Eh, petrel!, dagoeneko ia erabat ahaztu bazaik ere, liburu gogoangarria Julio Villar donostiarrak munduari bira eman ondoren idatzi zuen hura. Gogoan duk, hori bai, lau urte eta erdi iraun zuen abentura, liburuaren itxura eta azalaren kolore urdina, izenburuaren tipografia zuria…
«Banoa. Askatu ditut txikotak. Bizitza neurea da eta elkarrekin joango gara biok, eskutik helduta».
Hala hasten omen duk liburua, halaxe gogorarazi dizuete gaur iluntzean Astrolabium taldekoek, Lugaritzen taularatu duten E, petrel! Julio Villarrekin solasean antzerki lanarekin.
Bahoa. Hi ere bahoa. Ez dakik ezer askatu duanetz, baina bahoa. Bizitza heurea izango duk, noski. Bahoa… abiatuko haiz behintzat.
Bi hilabete baino gutxiago honezkero, eta gauza pila bat lotzeko oraindik.