Frankfurteko aireportuan hago, Halifaxera eramango hauen hegaldiaren zain. Ametsa amets izateari uzten hasiko zaiok aurki, gauzatzen ez diren bitartean omen dira-eta ametsak amets.
[Goiko lerro horiek idatzita utzi hituen duela astebete, ez duk ikasiko kronika gertakariaren ondoren idatzi behar dela! Ea, saia hadi berriro…]
Frankfurteko aireportuan hago, Halifaxera eraman behar hindukeen hegaldiaren zain. Ametsa amets izateari uzten hasi… eta amesgaizto bihurtzeko zorian izan duk, Loiuko aireportuan bertan.
– Usted necesita billete de vuelta para poder entrar al país; o billete de salida del país, en cualquier caso –derrepente esnatu haiz, ilaran hogei minutu pasatuagatik erdi lo baihintzen oraindik: seiak eta laurden, hegazkineko ateak hemendik ordu erdira itxiko ditiztek.
– ¿Cómo dice? [Ez al zaizu iruditzen, andrea, oso goiz dela adar jotzen ibiltzeko?]
– …
Hurrengo hogei minutuak ez dituk goxoak izan, barauak eta buru zurrunbiloak ez ziaten ikusten ere uzten, zer egin behar da orain, nola, non, norengana… Hobe duk etxera joatea, motel!
Jende ona baduk munduan, ez zegok ukatzerik. Oraindik ere barrez ariko dituk, goizeko ordu haietan Kanadatik irteteko txartel bat behar zuela esanez agertu zaien inuzente harekin gogoratuta, baina esan beharra zegok emakume ziniko samar haren laguntzarik gabe oraindik ere han ibiliko hintzela, hire motxila hartu eta bueltaka, zer egin jakin gabe, seko amorratuta. Zinikoa izango zuan, baina muxuz josiko huen txartel madarikatua lortu duela esan dianean –betarik ez, ordea.
Tira, zer edo zer ikasiko ahal huen gaurkoan; espabilatu beharko duk hemendik aurrera, helburura, edozein dela ere, iritsiko bahaiz.
Oharra: Frankfurt ezagutzera joateko gogorik gabe geratu haiz, ez zaiala han ezer galdu erabaki duk goizekoaren ondoren. Yoga Room bat ere ba omen zegok, luxu eta distira hutsa den aireportu honetan bertan, eta ez zaik gaizki etorriko, akaso, sartu-irten bat egitea.
Bigarren oharra: Argi eta garbi zegok txartelean, ezin argiago: ATENCIÓN: Al entrar en la zona de destino se ha de presentar un billete de vuelta / continuación del viaje o bien un permiso de residencia. En otro caso no es posible la entrada. Kexu izango haiz gero, ikasleek enuntziatuak ez dituztelako behar bezala irakurtzen!
Eerra hasiera, Xabier!
😉
Pozten naiz zure berri izateaz honen bidez. Saltseatzen ibili naiz pixka bat eta … mundiala!
ONDO-ONDO ibili
Txus
Kaixo, Txus:
Badakit ia hiru aste joan direla erantzuterako, baina tira, hobeto berandu sekula ez baino, ala? Aurkitu dut, azkenean, lehen pertsona non erabili blogean: iruzkinen erantzunotan :-). Horren bila ibiliko nintzen akaso…
Bueno, ba, eskerrik asko, eta segi ondo zuk ere. Izango dugu elkarren berri.
X.