05:08 AM: Iritsi zarete Costa Ricak Panamarekin duen mugara: Paso Canoas. Autobuseko argiak piztu ditiztek eta txoferraren laguntzailea argibideak ematen ari duk, batetik irtetean eta bestean sartzerakoan gauzak nola joango diren azalduz: Tenemos que desabordar para que la policía pueda revisar el autobús.
Egun-txinta duk, txoriak ere esna zeudek dagoeneko, txio serenata ederra ematen ari dituk autobusetik jaitsi zaretenean.
05:45 AM: Costa Ricako irteerako leihatilak itxita jarraitzen dik, eta inork ez dik esaten zeren zain zaudeten hemen, gaupasako gorputzaldi txar horri eutsi ezinik.
Costa Ricako jiu-jitsuko selekzio nazionalekoak iritsi dituk beste autobus batean, zuen atzean jarri dituk ilaran; banderaren koloreko txandalak zeramatzatek soinean.
06:01 AM: Leihatila zabaldu ditek, horixe zuan ordua, nonbait. Txoriak isildu dituk, gosaldu duten seinale; autobuseko bidaiariek ez bezala.
Costa Ricatik lurrez irteteko 7 dolar ordaindu behar duk, gehi beste bat Ticabus-ekoei, gestioa egiteagatik. Zigilua pasaportean eta aurrera.
Paso Canoas dik izena mugaguneak, baina ibairik ez: hirurehun bat metro oinez egin beharra zegok, Panamako muga postuetara iristeko. Txakurrak lotan zeudek oraindik, kale erdian etzanda.
06:27 AM: Panamako sarrerako leihatiletan, ilara luzeak berriz. Leihatiletako batean: Salvoconducto indígena. Permiso vecinal. Zalantza egin duk, baina ez, hori ez duk hiretzat: segi aldamenekora, Entrada / Entrance dioenera.
Ilaran zaudetela, emakume bat etorri duk eta estanpatxo bat erantsi dizue pasaportean denoi: Sello turístico, dolar bat. Ez dik ematen timoa denik, bestela hi bezalako inuzente asko zegok munduan.
Oharra: Agiri guztiak betetzean España jarri duk, noski, jarri beharreko lekuetan. Ez duk ahazteko Nikaragua sandinistako ofizial batek egindako errieta, duela hogei urte baino gehiago Managuako aireportuan, País Vasco (edo Basque Country, auskalo) idatzi huelako. Beste garai batzuk zituan, eta heu ere gazteagoa.
06:55 AM: Txanda iritsi zaik, leihatila aurrean haiz: Buenos días. Ofizial panamarra neska gaztea duk, ezpainak anpolai, betaurreko modernoak, irribarre eta hitz gutxikoa. Pasaporteari begiratu labur bat, eta aurreneko hitzak: «¿Billete de regreso a España?». Izerdi hotza, tropikoko goiz epeltzen hasian. «No, mire, es que…». «Usted debe presentar un billete de regreso a España para que le pueda dar entrada en el país». «Yo no regreso a España (por ahora), voy hacia Sudamérica, tengo la reserva de un vuelo de Ciudad de Panamá a Medellín para el día 4 de septiembre». Segundo erabakigarriak, luzeak (are izerdi hotzagoa)… harik eta hitzik gabeko keinu batez adierazi dian arte ea zeren zain hengoen, erakusteko behingoz aipatutako erreserba hori! Erreserbaren historia luzea duk, blogoeta honen bukaerako oharrean zetorrek laburtuta; baina kontua duk azkenean beratu dela ofiziala, eta, bere betaurrekoak hatz batez ukituz, adierazi diala heureak kentzeko, argazki kamera prest zeukala une historiko hau erregistratzeko: argazkia atera, zigilua jarri eta aurrera! Uf, hau lasaitua!, hurrena arte noski (baina pentsatzen hasita hago ez ote den hobe izango itzulerako txartel bat erostea behingoz, hau ez dela munduan ibiltzeko modua, edozein egunetan hor geratuko haizela aurrera egin ezinik: itzulera nondik, ordea?).
07:23 AM: Autobuseko guztiak pasatu dituk bigarren leihatilatik, aduanako tramiteak geratzen zaizkizue orain. Horiek beste gela batean egiten ditiztek: pasarazi zaituztete barrura zuen puska guztiekin, eta ateak ixteko agindu ditek. Ikasturteko lehenbiziko eskola eguna zirudik, eta irakasle graziosoa aurrean: «Pasen adentro y cierren la puerta, aquí caben cincuenta parados y cincuenta de pie» (aulkirik ez zegok, jakina, “irakaslea” eserita dagoena izan ezik). Zerrenda pasatu dik: “Presente!” erantzun behar duzue, Noriegaren garaian bezala; ozen, gor samarra baita tipoa.
