Oso pelikula gogorra da. Hiru preso politikoren benetako historia kontatzen du: kartzelan zeudela militarrek bahitu, eta hamabi urtez luzatuko den isolamendu eta torturazko epealdi latza erakusten zaigu pantailan, gordin eta luze erakutsi ere. Uruguain gertatua da, 1973tik 1985era bitartean, eta gerora Uruguaiko presidente haututako zuten Pepe Mujika du protagonistetako bat.
Kontatu behar duena kontatzeko, atzera eta aurrera egiten du denboran filmak, eta halako batean hiruretako bat atxilotu zutenekoa ikusteko parada ematen du. Tupamaroak dauden etxea inguratu dute militarrek, ehunka militarrek; bistan da ez dagoela handik ihes egiteko modurik. Barruan, bi militante etxeko ganbaran ezkutatzen ikusten ditugu, armatuta. Etxean badira beste bi lagun, emakume bat eta gizon bat; horiek ez dute armarik. Emakumea irten da atarira, miliko haien guztien aurrera, babesgabe: tiro zaparrada batek etzanda utzi du lurrean betiko, atariko belarretan zerraldo.
Eszenak jarraitzen du, eta agerian da militarrek ez dutela inor bizirik uzteko inolako asmorik. Barruan geratua zen gizonaren patua emakumearen berbera izan da: etxean sartu orduko garbitu dute hura, eskailerako tranpalean. Ganbaran ezkutatu direnetako bat, berriz, zaurituta dago, kanpotiko tiro jasak harrapatu eta herioz jota; baina haiek beste bi lagunek baino zorte hobea izan dute azkenean: epailea etxe barruan zen militarrek aurkitu dituztenerako, eta atxilotu egin behar izan dituzte.
Operazioa amaitzerakoan, berriro erakusten digu kamerak emakumea, lurrean tiroz josita: pistola bat dauka eskuan.
Buruak agudo funtzionatzen du, bertsio ofizialen nondik norakoen berri ikasi duenarengan: bistan da ez dela filmaren akats bat. Zinema aretoko atzeko ilaran eserita zegoenari, ordea, harridurazko huy bat eskapatu zaio barru-barrutik, ozen, pistola emakumearen eskuan ikusi orduko: nolatan pistola bat orain hemen?