Duela bi egun, Kolonbia zuriz jantzi zen Cartagena de Indiasen. Habanan lortutako Bake Akordioaren sinatzea taularatu zuten, dotore taularatu ere.
B menditik etorri berria zen. Dutxa hartu eta telebista piztu zuen. Venezuelako Telesur zuzenean ari zen, Cartagenatik. Arratseko argi horiztak ez zion zuritasunik kentzen harresi ondoan egiten ari ziren ekitaldiari; Karibeko brisak goxatzen zuen hiri horretan ohikoa den sargoria (Bk oraindik gogoan baitu Cartagenako itsasertzeko brisa xuabe hori, eta telebistatik ikusten ahal zen oihalen mugimenduak ez zuen besterik salatzen). Zuria zen nagusi, bakearen taularatzeak hala eskatzen zuen. Eta datorren igandeko plebiszituan arrakasta lortu beharrak ezinbestekoa egiten zuen taularatzea bera.
Egun hauetan komunikabideek nahikoa informazioa zabaldu dute Cartagenako ekitaldi horretaz, eta, beraz, Bk ez du hemen han gertatu zena berriz kontatzeko asmorik. Bitxikeria batzuen –eta sentitutakoen– berri eman baino ez.
Bitxikeriekin hasita, FARCen ordezkari nagusi Timochenko (Timoleon Jimenez, hala agertu zen Telesurren gainidatzietan: gerra izena izango da… eta izen horrekin sinatu zuen sinatu beharrekoa; Rodrigo Londoño Echeverri, hala azaldu da Bk geroztik irakurri dituen egunkari eta abarretan, Berrian ere bai, eta hala deitu zion Kolonbiako presidente Santosek ere, bere hitzaldian zuzendu zitzaionean: benetako izena izango da, noski) ia erori zen sinatzera hurbildu zenean, egiteko duten bidea oztopoz betea datorren seinale edo (espero edo ikusi ez zuen mailaren batek estropezu eginarazi zion eta kito; baina zer edo zer esan beharra dago ia egunero blogoetatxo bat osatu ahal izateko). Santosek, berriz, ezkerraz sinatu zuen, negoziazioetan beharrezko ezker eskua izan duen seinale edo (ezkerra dela eta kito, besterik ez; baina zer edo zer esan beharra dago…). Akordioa sinatzeko erabilitako bolalumaren metafora ere –balaluma esan dio, gaurko bere zutabean, Angel Errok bala zatiz osatutako boligrafoari– aipatua izan da han eta hemen.
Halako batean, Felipe Gonzalez agertu zen telebistako irudietan. Telesurreko esatariak, ordura arte agertutako ezagun eta agintari guztien izen-deiturak ematen ziharduenak, ez ikusiarena egin zuen, eta isilune nabarmen batez aipatu zuen nor zen kamerak erakusten zuen gizona. Venezuelako egungo establishmenta eta Gonzalez jauna ez daude eztitan preseski aspaldion, eztitan ez daudenez.
Timochenkok egin zuen lehen hitzaldia, luze eta ongi landua, eta gauza interesgarriak esan zituen. Santosek gero egin zuen, eta Bri behintzat ofizialistagoa iruditu zitzaion; hala beharko zuen, jakina. Biek aipatu zuten Garcia Marquez, biek aipatu zituzten Aureliano Babiloniaren buruari bueltaka ibili ohi ziren tximeleta horiak, eta Kolonbiari opa zioten idazleak, Nobel Saria jasotzerakoan egindako hitzaldian, ehun urteko bakardadera kondenatutako leinuei opa zien ametsa: izan dezala bigarren aukera bat mundu honetan. Biek aitortu zuten akordioa ez dela perfektua, baina lortu ahal izan duten onena dela esanez. Nork bere aldeko militar eroriak aipatu eta omendu zituen: Santosek polizia eta soldaduak, eta Timochenkok gerrillariak; biek nabarmendu zituzten milioika biktimak. Biek ala biek aipatu zuten Jainkoa, nork bere erara (lan ona egin dute lur hauetan frantziskotarrek, dominikoek, mertzedarioek, Konpainiakoek… eta berrikiago baita ipar aldetik etorritako ebanjelikoek-eta ere).
Timochenkok esandakoen artean azpimarratzekoa da bakea nola definitu zuen, bakeak justizia soziala eta benetako demokrazia ezinbestekoak dituela esan baitzuen. FARCek akordioa beteko duela ere esan zuen, Gobernuak ere hala egitea espero duela gehituz. Munduan indarrean dauden zenbait gatazka eta gerra aipatu zituen gero, Palestina eta Israelen arteko luzea, kasu, edo Sirian azken urteotan gertatzen ari den suntsipen etsigarria (eskerrak B bakarrik zegoen telebista aurrean, inuzente aurpegi nabarmenegia geratuko baitzitzaion une horretan, Timochenkok aipamen segida horretan aipatu ez zuena entzuteko esperantzaren eraginez edo).
