Irakurri duan guztia, Mompoxera etortzea erabakitzeko, denboran geratutako herri bat dela izan duk; eta literatura hutsa zela pentsatu huen. Hala ere, edo horrexegatik, obsesioari ihes egin ezinik-edo, etorri egin haiz.
Zer du, ba, Santa Cruz de Mompoxek honela erakartzeko? Egia esan, deus ez. Kolonbiako herri txiki bat duk, kolonia garaikoa, Magdalena ibai mitikoaren ertzean baratua; ibai ertzean baratutako krokodilo bat nola, intereseko zerbait albotik iragan arte mugitzeke jarraituko duena, antza. Baina erakarri egin hau; eta ibaitzarra izan duk, segur aski, tira egin diana.
Iritsi orduko, estreinako galdera heure kolkoari: Zer egin behar duk hemen lau egunetan? Arratsaldeko hiruretan, Cartagenatik ekarri hauen autobusak kale kantoian utzi hauenean, ez zegoan giro, ez zegoenez. Hogeita hamar gradutik gora aise, haize izpirik ez, inor ez begi bistan. García Márquez-en La siesta del martes ipuinarekin gogoratu haiz: andrea eta neskatxa trenetik jaitsi, eta, eguzkipe latzean, lo dagoen herriko kaleetan barrena abiatzen direneko hura etorri zaik akordura.
Hoteleko freskuran babestu haiz lehen orduetan; iluntzera zihoala ausartu haiz berriz irtetera.
Lehen inpresioak irakurritakoa baieztatu dik. Mompox Magdalena ibaiaren uharte batean zegok, eta isolatua geratu duk. Garai batean ibaiko nagusi izandako herriak gainbehera handia jasan dik duela 150 urtetik hona. Baldorba bezala, hau ere madarikaturen batek baztertu dik bidetik, eta, kasu honetan, ibaia bera izan duk: XIX. mendearen erdi aldera Mompoxen aldeko ibai besoko uren emaria urritu egin zuan, eta koloniaren garaitik jasotzen zuen trafiko guztia ibaiaren beste beso batera bideratu zitean, ezinbestean. Eta ontzia zenez hona iristeko modu bakarra, Mompox ia isolatua geratu duk mende eta erdi batez (zubia egin dutela ez dituk urte asko; abioneta txikiak hartzen dituen aireportu koxkor bat ere ba omen zegok orain gertu).
Eta ibaiaren uhartean nola, denboraren uharte batean ere badagoela otu zaik, isolatua horretan ere. Kalean habilela jende guztiak egiten dik kasu, ez duk inor aldamenetik pasatzen ezer esan gabe. Bizikletak eta motoak ageri dituk kalean batez ere, isokarroak ere ugari, zalgurdiren bat edo beste, lau gurpileko auto gutxi –hala ere, kale nagusiaren argazki bat egiteko bazter batera alboratu behar izan duk, erdi-erdian ageri zen telefoniako antenen dorrea saihestearren: segapotoak ailegatu dituk Macondora ere!–. Kaleek Andaluziako zenbait herritako kaleen antz handia ditek, zuria dagoeneko gristen –edo horitzen, edo berdetzen– hasia bada ere. Ibaia zoragarri zegok ilunabarrean, eguzkiaren azken izpiek urre epelez jantzi ziotek beste aldeko ertza.
***
Mompoxen egon haizen egunetan historian murgil ibili haiz, iragana baita Mompox oraina baino gehiago.
1810ean aldarrikatu zitean mompostarrek Espainiatiko independentzia; Cartagenakoek baino lehenago, beraz. Ez dakik inork sinetsiko dian, baina ez duk propio egiten, nahi gabe topatzen ari haiz Espainiaren mendekotzatik askatzen lehenengoetakoak izan ziren herriekin. Gainera, hiribildu honen fundazio data 1537ko maiatzaren 3a duk1, kasualitate hutsa hori ere.
Mompoxek Simon Bolivarren joan-etorriak ezagutu zitian, herrian independentziazale asko zegoela jakinda honaxe etorri baitzen caracastarra soldadugaien bila; baita 400 mompostar errekrutatu ere, bere kanpainetara eramateko. Hori 1812an gertatu zuan, abenduan. Bolivarren Harria deritzoten harlauzan zeudek Bolivarrek herrian egin zituen egonaldi laburren zehaztapen guztiak. Caracasi bizia zor bazion, loria Mompoxi zor ziola, hala esan omen zian Askatzaileak.
