Akadia

XVIII. mendean, gaur egun Eskozia Berria dena frantsesen koloniaren parte zen Akadiaren barruan zegoen. Akadiarrak katolikoak ziren, eta, quebectarrak bezala, frantses hiztunak. Garai hartan ingelesak eta frantsesak borrokan ari ziren, ipar Amerikaren nagusigoa nork hartuko. Eta akadiarrek ere ordaindu zuten beren partea borroka horretan, aurretik bertan bizi ziren míkmaq herriak –apaizac obeto bizi zirela euskaraz esaten ikasi zuten haiek– ordaindua zuen bezala, jakina.

Utrechteko Itunaren ondorioz, Akadia ingelesen eskuetara pasatu zen. Halifax 1749an sortu zuten, eta kolono ingelesak ekarri zituzten bertara. 1755eko uztailaren 28an, koloniaren ordezkari eta Halifaxeko gobernadore Charles Lawrencek akadiarrak erbesteratzeko agindua eman zuen, haien ondasunak konfiskatuz. Gehienak Estatu Batuetara eraman zituzten –gaur egungo Louisianako kajunak haien ondorengo zuzenak dira–. Handik urte batzuetara, 1763an, hirurogei bat familia itzuli egin ziren, ordea, Bostonetik, ia 3.000 km oinez eginez. Dena aldatuta zegoen, noski: beren etxeak, beren lurrak, ingeles hiztunen esku zeuden. Asko geratu ziren Eskozia Berrian (populazio osoaren % 3 dira gaur egun, eta beren hizkuntzari eta kulturari eusten saiatzen dira, munduan beste asko bezala), baina beste bazter batzuk bilatu behar izan zituzten bizitzeko; beste batzuek Quebecera, Saint-Pierre eta Mikelune uharteetara eta frantsesa hitz egiten zen beste leku batzuetara alde egin zuten. Bidenabar esan, haien artean bazirela euskaldunak ere, XVI. mendean-eta Ternuan baleatan eta bakailaotan ibilitakoen ondorengo batzuk, esaterako, eta, ikerketa batzuetan ikusi denez, agian uste baino gehiago ere bai (XVIII. mende hasierako Halifaxeko bataio liburuetan ageri omen dira Arosteguy, Bastarache eta Montaury bezalako deiturak).

Historia honek gogora ekarri dizkit, hogeita hamar urte geroago, 1793an, Lapurdiko zenbait herritan armadaren aurkako intsumisioa zabaldu zela-eta Landetara igorri zituzten milaka lagunak. Haietako askok ere, handik urte eta erdira itzuli ahal izan zirenean, beren etxeak besteren esku topatu zituzten.

Kolonialismoaren egiteko manerak, nonbait.