Azkenik, agindu bezala, hona hemen Kolonbiako egoera interesgarriari buruzko hirugarren blogoeta.
Medellinen eman duen azken egunean, Liburuaren eta Kulturaren Jaiaren egitarauaren barruan egin duten mahai inguru interesgarri batean egon da B (bidaiaria, gogoratu!). Hasieran ezin zuen sinetsi, adierazi diotenean zein zen mahai ingurura sartzeko ilara; bi mahai inguru zeuden batera programatuta, bake prozesuaren ondorengo Kolonbiaz biak, eta bietan sartzeko ilarak luzeak ziren oso. Baina B gehien harritu –eta poztu– duena izan da bi ilarak jende gaztez mukuru zeudela ikustea.
Reparar y perdonar, verbos difíciles pero necesarios. Horixe gaia, Adriana Mejía, eskarmentu handiko kazetari sarituaren eskutik, Adriana Valderramak, Medellineko Memoriaren Etxearen zuzendariak (zientzia politikoetan eta justizia trantsizionalean aditua, psikologoa, Ulsterreko Unibertsitatean masterra egindakoa…) eta María Emma Wills-ek, Zientzia Politikoetan doktoreak (Kolonbiako gatazkan eta giza eskubideetan aditua, eta Habanako Mahaiak izendatutako Gatazkaren Batzorde Historikoan parte hartu duen emakume bakarra) ordubete luzeko solasaldian jorratu dutena, leporaino betetako antzokian.
Lehendabizi barkamenari buruz aritu dira. Emma Wills doktoreak oso argi utzi nahi izan du, hasiera-hasieratik, barkamenaz hitz egiten denean, ongi bereizi behar direla bi gauza:
- Batetik, barkatzea, edo barkamena ematea, biktimari dagokio, eta hori norberaren baitako zerbait da, arlo pertsonalekoa erabat; beraz, ezin zaio inori eskatu barka dezan, eta ezin da inor presionatu orain (edo beste edozein mementotan) barka dezan.
- Bestetik, barkamena eskatzea, biktimarioari dagokio, eta hori gizartearen eskakizun bat da, gizarteak nozitu baitu biktimarioak bere ekintzaren bidez eragindako kaltea.
Mahai inguruan zehar gai asko ukitu dira, batzuk gainetik eta beste batzuk sakonago. Hona hemen Bk bere oharretan jasotakoak:
- Kolonbiako gatazka (azken 50 urte honetaz ari dira beti) gizartean dagoen egiturazko injustizia batetik eratorri da. Gerrilla, landa eremuko gerrilla izan da, batik bat. Hiritarrek telebistatik jarraitu dute gerra, eta ohitu egin dira, gainera; ordea, landaguneak, nekazariak, larrutik ordaindu du.
- Bake Akordio hau aukera historiko berri bat da, gizartearen aldetik erantzun heldua eskatzen duena. Bakea ez da, noski, Cartagenan sinatu eta plebiszituan baiezkoa lortu eta biharamunean gauzatuko, urteak beharko dira bertan landutako arlo guztiak behar bezala garatu ahal izateko.
- Biktimario asko biktima ere badira. Edo biktimario asko lehenago biktima izan dira, eta maiz horrexek azaltzen du zergatik biktima izandako bat biktimario bihurtzen den.
- Biktimek eta biktimarioek elkar ezagutu behar dute, elkarrekin hitz egin behar dute, elkar onartuz eta errespetatuz. Herenegun bertan hemengo telebista batean Uruguaiko presidente ohi José Mújicak esan zuen bezala (eta hau ez da mahai inguruan entzundako zerbait), kontua ez da eskutik heldu eta musuka hastea: nork bere espaloitik jarraituko du gero ere! (bidenabar, Mújica bikain egon zen elkarrizketa osoan).
- Zerbaitetan amore eman behar da, elkarrekin bizi ahal izateko. Demokrazia transakzioan oinarritzen da beti.
- Gertatu direnak ez direla errepikatuko bermatu behar da, eta horretarako baldintzak sortu behar dira.
- Errelato/egia desberdinak daude, baina errelatoa bestearekin eraikitzen saiatu behar da, ez gureekin bakarrik. Memoria eraikitzeak plurala izan behar du, barne-hartzailea (incluyente), ahalik eta pluralen eta barne-hartzaileena.
- Memoria ariketek arrisku bat ere badute, zenbait politikariren esku geratzen baldin bada gero memoria horren manipulazioa, eta kontuz ibili beharra dago; Ruanda eta Balkanetako kasuak aipatu zituzten.
