Egia ez baledi ere, ongi ekarria neritzoke honako honi.
Gipuzkoako Diputaziora jo omen zuen Juan Mari Torrealdaik, Jakin aldizkariaren eraberritzea zela-eta diruz lagun ote zezaketen galdez. Bildukoak omen ziren orduan, Foru Aldundiko bulegoetara iritsi berri.
Juan Mari, bai, ezaguna-edo zuten, urte batzuk lehenago kartzelatik pasea zela gogoan, nonbait; baina Jakin zer zen, ez omen zekiten jakin.
Gazteak ei ziren gehienak, baina diputazioan kargudun dagoeneko. Eta ez zuten, antza, frankismo garaian, Arantzazun jaio zen Jakin taldearen eta ondoren sortutako izen bereko aldizkariaren berri.
Herrigintza, kulturgintza, euskalgintza… eta transmisioa? Ezinbestekoa ote da belaunaldirik belaunaldi halako etenak egotea? Gurasoetatik seme-alabetarainoko bidean, urtegitik kaleko iturrietarainokoan legez, hainbeste galtzea?
Bigarren edo hirugarren eskutik jasoa dakart istorio hau, eta ez dakit, beraz, zenbateraino den egia bere xehetasun guztietan. Baina, halarik ere, se non é vero….