Biktimei egindako kalteengatik barkamena eskatuz bukatu zuen bere hitzaldia gerrillariak, jendeak Sí, se pudo oihukatzen zuen bitartean (Bk ez luke jakingo esaten jendearen parte hartze hori berezkoa zen edo antolatua zegoen); txalo zarta luzea jaso zuen orduan Timochenkok. Hitzaldiaren bukaera aldera hots izugarri bat entzun zen, gerra hegazkin batzuk azaldu baitziren Cartagena gaineko zeruan: militarren agerpen desegokiari broma desegoki batez erantzun zion hizlariak –hala iruditu zitzaion behintzat Bri–, bera ez zela hara etorri bonbak jartzera, bakeari agur egitera baizik esan baitzuen, irribarre urduri batez. Bk irakurri ditu gertaera horri buruzko interpretazio bitxiak Kolonbiako prentsan, ez daki itsasoaz bestaldera heldu ote diren.
Santosen hitzalditik, berriz, aipagarria da Kolonbiako himnotik hartu zituen hitz batzuen erabilera. Hitz horiek Rafael Núñezek, XIX. mendeko idazleak, Cartagenaren independentzia goresteko idatzi zuen ereserkian koruari dagokion zatikoak dira, eta honela diote: “Saminaren bidetik ongia ernetzen ari da” (¡En surcos de dolores el bien germina ya!). Santosek, ongiaren ordez, bakea ernearazi zuen saminaren bidetik.
Mundua ere ordezkatuta zegoen, nolabait, Cartagenan herenegun, Ban Ki-Moon NBEren presidentea han baitzegoen, lortutako akordioa onetsiz, eta akordio horren gauzatzean izan beharko duen parte hartze garrantzitsua bermatuz. Eta munduko beste albiste batzuen berri ere ematen zuen telebistak aldi berean, irudien gaineko testu mugikorren bitartez: egun hauetan bi urte betetzen dira Mexikoko Ayotzinapan 43 ikasle desagerrarazi zituztenetik, eta haien familiek eta gizarteak argibide eske jarraitzen dute.
Oso kontrako ideologiak, ados, klase sozialen artean amildegi handi bat, senideen arteko (pobreenen arteko) gerra luzea, biktima kopuru ikaragarria… baina Kolonbian eskua elkarri ematera iritsi dira, eta munduaren aurrean egin dute. Hori bai, abantailatxo bat badute, ezin ukatu, eta Cartagenako ekitaldian nabarmen geratu zen: herri bakarra dira, bandera bakarra dute, himno bakarra.
Bk ez daki inoiz ikusiko ote duen antzekorik bere herrian, bigarren aukerarik izango ote den. Aitortu behar du telebistaren aurrean hunkitu egin zela zenbait unetan, nahiz eta jakin taularatze hutsa zela han ikusten ari zena. Hogeitaka egunetan Kolonbian ibili berria izateak eta garai berezi honetan ibili izanak utzi du, nonbait, bere arrastotxoa haren bihotzean. Kolonbiako herriari zorte ona opatzea besterik ez zaio geratzen, aurretik duena oso bide malkartsua baita.
Oharra: Bitartean, Monterrosoren ipuin famatuenaren –eta laburrenaren– esanahia inoiz baino argiago ikusarazi diote Bri bere herriko hauteskundeen emaitzek: Eta esnatu zelarik, dinosauroak han zirauen oraindik.
Barkatuko du hauteskundeen emaitzen eta ipuinaren arteko lotura egin zuenak bere izenik ez aipatzea, Bk ez baitu gogoan nor izan zen, ezta non irakurri zuen ere; gogoan duen bakarra da batetik eta bestetik datuak eta datuak iristen ari ziren unean irakurri zuela nonbait, hauteskunde egunean bertan, Twiterren akaso; baina ez dago seguru. Edonola ere, hain ona iruditu zitzaion, ezin izan baitu hona ekarri gabe utzi.
Gabon, Xabier,
Ona duk ipuin egokitua, akaso jatorrizkoa baino hobea. Nik ere hemen entzun diat. Ikusten duk, geometria euklidearra ez duk egokia mundu teknologikorako. Mundu horretan distantziarik motzena ez duk zuzena. Edo, gaizki pentsatuta, ez zaie axola.
Hor pakeaz ari diren bitartean, hemendik gertu, hegoaldeko auzo horiek, sableak prestatzen ari dituk; ez zekiat zer buru eroriko den, baina argi zegok batzuek agintzea gustukoa dutela Francok baino gehiago.
Ondo segi.
Patxi Angulo