Andu Lertxundiren zutabe zahar bat aurkitu dut gaur, trastelekua txukuntzen ari ginela. Kondoien inguruan dihardu, eta, besteak beste, Zakilixutek kondoiari euskaraz esateko moduen erruletari eragin diola kontatzen du: txapel txikia, zakil zorroa, larru goma, puntta titarea, zuku zakua, pitilin guarda, gabardina, kirten sotana, tentekoa, marmitatxoa… eta beste asko −beste 22, guztira 32 baitira, gehi kondoia− aipatzen ditu, gehitxo euskaldunok larrutan egiten omen dugun gutxia kontuan hartzen baldin badugu. Zakilixut pozik dagoela ere esaten digu aurrerago, Xuxenen erruletak sexgurua eta babesex baino ez omen dizkio arbuiatu eta! Bukaera ere bikaina du Erruleta izenburutu duen zutabeak: Gure mutilak badu, bada, egin beharrekoa zerekin egin. Begiradaren erruletari eragin dio gero, norekin jakiteko…