Oporretan Costa Rica izeneko errialde batean egon naiz aitatxokin ta amatxokin. Hegazkinean joan ginen, ordu asko oso luzea. Costa Rica oso polita da, berde-berdea eta itsasoko ura oso epela da. Autotik arbolak eta arbolak ikusten ziren denbora guztian. Oihana esaten diote baina neretzako basoa da. Hori bai, animalia gehiago ikusten dira han hemen mendian baino.
Amatxo eta biok tirolinan ibili ginan basoko zuhaitzen gainean. Aitatxo ez, oso beldurtia delako. Tirolina oso luzea zen, eta abiadura haundia harrapatzen zenuen, baina amak esaten zuen ez zegoela arriskurik oso ondo lotuta gindoazelako. Arratsaldero euria egiten zun, zaparrada haundiak, eta horregatik oso goiz jaikitzen ginan goizean, hori zan txarrena, egun osoa logaletuta egoten nintzan gero. Moskito asko daudela esaten dute eta horregatik kolonia botatzen genuen iluntzean, ez pikatzeko.
Manuel Antonio izeneko leku batera joan ginen, baina nik uste dut bere izena Monuel Antonio dela tximino asko daudelako. Arboletan ibiltzen ziren adarretik adarrera saltoka ta ohiuka. Lau motatakoak ikusi genituen. Txikienak tití izena zuten, eta gosaltzen ari ginela hoteleko piszinan azaldu ziren. Ez zuten ezer egiten, baina kaka ta pixa egiten zuten mahaien gainean eta turistek parra egiten zuten baino ez zitzaien gustatzen. Horixkak ziren, oso politak eta oso sinpatikoak. Gero kaputxinoak zeuden, aurpegi txurikoak, bastante gaixtoak, motxilan zeneukan guztia lapurtzen saiatzen ziren, kremailerak irekitzen ere bazekiten!, eta ez bazenien uzten haserretu egiten ziren eta ortzak erakusten zituzten. Hirugarren motakoak ziren haundienak, eta orroka egiten zuten, eta nik aitatxori heldutzen nion fuerte aditzen nituenean, a ze bildurra! Gero isiltzen ziren eta kilkerrak entzutzen ziren berriz. Eta gero zeuden nagiak, perezoso esaten zieten erderaz, adarretik zintzilik egoten ziran beti gehienetan lo. Bi hatzekoak ta hiru hatzekoak daude, ezberdinak dira. Hangoak esaten dute horiek ez direla tximinoak, baina bai dira, oso tximino alferrak eta motelak. Eta oso jatorrak, horiek bai.
Sugeak ez genituen ikusi, baina sugandila handi batzuk bai, iguanak, buruan gandorra eta guzti zeukaten, eta banana jaten zuten eman ezkero. Igel txikiak ere baita, batzuk pozoitsuak, eta koloretako tximeletak asko. Eta ibai baten ertzean, eguzkitan etzanda, krokodiloak edo aligatorrak, ez nago seguru zer ziren, amatxok esan zuen gutxienez berrogeita hamar zeudela. Argazkia erakutsi behar diot Xabiertxori ta galdetuko diot ea badakien zer motatakoak diren, aligatorrak ala krokodiloak, hark ondo ezagutzen ditu etxean dokumental asko ikusten dutelako. A, ta hondartzan mapatxeak ere ibiltzen ziran korrika, oso parregarriak, antifaza daramate begietan ta lapur hutsak dira horiek ere. Baina buila egiten badiezu alde egiten dute, eskerrak.
Sumendiak ere ikusi ditugu baina sutan ez, ezta kerik ere. Behin kraterra ikustera joan ginen, eta ez ziguten utzi beera jexten, pena eman zigun.
Hotel batzutan ingelesez hobeto hitz egiten zuten espainolez baino, eta aitak esaten zuen ori etzala normala. Diruak ere bi erabiltzen dira, dolarrak ta koloiak. Gurasoei nik laguntzen nien batzutan kontuak egiten, bi txanpon horiekin nahastuta ibiltzen ziran ta. Ikusi ez deguna indioak dira, ba omen daude, baina beraien herri txikietan bizitzen dira, mendian, eta bideak oso-oso txarrak dira. Elizak eta museoak ere oso gutxi ikusi ditugu aurten, esaten zuten itsusiak zirela. Ni pozik, beti bezelakoak zirelako, aburrituak.
Oso ondo pasa dut oporretan, hondartzan ibili gara batzutan, eta piszinan ere baita. Orain txarrena da aitatxok eta amatxok beti nahi dutela han egindako bideoak ikusten egotea, eta neri ez zait gustatzen, oso luzeak diralako ta ez dalako ezer ikusten, eta aspertu egiten naiz.
Oharra: Esker mila Ari, blogoeta honen izenburuaren erruduna bera baita. Izenburutik eratorritako ideiaren eta haren garapenaren errudun bakarra, ordea, bidaiaria bera da.
Bigarren oharra (2022-05-12): Blogoeta hau izan da, blog honetan, orain arte bisitaldi gehien izan dituena, alde handiz. Bloga argitan denetik gaur arte, 659 bisitaldi izan ditu guztira. Ez dakit irakasle jendeari ezer esango dion datu honek, baina iraila, apirila eta urtarrila dira bisitaldi gehien ageri dituzten hilak 😉 . Lastima, ortografia aldetik behintzat —ez eta beste alderdi askotatik ere— ez baita, inondik ere, blogeko sarrerarik eredugarriena!
Ederra! Aitatxo bezain beldurtia den amatxo
Eskerrik asko, Aitziber.
Xabier.