- Akordioetan bermatzen da justizia trantsizional bat erabiliko dela, justizia erreparatzailea eta ez primitibo edo zigortzailea: hau da, kartzelarik gabe, beste modu batzuk baliatuz egindakoa erreparatzeko, ordaintzeko. Egindakoa indultatu edo amnistiatzeko baldintzatzat egia ipintzen da beti. Hau da, biktimarioak egindakoa aitortu behar du, eta egindako kaltea nolabait ordaindu behar du (bistan da kasu askotan ordainketak ez duela galdutakoa berreskuratzea ekarriko). Biktimak eskubide osoa du egia jakiteko eta jasandako kalteagatik nolabaiteko ordaina jasotzeko. Delituen artean, amnistiagarriak dira batzuk, baina beste batzuk ez. Eta, Bk ondo ulertu badu, ez dira amnistiagarriak gizateriaren aurkako krimentzat jotzen direnak (genozidioa, bortxaketak, borrokatik kanpoko exekuzioak…), eta, beraz, kasu hauetan bai, egongo dira kartzela zigorrak.
- FARCekoei eskatzen zaie, besteak beste, armak utzi eta gero politika egin dezatela. Eta onar dezatela beste alderdi politiko batzuk ere badirela Kolonbian, eta beren lurraldeetako populazioak ez duela zertan berekin egon gero ere, hau da, onar dezatela jende horrek botoa beste inori emateko duten eskubidea.
- Estatuari eskatzen zaio, besteak beste, Unión Patriótica alderdiarekin gertatu zena berriro inorekin ez gertatzeko neurriak har ditzala, eta kasu horren inguruko inpunitatearekin amaitzeko ahalegin guztiak egin ditzala.
Hasieran esan bezala, gazte andana zegoen antzokian. Galderen txanda iritsi zenean, ordea, gazteek ez zuten hitz egin, salbuespenen bat edo beste kenduta; galderak, jende helduak egin zituen.
Honaino laburpena. Ondo edo gaizki, Bk jasotako oharretan ez dago besterik, eta ganbarakoak berehala lausotzen zaizkio azken aldian.
Aurreko blogoetan irakurle batek egindako iruzkinean dioen bezala, geuk ere badugu zer ikasi, pentsatu, hausnartu… blogoetatu, nahi baduzue, honetaz guztiaz. Ba hori, sarrera honetan ere iruzkinen aukera zabalik dago, zerbait komentatu nahi izanez gero. Doan da; lehen aldian posta helbidea eskatzen da, besterik ez. Animo, beraz!
Azken oharra: Gai asko geratu dira, jakina, aipatu ere gabe hiru blogoeta hauetan. Ikusi besterik ez dago, esaterako, zein diren Bake Akordioaren 6 atal nagusiak: 1) Nekazaritzaren erreforma integrala; 2) Parte hartze demokratikoa; 3) Gatazkaren amaiera; 4) Legez kanpoko koka sailen arazoari irtenbidea ematea; 5) Biktimak eta justizia trantsizionaleko sistema; eta 6) Inplementazioa, egiaztatzea eta berrestea (plebiszitua).
Bestalde, ez da ahaztu behar akordio hau Gobernuaren eta FARCen artekoa dela, eta badirela oraindik Kolonbian beste talde armatu batzuk, txikiagoak: hor dago ELN, adibidez, eta harekiko negoziazioak geldirik bide daude oraingoz. Ikusi beharko da egoera berrian gauzek zer norabide hartzen duten.
Azkenik, egun hauetan kezka handia sortzen ari den gaia da FARCen armagabetzea eta ondorengo trantsizioa (militanteak gizarteratzeko etapa) nola bideratuko diren. Atzo bertan ari zen FARCeko komandante bat telebistan esaten oraintxe ez dagoela baldintzarik akordioa Cartagenan sinatu eta bost egunera armagabetzeari ekiteko (hala egingo dela idatzita dago, antza): amnistia eta indultuei dagokien legea ez dago oraindik garatuta (eginda behar lukeela ere idatzita ei dago), eta hori gabe ez dago armak entregatzen hasterik. Biharamuneko albistegietan adar eta guzti aurkezten ari dira delako komandantea, eta haren iragana aireratzen dabiltza.
Bistan da datozen hilabeteetan ez direla oztopoak faltako, baina pausoak ematen hasi dira behintzat. Eta ez da gutxi.
Zure kontaketa esker
Kolonbiaren egoera urbildu gaituzu
Saiatu naiz behintzat, baina, izenburuak dioen bezala, inpresio batzuk baino ez dira, egun gutxi batzuetan jasotako inpresioak. Erreferenduma etorri zen gero, eta ez dakit zertan geratu ziren hemen esandako guztiak, neu behintzat guztiz harrituta geratu nintzen emaitzarekin (hasieran ni neu ere ez nintzen oso optimista, baina tira).
Kolonbiaren egoeraz egunero hitz egiten dute geroztik, mundualde honetako albistegietan behintzat. Santosi Nobela eman diote, Habanan jarraitzen dute hizketan, ELNrekiko negoziazioak ere hastear daude… Hizpidea emango du urte batzuetan, hala esango nuke. Ongi bideratuko ahal dute egoera, hori opa diet.