Mare nostrum

Beste 500 pertsona hil dira “gure itsaso” horretan. Gurea, itsasoa, aspalditik esaten zaio horrela: baina, gureak ote bertan ito diren bostehun lagun horiek? Guretakoak ote horiek ere?

Bostehun kolpe batez, tanpez. Ez bi hilabetean zehar, tantaka-tantaka, berez –iazko estatistiken arabera behintzat– legokiokeen bezala. Ez, kolpe bakar batez: bostehun; bostehun-eta, akaso. Martxa honetan, lanak izango dira aurten iazko estatistikak lotsagarri ez uzteko.

Siriako haur haren izena duenik ez ote da horien artean? Aylan-ik, Aylan Kurdi-rik ez ote da, bart ito direnen artean? Haurrik izango da, ba, bostehun lagunon artean? Izena edo aurpegia falta, horixe falta, tipula negarren festarako.

Zenbat iraungo luke honelako albiste batek, bostehun horiek Bilboko diskoteka batean hilak balira, eta Aitor edo Elisabete edo Lourdes deituko balira haietako batzuk, esaterako? Edo Parisko zinema batean, eskolatik dokumental bat ikustera joandako haurrak balira, beren maisu-maistrekin batera bonben kepean itotakoak? Edo, baita, luxuzko transatlantiko batean, luxuzko kruzero bat egiten ari zirela hondoratu izan balira ere? Zenbat iraungo luke albisteak komunikabideetan?

Orain badakigu ez duela asko iraungo, berehala geratuko dela atzenduta, beste edozeinek estaliko duela, bihar ez bada etzi: siriarrak, afganistandarrak, irakiarrak… Somaliakoak omen, asko, oraingo honetan. Berdin dio, ez du batere iraungo. Itsusia da eta.