Gero, aduanako agiria nola bete behar den adierazi dizue, xehetasun handiz, eta edozein zalantza izanez gero galdetzeko esanez. Ikasle onek bezala, ez duk galdetu hire helburuko hiria zein probintziatan zegoen, eta gero papera jaso duenak ez zegoela ondo beteta aurpegiratu dik. Tira, hori izan duk dena, eta azkenean, motxila eta maleta guztiak ondo miatu eta gero, autobusera igotzen utzi dizuete.
08:15 AM: Hiru ordu luzeren ondoren, martxan jarri duk berriz autobusa. Panaman 09:15a duk dagoeneko. Ticabus-ekoek gosari eskas bat eskaini dizuete bidaiari gosetuoi.
Oharra, Panamatik Medellinerako hegaldi txartelari buruz: Ikusita muga guztietako arazoa izango dela, eta Panaman sartzeko zer eskatuko zioten jakinda, bidaiaria Kolonbiara nola joan pentsatzen hasi zen, Costa Rican zegoela. Aukera hauexek zituen:
- Lurrez: Ia ezinezkoa eta arriskutsua (Darién-eko oihana zeharkatzen saiatzeko abenturero handia izan behar da); Errepide Panamerikarra ez dago osatuta tarte horretan, eta, diotenez, droga trafikoa da arrazoietako bat.
- Itsasoz: Hori zen aurreneko asmoa, baina Panamatik Kolonbiara zegoen ferrya ez dabil orain, auskalo zergatik. Badago belaontziz pasatzea ere, hiruzpalau egunetan, Karibeko San Blas uharte zoragarrietan egun pare bat emanez. Hala ere, aukera hori ere ez zegoen oso argi, eta baztertu egin zuen.
- Hegazkinez: Aukera bakarra. Eta erreserba egin zuen, Panama Hiritik Kolonbiako Medellinera, horixe baitzen aurkitu zuen egokiena eta merkeena.
Erreserba konfirmatzea falta zen, ordea: Pending. Eta biharamunean, konfirmazioa iritsi zenean (Confirmed), bidaiaria ez zen jabetu joan-etorriko txartel bat zela konfirmatu ziotena: irailaren 4ean, Panama City-Medellin, berak eskatu bezala; eta irailaren 27an (???) itzulera, Medellin-Panama City, informatikaren auskaloko erroreren bat zela medio (edo batek daki zergatik!). Eta ez zen horretaz jabetuko harik eta txartela inprimatzera joan zen arte, Ticabus-a hartu behar zuen egunean bertan.
Kolonbiarako joaneko txartela ona da Panaman sartzeko, bidaiaria ez datorrela bertan geratzeko asmotan adierazten baitu nolabait. Kolonbiarako joan eta etorriko txartela, aldiz, ez da hain ona gauza bera frogatzeko. Zer erakutsi mugan, horixe buruhaustea! Soluzio ona-edo, mugan gertatu zena ikusita behintzat, hauxe izan zen: bi mezuak inprimatu bata bestearen atzetik, eta aurrenekoa erakutsi anpolaiazko ezpaindun ofizialari, Pending hitzak arreta emango ez zion esperantzan. Arreta eman zion edo ez zion, ezin jakin, baina kontua da ez zuela ezer esan, eta bidaiaria Panaman dagoela jada.
Nahi gabeko ondorioa da Kolonbian sartzeko arazorik ez duela izango gero (onenean, akaso!), joan-etorriko txartel batekin gauzak leunago joan ohi baitira ditxosozko mugotan.
… eta hori Euskal Herritarra (edo espainiarra, paperetan) izan eta laneko baimen batekin joanda! Nolakoak izango ote dira ihesean doazenek pasa beharrekoak!
Nola nahi ere, badago beste aukera bat, guk duela urte batzuk, Perutik Boliviara sartzean Boliviako leihatilan pasaporteari zigilua jartzea ahaztu genuen. Honek herrialdetik irteterakoan ematen ditu arazoak ordea! Gure kasuan, euro edo dolar batzuekin konpondu ziren, baina nork daki gaur egun nola konpontzen diren.
Egun batzuetan muga konturik ez eta izerdi gutxiago egingo duzu behintzat.
Besarkada bat
Ba bai, politikariak aho bete mintzatzen dira pertsonen zirkulazio libreaz, baina gezur handiagorik ba ote da?
Eta herrialdetik irteterakoan zigilatu behar hori dela-eta badut bat, ederra, egina: AEBn sartzerakoan besterik ez zidaten esan, Mexikora pasatzean ahaztu gabe entregatzeko pasaportean erantsi zidaten agiritxoa, bestela hurrengoan arazoak izango nituela AEBn sartzeko berriz; eta ez nuen egin, Laredotik Nuevo Laredora pasatzean erdi lo nengoen eta.
Nire ustez, Kafka motz geratu zen. Hobe esanda, berak idatzitakoa pentsaezina zen, eta berak asmatu behar izan zuen; fikzioa zen. Gai izan zen unibertso hori sortzeko. Orain, ordea, batzuk ez dira gai agindutik edo irakurtzen dutenetik haratago joateko. Badirudi ez dutela pentsa nahi, errazago bizi dira.
Errealitateak fikzioa motz uzten dik askotan, Patxi, badakik hori.