Bidean berriz, bide berrian: Costa Rica utzi eta Panama aldera gaur gauean bertan, autobusez.
Eta berriak bidean:
- Mediterraneoan ehunka lagun itota berriz, azken astean.
Ez, nahastu egin haiz, albiste horrek baditik hilabete batzuk, ez duk berria… baina izan zitekean gaur goizekoa, zergatik ez. Ez lukek, baina, luzaz izango lehen albiste egunkarietan, urrutiko beren etxeetan baino ez baitituzte hildako horiek banan-banan kontatzen –gureetan saldoka kontatzen ditiagu, abelburuak bailiran, zenbakia izen eta jatorria abizen. - Italia erdialdea astindu dik lurrikara batek.
Hildakoen kopurua laukoiztu egin duk idazten hasi haizenetik hona (gutxienez 120, oraintxe), gehiago izango dituk seguru. Izen-abizendunak hauek, hala behar dik gizalegez. - Gizonezko bat atxilotu ditek Bilbon, bikotekidea jotzea egotzita.
Beste bat. - Bi gizon atxilotu ditiztek Bilbon, hiru andreri sexu erasoak egitea egotzita.
Eta beste hiru. - Emakume bat jantziak eranztera derrigortu dik Poliziak Nizako hondartzan.
Beste sexu eraso bat ote, hau ere? Erotzen hasita al gaude? - Nafarroako bide seinale askok gaztelaniaz jarraitzen dutela salatu ditek.
Bazegok premia, badagoenez! - Otegi hautaezina dela erabaki dik Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak.
Hemendik aurrerakoa ezaguna duk: tira eta bira, hitz eta pitz, arre eta so, ika eta mika, ele eta mele… arma, tiro, Konstituzionala, pum! Beste behin egingo ditek tiro, beste behin enoratuko ditek beren zuzenbidezko estatu delako hori. Baina alfer-alferrik zebiltzak –nolako kaltea egiten duten, ordea!–: noiz ikasiko ote dute herri honetan beti sortuko direla besteak, beti jaioko direla borroka horretan iraungo dutenak, enbor beretik jaio ere? Aupa eta animo, Maddalen (hara, Mandela-ren anagrama, bustidura eta guzti!), Irabaziarte! - …
Zaharrak berri, bistan denez. Edo… mailak gaindituz ote goaz, egunetik egunera?
Autobusa abiatu duk, ea goizaldera iragan beharreko muga horrek zer berri dakarkian.
Costa Ricako argazkiekin oihanaren testuan emandako adjektiboetatik asko sentitu dizkiat. Azkura falta agian? Gero pentsatu diat … eskerrak sentitutako horiek guztiak fikzio besterik ez diren! Eta orain, honetara etorriz, zera datorkit burura, ez al dituk hobeak izango fikziozko sentipen horiek errealitate gordina baino?
Hiretzat noski, kontakizun eta argazki eder gehiagori bide ematen dien errealitate ederra opa diat. Hartatik gozatzea espero baitiat nik ere!
Ea hala gertatzen den.
Argazkiak, ez ote dira izenak gehiago adjektiboak baino? Ez da erraza adjektiboen ñabardurak argazkien bidez transmititzea, ez behintzat adjektibo batzuek adierazten dituztenak. Nola adierazi irudi baten bidez lizuna, betierekoa, hilgarria? Nola adierazi mugagabea bera, argazki baten funtsa –eta zentzua ematen diona– airea, espazioa, mugatzea denean?
Azkura ez da ageri, ez, ez adjektiboen zerrendan eta ez argazkietan ere. Baina bai, oihanean sentitu, sentitzen da, nola ez, inguruan moskitorik ez izanagatik edozein zomorro ikustatzeak sentiaraziko dizu batzuetan. Azkura sentituta ez ezik, saltoren bat edo beste ere emanda nago, adaskaren batek lepo aldean –eta ustekabean– egindako laztanak eraginda.