Zazpigarren muga (Kafka lo)

Kolonbia eta Ekuadorren arteko muga iragan behar huen gaur eguerdian. Goiz jaiki, eta Ipiales-etik gertu dagoen Lajas-eko Santutegia ikustera joan haiz aurrena: XX. mendean eraikitako eliza neogotiko bat, Guáitara ibaiaren arroilako zubi baten gainean. Ikusgarria, parajea; eta berezia, eliza.

Lajas-eko Santutegia, Ekuadorreko mugatik gertu. Ipiales, Kolonbia.
Lajas-eko Santutegia, Ekuadorreko mugatik gertu. Ipiales, Kolonbia.

Hura ikusi eta muga aldera abiatu haiz, Rumichacara. Kolonbian irteerako zigilua lortu eta zubia iragan duk, oinez. Gaur egun erabiltzen den zubitik metro batzuetara, inken garaian erabiltzen zuten zubi naturala zegok. Aspaldiko pasabidea duk, bada, Rumichacako hau (rumichaca hitzak ‘harrizko zubi’ esan nahi dik kitxuaz).

Kolonbian, migrazio kontuak Kanpo Harremanetarako Ministerioaren esku zeudek; Ekuadorren, aldiz, Barne Ministerioaren ardura dituk. Bitxia iruditu zaik: gauza guztiek bezala, izango dik horrek ere bere porqué! Ez dakiana duk eraginik izango ote duen heu bezala muga pasatzera doan batengan.

Ekuadorreko migrazioan ilara laburra zegok. Berehala tokatu zaik funtzionarioaren aurrera agertu beharra. Nora zoaz?, Otavalora, Lehen aldia Ekuadorren?, Bai, Noiz arte egongo zara?, 2ra arte… Bi egun besterik ez hintzela geratuko ulertu dik, nonbait, eta atzera galdetu dik: Bi egun baino ez?, Ez, 2ra arte. Badakizu 90 egun egon zaitezkeela, Oso ondo. Ba hementxe duzu herrialdeko mapa bat, eta, badakizu, 90 egun egon zaitezke. Berriro errepikatu dik. Ondo pasa gure herrian. Eskerrik asko.

Rumicacha: Kolonbia eta Ekuador arteko muga.
Rumicacha: Kolonbia eta Ekuadorren arteko muga.

Eta ez du eskatuko bertan geratuko ez haizen frogarik? Ezin sinetsi, ez duk posible… non sartu haiz, Franz? Estreinakoa duk bidaia osoan, eta, oker ez bahago, pasatu haizen zazpigarren muga duk honako hau. Bejondeiola!, horrela behar likek toki guztietan.

Mugatik oso gertu dagoen Tulcán herrira heldu, eta berehala sarrarazi haute Otavalora eramango hauen autobusera, hemen ez duk denbora alferrik galtzen. Pesoa ahaztu eta dolarrari heldu behar diok berriz –Ekuadorren dolarra erabiltzen duk, duela hamasei urtetik hona.

Andeetan habil, 2.500 m-tik gora. Paisaia ederra duk hemen ere, Kolonbiako azken zatian bezain ederra eta dramatikoa. Autobusetik ikusteko beldurgarria, zenbaitetan, Zuberoan ere ez dituk horrelako malkar eta amildegiak ikusten. Kitxua herrian sartu haiz, ezagun dik. Kolonbiako azken herrian –Ipialesen– sumatzen zuan dagoeneko, llama apaindu bat ere ikusi duk Lajasen. Baina Ekuadorren sartu haizenetik nabarmenagoa duk, hizketan oraindik entzun ez badiek ere.

Festetan zegoen Ibarra herri handi samarra atzean utzi, eta arratsaldeko lauretarako Otavalon hintzen.

Gaur mekanismoak ondo olioztatuta tokatu zaizkik, nonbait, eta aiseago mugitzen dituk gauzak, inondik ere.