Hizkuntzen prestigioa

Euskal Herriko Unibertsitatean egindako ikerlan batean ikusi denez, bertan gaztelaniazko graduetan ikasten diharduten ikasle euskaldunen % 15ek uste dute erdarazko graduen kalitatea handiagoa dela euskarazkoena baino, eta, nahiz eta D eta B ereduetatik datozen ikasleak izan, orain gaztelaniazko taldeetan ari dira unibertsitatean −kalitate handiagoa jasoko dutelakoan (ikasle horien artean bada beste % 20 bat beren euskara maila gradua euskaraz egiteko eskas jotzen dutenak −eta horregatik gaztelaniaz ari, nonbait).

Kasheroen hizkuntzak ez du prestigiorik, oraindik ere. Duela berrogeita hamar urte, ikastolen mugimendua sasipetik argitara doi ateratzen hasten ari zela, gure amak gauza bera entzuten zuen kalean, ikastolan ikasitakoek ez zutela gaztelaniazko eskoletan jasotzen genuen maila bera jasotzen, maila eskasagoa zela euskarazko eskola haiena, alegia. Handik hogei urtera, euskara eskola publikora ere iritsi zenean, Alkizako baserritarrengan kezka sortzen zuen beren umeak eskolan euskaraz ari zirela ikusteak: eskolara, umeak, ez al zituzten, bada, erdaraz ikas zezaten bidaltzen?

Gure amak-eta ez zuten kontzientzia politiko handirik, baina gauza bat argi zuten, behintzat, euskara zela gure hizkuntza. Eta hori transmititzeko egin zuten ahalegina ez zen alferrik izan. Gure zeregina izan da hizkuntza ez zuen prestigioaz janztea; ez dakit asmatu dugun horretan. Lana gogotik egin da, baina egiteko asko dago oraindik. Eta, deskuidatzen bagara, orain gaztelaniak duen lekua beste hizkuntza batek hartuko du laster, eta ez da euskara izango: zerk ematen dio hizkuntza bati prestigioa?

Biharamuneko oharra: Gure fakultateko ikasleek olinpiada bat antolatu dute, festa egunerako. Eta formulario bat sortu dute, parte hartu nahi duten ikaskideek bete dezaten. Formulario horretako epigrafeak tankera honetakoak dira: Nombre / Izena, Apellidos / Abizenak, Curso / Kurtsoa… Hizkuntza zehazteko ere eskatzen dute, parte hartzailea ikasketak zein hizkuntzatan egiten ari den jakin nahiko dute, noski: Castellano, Euskera, English. Ordena horretan.