Duela bost minutu utzi gaitu…, arrebaren whatsappa, oraintxe.
Hari −Mri− heuk bidalitako azkenekoan −betiko azkenekoan−, berriz, ondoloin zuan azken hitza. Ondo lo zegok honezkero! “Gugan bego” esaten ditek orain, duela gutxi ikasia duk.
Inguruko bati baino gehiagori, apaiza zela aipatzean, “fedeak lagunduko ahal dio” edo antzeko zerbait atera zaiek. Bitxia iruditu zaik horrelakorik esatea, fedegabeak izanik, batik bat. Baina, tira: hor zirautek oraindik, nonbait, eta ongi errotuta, txertatu diguten heziketaren sustraiek.
Biharamuneko oharra: Jende onaren bila zebilek segalaria, idatzi dik Bergarako lagunak, bere erantzunean.
Jende ona, izan ere!
Biharamuneko bigarren oharra: Hey, there! I am using WhatsApp. Hala ziok oraindik Mren whatsappeko profilean, edozein unetan haren mezu baikor horietako bat iritsiko zaiala iruditzen zaik. Baina ez, gaur goizean Lk zioen bezala, isil-isilik joan zaiguk; halakoxea zuan, izan ere.
Eta, haren profilean dioena dioela, ez zaik gehiago harengandik ezer iritsiko, ez duk haren irribarrerik berriz ikusiko, ez haren ahots ozenik ostera entzungo ere. Joandakoek gugan uzten duten min hori baino ez zaik geratuko. Eta denborak, ezarian-ezarian, arindu egingo dik min hori; ezinbestean.