Haiek etxean sartuta egon ziren, hilabetez. Haien arazoa diru falta zen, ezin joan, urtero bezala, Marbellara oporretan. Eta zer egingo? Ba familia osoa mercedesean sartu, eta, jende gehienak ikusiko zituen unea aprobetxatuz, herriko kale nagusia alderik alde korritu eta ospa; oporretan, jakina, urtero bezala. Gero, baina, etxera itzuliko ziren ilunpetan, eta inork ere ikusten ez zituelarik, atzeko atetik sartu, atea eta leihoak itxi, eta hilabetea bertan emateko gotortuko ziren. Zer esango zuten, bestela, herrian? Nola aurkeztuko zen Etxebeste jauna alkatetzarako hurrengo hauteskundeetan, oporretan joateko ere pobretuta zeudela agerian utzita, halako lotsaria eman eta gero? Zerbait asmatu beharra zegoen.
Bidaiaria ere kezkatuta dago, bera ez baita hilabeterako oporretan abiatu. Oporretan gabe, bidaia bat egin behar duela esan eta esan ibili da, hainbat hilabeteko bidaia luzea. Eta eutsi egin behar zaio horri orain, jakina. Zer esango dute, bestela, lagunek?
Gaur egun bidaiak birtualak ere izan daitezke. Hor dituzu Wikivoyage, Lonely Planet, Wikipedia, Google… Aise jakingo duzu autobusak nondik irteten diren, zein egunetan, zein ordutan; noiz iristen, non geratzen diren… Aise jakin dezakezu zer gertatu den bezperan munduko edozein bazterretan: albisteak, argazkiak, bideoak… Era guztietako irudiak, toki guztietako argazkiak inguratzen ahal dituzu ipurdia aulkitik altxatu gabe, klik pare batez.
Postalak bidali ez, baina whatsappak idatzi beharko ditu, horretaz ez da libratuko, antisozial bat dela entzun nahi ez badu behintzat. Skype bat ere egin beharko du noizik eta behin, eta bideo kamera pizteko eskatuko diote, gainera; hainbat eszenario prestatu beharko ditu, bada, bere gotorlekuan, ezin agertuko da beti leku berean. Eta selfieen kontua ere aise molda daiteke. Ez, noski, garai bateko fotografoek erabili ohi zituzten hondo dekoratu haiek baliatuz, ez: irudi proiektatu baten aurrean tente jarri eta listo, hor duzu selfiea eginda, atzean Machu Picchu ikusten dela, llama eta guzti. Gainera, asko ere ez ditu beharko, ezagutzen dutenek badakite ez dela oso selfiezalea.
Edonola ere, ez da samurra izango sei hilabete irautea. Ea, ba, oraingoz blog honetako kontuekin eta argazki batzuekin konformatzen zaizkion. Eta gero gerokoak.