Kolonbiako herriari zorte ona opatzea besterik ez zitzaiola geratzen zioen Bk aurrekoan, oso bide malkartsua zuela-eta aurretik. Baina lehen oztopoa hain handia izango zenik ez zuen espero, hasierako inpresioak gorabehera.
Plebiszituan ezezkoak irabazi du, gutxigatik baina uribetarrek-eta zabaldu dituzten gezurrak eta beldurrak gailendu dira. Inkesta gehienek huts egin dute, beste behin.
B sinetsi ezinik dago, Caracol irratia entzuten zuzenean. Hizketan ari diren guztiak triste ageri dira, zentzugabekeria hau ulertu ezinik; baina jende asko dagoke Kolonbian pozik beren garaipenarekin. Eta nola inork ez duen gerra nahi duenik aitortzen, akordioak birnegoziatu behar direla esango dute orain.
Ezezkoak irabaztea desastre bat izango zela zioten denek aurreko asteetan. Panorama iluna dute orain Kolonbian. Santosek ez du oraindik hitz egin, zazpietan irtengo dela diote. Eta ematen du Uribe ere azalduko dela komunikabideen aurrera. Entzun beharko da zer planteatzen duten orain okertutakoa zuzentzeko.
Oharra: Ez da harritzekoa demokraziek erreferendumari beldurra izatea, gobernuek-eta erabat kontrolatzen ez duten tresna baita erreferenduma; horregatik diote dioten beldurra. Oraindik orain, brexitak Cameron eraman du errekara. Gaurko honek ere ekarriko ditu bere ondorioak Kolonbian, ekarriko dituenez.
Hona hemen gai honi buruzko aurreko blogoetak:
Gabon, Xabier,
penagarria Kolonbiak eman duen irudia. Alde batetik, abstenitu diren horiek, gehienak, kontua beraiekin joango ez bailitzan. Eroso, oso eroso, bizi behar duk axolagabekeria hori erakusteko. Beste aldetik, ezezkoa nahiago izan duten horiek (positiboak izanda % 16 baino ez dituk), zer irabazi dute? Alternatibarik ezaren mendeku gosea asetu al dute?
Ez gaudek hemen, hala ere, leziorik emateko moduan, dinosaurioak bizirik dirauen bitartean. Hemen ere jende asko oso eroso bizi bide duk.
Eta hor, hegoaldeago, batek burua galdu dik golpisten (ez kritikoen) boten azpian.
Gora lirika!
Bai, halaxe duk, Patxi, penagarria. Uribek-eta bakea merkeago nahi ditek, bestela ondo baitaude dauden bezala. Eta gerra bizi izan ez dutenak ere lasai zeudek bitartean. Baiezkoa gerra gehien nozitu duten eskualdeetan nagusitu duk.