Daniela

Daniela ilunbistan irten da gaur etxetik, ohi baino goizago. Irrikaz zegoen moto margotu berria probatzeko, lehengusuak tailerretik bart ekarri zionetik. Hilabete pare batean ordainduko ziola agindu zion, ez apuratzeko. Atzo arte egunero hiruna dozena enpanada eta arepa egin eta salduta moldatzen bazen, bolada batez bosna dozena egin eta saldu beharko dituela pentsatzen irten da gaur etxetik.

***

Aspaldiko partez Hugori egokitu zaio Cartagenatik Mompoxera Brazilia autobus konpainiak egunero egin ohi duen bidaian txofer lanak egitea. Pocholo esaten diotena du laguntzaile, Brazilian lanean berrogei urte daramatzan gizona. Pocholo hamabost urte zituela hasi zen enpresan; hasieran sosik ez gidabaimena ateratzeko, eta gerora, berak hala esaten du behintzat, buruak ez zion dagoeneko ematen, autobus gidari izateko erruz estudiatu beharra zegok.

Konpainiaren 9267 autobusa arin samar doa Cartagenatik irten berritan, errepidea egoera onean dago hiriaren aldirietan. Zopilote bikotea ikusi dute bidaiariek, errepidearen beste aldean: bata erdi-erdian zetzan, autoren batek jo eta zapalduta, itxuraz; aldamenean laguna zuen, begiak talo, deus ere ulertzen ez zuela. Hemendik aurrera ez dik arrautza asko jango horrek.

Une batean, bihurgune itsu baten ondoren, poliziak ezkerreko erreira pasarazi du 9267 autobusa, abiadura moteltzeko aginduz. Hugok, esaneko, mantso-mantso eraman du autobusa aurrera, istripuaren guneraino.

Bistan zen langile bat etorriko zela handik gutxira ezkerreko erreia garbitzera, eta errepideko erdibitzailera bilduko zuen galtzadan barreiatutako zikinkeria: beira puskak, harri koskorrak, hondarra; enpanada eta arepa zatiak. Eskuineko erreian berri itxurako motozikleta gorri bat zegoen lurrean; aurreko gurpila biraka zebilkion artean, oso mantso jada, eta erabat geratu zen autobusa ondotik pasatzen ari zelarik. Bertan zetzan motozalea, zerraldo, hanka bat motoaren azpian harrapatuta. Buruaren bueltan odol putzu bat eratzen ari zitzaion, gero eta zabalago, emakumearen atorra zuria bilduz eta bustiz; istripuak gertatu berria bazirudien ere, dagoeneko bazebiltzan inguruan euli batzuk, burrunban, likido epelaren distira-usainek erakarrita. Kasko arrastorik ez zen inon ageri.

Hugok aurrera egin du, poliki; autobuseko bidaiari gehienak eskuin aldeko leihoetara arrimatu dira, zer ikusiko.

Goiz izan arren, tropikoko eguzkiak ez zuen barkatzeko asmorik egun hartan ere.

***

– ¿Viste? –Hugok Pocholori.
– ¿Lo qué?
– Esa vaina fue lo que la mató.

Bide bazterrean zegoen, sasi artean ezkutuan ia, baina bistan zen landare eta belar haiek ez zirela zapaldu zaharrak, paratxoke handi hura mudatu berria zela erreten hartara.

– Así parece… ese bumper parece de carro grande; una defensa de autobús, quizás.
– Pero eso no lo vio la policía…

Hori esan eta mugikorra atera du Hugok patrikatik, ezker eskuaz. Trebea da bolanteari eskuinaz soilik eutsi eta telefonoa ezkerraz erabiltzen…

– ¡Mejor no lo hagas!

Ados. Sakelakoa atzera bere lekuan gorde, eta azeleragailua zanpatu du: Pocholo zakur zaharra duk, urte andana zeramatzak enpresan lanean.

***

Handik bi bat ordura, 9267 autobusa Cartagenatik Mompoxera doazenean bazkari legea egin ohi duten lekuan da, Sin Cuidado inguruko bidegurutzea iragan, Bosconia-Platoko errepidea utzi eta Santa Anatik Pueblitora doana eskuinerantz hartzen den lekuan: kamioiak, saltzaileak, txakurrak, omnibusak, janaria, buila, koloreak, usainak… saltzaile gehiago, haurrak, sekulako beroa.

Konpainiako beste bizpahiru autobus ere hantxe dira −lankide asko, denak ezagun ditu Pocholok−, zabalgune handi hartan, geldirik. Autobusetako batek atzeko paratxokea falta dik. Pocholok berehala jo du autobus haren gidariarengana-eta, ea paratxokea falta zutela ohartuak ote ziren galdezka.

***

Eguerdia zen, eta nekez antzematen zitzaion, norberaren itzalari erreparatuta behintzat, iparra non zegoen.