahi lehenago izan zen Milford Sound baino, baina halaxe izan ohi dira botere kontuak). Ez dira, ordea, aldatu leku magiko honetara heldutakoan bisitariari beren ziztada mingarriez ongi etorri goxoa egiten dioten eltxo beltzak —te namu maorieraz–, hementxe jarraitzen dute lanean.

Eltxo beltz gaizto horiek Hine-nui-te-pō jainkosak sortuak omen dira. Tū Te Rakiwhānoak eskualde honetan eratu zituen laku, mendi, haran, ordoki eta fiordoen edertasunaz jabeturik2, gizakiek halako paradisutik ez zutela inoiz alde egingo eta beldurtu egin zen. Hala, eltxo beltzak sortu zituen, gure hilkortasuna gogoan har genezan eta luzeegi gera ez gintezen bertan.

Leku hau bisitatzen duten gehienek bezala, oraingoan ere hiruzpalau ordu bertan eman eta martxa egin du bertatik bidaiariak, Piopiotahi izena ikasi eta gorputzean bere hilkortasunaz ez ahazteko hainbat oroigarri jasota.

  1. Gizakientzako hilezkortasuna lortu nahian, jainkosaren baginan sartu zen Māui, hura lotan zela ahotik irtengo zelakoan; baina jainkosaren baginako hortzek –obsidianazkoak izaki– txikitu egin zuten, eta bertan geratu zen hilik.
  2. Ikus Aotearoa: laku, mendi, haran, ordoki eta fiordoen sorrera