Hizkuntzak, Chomsky eta sangrinidadea

Autobusetan gehienetan bakarrik esertzen haiz, hasieran tokia suelto egoten duk eta. Ez dakik nola, baina txartela erosterakoan zuzenekoa dela esanagatik, helmugara iritsi baino lehen bete-beteta egon ohi duk.

Gaur aldamenean Ines eseri zaik, Quitotik Baños-erako bidean. Oker ez bahago Ambaton igo duk, Bañosera ordubete luze falta zela artean. Egunonik ere ez dik esan andreak, heuk ere ez (badakik askotan ez dela antipatia edo zakarkeria kontua, arrotz itxura ikusi eta ausartu ere ez baitira egiten batzuk ezer esatera, ingelesez erantzungo diealakoan edo; baina tira, berak ez dik ezer esan eta heuk sakelakoari begira jarraitu duk). Bazkari legea egiten ari zuan igo denean, eta jaten segitu dik kilometro batzuk egin bitartean. Gero, hitz egiteko gogoa egin zaiok bat-batean, ezkerrean zuen tipo arraro hori zertan ote zebilen hemen-edo jakin nahia sortu zaiok, nonbait, eta beldurrik gabe ekin ziok galdeketari.

Bere bizitza kontatu dik, heuri Ekuadorren nondik, nora eta zertan henbilen esanarazi eta gero, noski. Atsegina zuan emakumea, azkenean, eta gaztelaniaz ondo moldatzen haizela ohartu denean –lo habla usted casi perfecto, casi como nosotros–, bridak askatu eta ez duk isildu Bañoseraino. Ezezagunen arteko estreinako elkarrizketetan ameto dezente izan ohi dituk, ya asko, bai horixe ugari; normala duk. Eta hala joan duk zuen artekoa ere, puntu bateraino behintzat.

Semea Ingalaterrara ezkondua zian: turismo gida lanetan zebilela, Ekuadorren, neska ingeles bat ezagutu zian, harremanetan hasi eta ezkondu. Bi ezkontza: zibila, Bañosen bertan; eta bigarrena, elizatik, Ingalaterran. Eta bikotea han bizi duk orain, Ingalaterran, andreak ez zekik esaten zein herri edo hiritan. Alaba eta semetxoa omen ditiztek, Inesen bilobatxoak, jakina.

–Eta, zer gauza!, gaztelaniaz eta ingelesez mintzatzen dira txikiak, aizu!
-Aitak gaztelaniaz egingo die, eta amak ingelesez. Normala, haurrek berehala ikasten dute, bi… eta hiru hizkuntza ere bai, jarriz gero –maisu hasi haiz, eta hortik ez duk pasatu; gogor egin dik, gainera.
-Ez, ez, hori ez da horrela. Hori da aita ekuadortarra eta ama ingelesa dutelako… sangrinidaderen bat edo zerbait badago hor, zer gauza, e! Ez zaizu iruditzen? –Hay cierta sangrinidad o algo, horiexek bere hitzak: odoltasuna ote?
Ya, ya… claro, claro. –ameto, hik.
-Eta hori nork egiten du? Jainkoak, nork bestela!
Ya, ya… 

Elkarrizketak beste bide bat hartu dik gero, eta arnasa hartu duk puska batez. Harik eta erlijioaren gaia atera duen arte, horretan ere ez baitu oso ondo ulertu hire jarrera. Autobusa Bañosera iristen ari zuan.

Oharra: Sangrinidadea gustatu zaik kontzeptu gisa; izan ere, sangrinidadeak ederki azaltzen baitu zergatik ikasten duten txinatarrek beren hizkuntza horren erraz, eta euskaldunek berena berdin, hain bihurriak izanda biak ala biak. Zein ote da sangrinidadearen eta Chomskyren teoriako hizkuntzaren organoaren arteko erlazioa?