Monterreyn ez dago ibiltzerik, hango beroak zapaldu egiten du bat. Centro histórico esaten dioten aldera jo, eta kristaurik ez kaleetan. Turistengandik ihesi beti, bidaiariak eskertuko luke bakarren bat bistan oraingoan. Mapetan azaltzen den turismo bulegoa ere urtu egin da, antza, bero sapa honen mende, ez da inon ageri. Hiri industrial hau DFrako bidean pasoko lekutzat hartzea pentsatua zuen, eta halaxe izango dela iruditu zaio.
Arratsean, halere, freskatu egin du, nolabait esateko, eta atseginago geratu da buelta bat emateko. Makroplaza –hala esaten diote erdialdeko plazari– oso argi bereziak blaitu du bat-batean, eta Faro del Comercio gorriztak sekulako kolore ederra hartu du. Mutil gazte bat hurbildu zaio, eta luze jardun dute hizketan, aiseago moldatzen da orain bidaiaria. Goiz etxeratu da; mutilak eskualdea aspaldi honetan “lasai” dagoela esanagatik, bestelako inpresioa jaso du bidaiariak hotelerako bidean, polizia militarrak –bizpahiru patruila, goraino armatuta– espaloitik paseoan ikusi dituenean.
Biharamunean, bi egunerako erreserba baitzuen hotelean, Fundidora parkera jo du goizean, besterik ezean. Orain parkea den eremu horretan, labe garaiak zeuden duela 30 urte arte. Eredugarria, zer egin duten bertan: egun osoa irten gabe emateko moduko parke zabal eta txukun askoa. Berdea, berez lehorra den parajean; urmael txiki bat eta kanala, txalupan ibiltzeko; kirolak eta ariketa fisikoak egiteko guneak; bizikletak alokatzeko zerbitzua; zuhaizpe zabala paseoan ibiltzeko, industria astunaren hondakin herdoilduen edertasunaz gozatuz; erakusketa aretoak, fototeka, zinemateka, liburutegia eta liburu denda, eraikin industrial bikain birmoldatuetan.
Bideo instalazio batzuk eta Julio Galán (1958-2006) margolari mexikarraren erakusketa antologikoa ikusi eta gero, Horno 3 delako labe garaia bisitatzera joan da.
Hirugarren labe horren azpian teknologia museo interaktibo bat jarri dute, altzairuaren produkzioaren ingurukoa, haur eta nerabeei zuzendua batik bat; ederra orobat, behar denean txikitako begiez baliatzen dakiten helduentzat. Eta aipagarria labe garaia bera nola dagoen prestaturik ere, horrelako bat kanpotik baino ikusi ez duenari zerikasi ugari eskainiz.
Fundidora de Fierro y Acero de Monterrey zen paraje horretan egondako enpresa, 1900ean sortu eta kiebra jo arte, 1986an (9.000 langile lanik gabe utziz). Neguriko sosek –eta hemen sortutakoek– makina buelta egin zuten, handik hona eta hemendik hara, urte horietan guztietan (Antonio Basagoiti Arteta bat ageri da, Fundidoraren lehen administrazio kontseiluan: Mexikon dabil beste hura orain, ezta?).
Industriaguneak egondako tokiek zer-nolako aukerak eskaintzen dituzten ikasteko leku egokia da Parque Fundidora, inondik ere. Eta gogoa haurtzaroraino joan zaio bidaiariari, han ibili den denboran.
Antigua auzoko gune zabala hartzen zuten Lizarriturry y Rezola, xaboi fabrikak, Cervezas El León-ek eta Chocolates Suchard-ek. Auzo langile eta euskaldun hartako hiru fabrikotan gizon eta emakume askok egiten zuten lan. Oraindik ere, atzera begira jarri eta ikusi egiten ditu, lanera bidean, México 68 zioten kirol poltsak hartuta –eta hain modernoak ez ziren beste batzuk, luzexkak, zilindrikoak, goiko aldean zuten soka batez estutu eta ixten zirenak–, lanaldi luzeak egiten baitzituzten, eta mokaduren bat eraman behar, jateko. Oraindik ere sentitzen ditu auzo osora zabaltzen ziren eguerdiko tutu hotsak, tximinietako keak, txokolate-garagarren usaina; dena nahasian sentitu ere.
Fabrika haiek kendu zituztenean beste zerbait egin izan balitz bertan, Fundidorarekin Monterreyn egindakoaren antzera, esaterako –hor dago, bai, Donostian Tabakalera; baina Fundidorak beste munta bat du, ez da eraikin bakar bat–, beste moduz gorde zatekeen XX. mendeko Antiguaren historia, eta, batez ere, Antiguako langileen historia. Parkean, Horno 3 martxan jarri dutenean, bisitariei labe garai bateko jarduera zertan datzan erakusteko, eskuin aldean zegoen pantaila erraldoi batean langile ohi askoren argazkiak azaldu dira, eta batzuen ahotsak entzun ere bai: haiei hizketan entzunda, Lizarriturryn ibili zituen osaba-izebak etorri zaizkio gogora bidaiariari.
Baina ez: Antiguan, dena eraitsi, etxeak eraiki, eta Benta Berri bataiatu zuten –gertuko plaza bati izena ebatsiz– fabrikak egondako lekua. Beste klase bateko jendeak betetzen ditu orain hango tabernak igande eguerdietan, eta, baxoerdi eta txurien ordez, marianitoak eta berdejoak eskatzen dituzte.