Bolivarren estatua dagoen plazatik gertu, berriz, beste plazatxo batean, Policarpa (edo Apolonia) Salavarrietarena zegok, La Pola, independentistentzat –Bolivar eta De Paula militarrentzat, besteak beste– espioi lanak egiten ibilitakoa, eta Bogotan fusilatu zutena bere senargai Alejo Sabarain eta beste zenbait abertzalerekin batera. Salavarrieta pertsonaia garrantzitsua duk Kolonbiaren historian, eta egungo 10.000 pesoko billeteetan haren erretratua agertzen duk.
Historiatik ez ezik, literaturatik ere badik Mompoxek, inondik ere. Heriotza iragarritako baten kronika filmaren eszena batzuk hemen filmatu zituan, eta ezin egokiagoa iruditzen zaik lekua horretarako. Eliza aurrean estanpak saltzen dituen Roque Juliok harro kontatzen dik pelikulan parte hartu zuela. Hogeita hamar urte joan dituk harrezkero, baina ez dik oraindik ikusi: “Por allá creo que la están poniendo”, esaten dik, umil, hire herrialdea aipatuz edo. Zer paper jokatu zuen galdetuta, ontziari dei egin behar ziola gogoratzen dik, ibai ertzean jarri eta ontzikoei oihu egin. Hobeto gogoratzen dik ordaindu ziotela lanagatik, eta, batez ere, Ornella Muti egon zela herrian egun haietan –hi ere gogoratuko hintzateke horretaz!
“Koleraren sasoian”, berriz, Florentino Ariza eta Fermina Dazaren arteko amodio istorio sukartsua, luzaz ezinezkoa zirudiena, Magdalena ibaian gora zertzen duk azkenean, eta ibaiaren patuarekin bat egingo duela zirudik, gainera, eleberriaren amaieran.
Jeneralaren labirintoak arakatzen dituen eleberri historiko –edo erdi historiko– gogoangarri hartan, García Márquezek maisuki kontatzen dik Bolivarrek Magdalena ibaian barrena egiten duen azken bidaia, haren bizitzaren hondarreko gorabeheretan sakonduz.
Nonbait irakurria duk, Macondoren bila lebilkeenak Gaboren jaioterria den Aracatacara ez, baizik Mompoxera jo behar lukeela. Eta ez duk oso oker ibiliko, segur aski, hori idatzi duena.
Kaixo, Xabier,
hau ez duk iruzkina. Idazten hasi hintzenean, aurkibide bat ikusi nian. Orain, ez diat ikusten; eta zerbaiten bila noanean kosstatzen zaidak aurkitzea.
Nonbait al dago aurkibidea?
Eskerrik asko,
Patxi Angulo
Kaixo, Patxi:
Blogoeta bakoitzaren azpian bi esteka agertzen dituk, aurreko sarrerara eta hurrengora joateko. Eta beherago, iruzkinen azpian (baldin badaude), aurkibide txiki bat, non azkeneko bost sarreren estekak ageri baitira.
Nik uste diat hori horrela eduki dudala hasieratik. Azkeneko bostak izan beharrean, gehiago jar litezkek, baina ez zekiat…
Xabier.
Euskaraz no puedo con esta máquina, no quiere, me “corrige” todo. Bolívar murió en el río Magdalena, novela de Gabó, el general en su laberinto. Me impresionó. Me acuerdo todavía. ALUCINO, vecino, como vas, adonde, no te pierdas, a ver si puedo hacerle hablar en vasco a esta punta máquina, mx
Pues lo dicho del río Magdalena. Aprender con maquinas tendremos pues.
Baina zer gertatzen zaik, Iñaki, informatikariren baten premian orain ere? :-))) Makinei ez zaiek utzi behar nahi dutena egin dezaten, kaka burutik behera egingo zigutek bestela!
Bai, ederra El general en su laberinto hura; idazlea bikain, beti bezala, Bolivarren gorabeherak kontatzen ere.