Orain arte hor ibili haiz klase guztietako autobusetan, lasai, edozein izkinatan geratzen ziren kamioietan, hemen esaten dieten bezala, jendea gora eta behera zebilela; kezkarik batere gabe, lasai asko.
Baina irakurtzen hasi haiz, erosi dituk egunkariak, aurkitu duk informazioa… Eta, gaixotasun bat izan eta Interneten informazio bila hasten garenean bezalaxe, errealitate gordinaren berri-edo jaso duk; ezjakintasunak berezkoa duen ausardia txepeltzeko adina. Kontua ez duk txantxetakoa, egunero-egunero gertatzen dituk asaltoak Mexikoko autobusetan. Jende armatua sartzen duk, eta daramaten guztia kentzen zietek bidaiariei. Hildakoak ere suertatzen dituk, lapurrei baten batek aurre eginez gero haiek ez dutelako arazorik tiroka hasteko.
Prentsaren horitasuna aipatu dik baten batek, honetaz hizketan hasita. Horren jakitun hintzen lehen ere, bazegoela horretarako joera inguru hauetan, sentsazionalismoa eta morboa beita onak izan baitira beti egunkariak saltzeko. Baina La Jornada-n irakurri dituk hik irakurri dituanak, eta ez duk, preseski, egunkari hori bat. Duela bi egun argitaratutako artikulu batean, non salatzen diren azken boladan Mexiko Estatuan gertatutako hainbat kasu, honako hau zetorrean, adibidez:
Duela gutxiko kasu bat ekainaren 7an gertatutakoa da, Mexiko Hiritik San Luis de Potosí-ra zihoan eta Enlaces Terrestres Nacionales (ETN) enpresarena den autobus batean. Querétaro-rako autobidean bidaiariei beren gauzak ostu zizkieten, eta R.M.O.M. [egunkarian izen-abizen guztiak osorik datoz], A.M.M. diputatu priista ohiaren emaztea bortxatu egin zuten.
Emakumeak salatu egin zuen erasoa, eta poliziak R.M.G. atxilotu zuen eta Cuautitlán-eko espetxean sartu.
Hori bezala beste kasu batzuk ere aipatzen ditiztek, non ez gutxitan tiroka hasten diren autobus barruan, eta hildakoak eta zaurituak gertatzen diren, lapurren edota pasaiarien artean. Baita bidaiarien artean erasotzaileei armak kendu, eta lintxatu dituzten kasuak ere. Gidariak lapurrekin bat eginda dauden kasuak ere ez omen dituk gutxi. Artikulu horretan, eta horrekin batera egunkari berean datorren beste batean, egoeraren onartezina salatzen ditek, eta agintariei neurriak har ditzaten eskatzen.
Eta beldurra itsatsi zaik gorputzean, jakina. Beldur fisikoa ere bai, nola ez, baina esango huke ez dela hori okerrena. Argazkiak, sakelakoan eta tabletan duan informazio guztia, tresneria bera: behin bidai erritmo hau hartuta, jakingo al huke horiek denak gabe moldatzen? Hortxe, aukera, agian, gehiago irakurtzeko… baina ez duk hori kontua, noski.
Zer egiten da beldurrari aurre egiteko? Hitzetaratu? –horretan ari haiz oraintxe, idazten, nahiz eta erabaki hemendik egun batzuetara argitaratzea, argitaratzekotan–. Hasteko, onartu beldur haizela, baina, batez ere, ez utzi izuak kontrolatu hazan. Beldurra, eta bakarrik egonda. Baten batekin hitz egiteko premia larria sentitu duk, baina nori esango diok ezer? Zertarako inor kezkarazi? Alferrik lukek, erabat.
DFko turismo bulegoak ez dituk izugarriak; eta harritzekoa duk, ikusita beste gauza batzuk, museoak, esaterako, zer ondo dauden antolatuta; edo taxi “seguruen” zerbitzua, autobus geltokietan. Baina, hik dakiala, hiriburuko erdialde historikoan informazio kiosko ziztrin bi baino ez zeudek, Zócalo plazan bertan, katedralaren alde banatan. Bat itxita zegoan, bazkaltzera joanak, nonbait, eta bestera jo duk. Egia esan, ez dakik oso ondo zeren bila hindoan, eta halaxe gertatu duk: ez duk deus ere lortu. Galdetu egin nahi huen, ea Pueblara autobusez joateko –DFtik Pueblarako bidea baita, asko aipatzen dutena asaltoei buruzko albiste horietan–, zer gomendatzen ziaten. Eta erantzuna, espero izatekoa zena: non hartzen diren autobusak, non dagoen geltokia. Zer nahi huen, ba, haiek esatea? Hire kezkak aitortu, eta, jakina, zorte kontua dela hori, zer esango ziaten! Enpatia pixka baten bila henbilen, beharbada, baina ez duk askorik lortu.
Azkenean, taxilari jator batekin jardun haiz hizketan, eta, nahiz eta zortea aipatu hark ere, esan dik DFn 27 urtez ari dela taxiarekin lanean, eta ez dutela sekula asaltatu. Hori entzuteak on egin dik, hara, ez huen besterik behar, nonbait –kontu bat eta bestea desberdinak diren arren.
Aurrera. Pueblara joan nahi duk, eta autobusez izan behar dik, ez baitu ematen trenik dagoenik. Diotenez, segurtasun handiagoa zegok zuzeneko zerbitzuetan, autobusa ez baita inon geratzen bidean. Interneten aurkitu duk bat txukuna, nahiz eta egunkarian behin baino gehiagotan aipatzen zuten konpainiakoa izan. Ejecutivo esaten dioten motako txartela erosi duk, eta luxuzkoa ez zegoelako ordu horretan. Hamaika euro, bost ordaindu beharrean.
Nuevo Laredo maite arren Laredokoa denaren kontraesana, hori etorri aurretik ere bahekien. Eta lasaitu ederra, geltokira iritsi eta segurtasun neurriak ikusitakoan: gustura sentitu haiz, metalak detektatzeko arkupetik iragan ondoren, eskuzko detektagailua ere gorputz osotik pasatu diatenean.
Autobusean, jende gutxi: modernoa eta erosoa, Irizarren egokitua; Coca Cola eta fruitu lehorrak biderako, konpainiaren cortesía; film aukera polita, nork bere mugikor edo tabletan ikusteko moduan, streaming bidez. Kanadan eta AEBko autobusetan ere ez zaik horrelakorik tokatu, aberatsen pare joan haiz –halaxe haiz eta.
Hala ere, oraingoan ezin izan duk lan handirik egin bidean: tableta motxilan sartua huen, badaezpada ere, maletategian seguruago joango zelakoan.
Oharra: Paranoia zertxobait baretu zaik Pueblan egon haizen egunetan, eta normal erabili dituk autobusak, bertan mugitzeko, hurbileko Cholulara joateko eta abar. Itzuliko bidaia ere, Pueblatik DFra, lasaia izan duk, nahiz eta nahi huen orduan luxuzko edo ejecutivo motako zerbitzurik ez zegoen.