2016-10-02: Kolonbiarrek ezetz esan diote gerra (horrela) bukatzeari

Ezezkoaren aldeko itsaskina, auto batean. Cartagena de Indias.
Ezezkoaren aldeko itsaskina, auto batean. Cartagena de Indias.

Kolonbiako herriari zorte ona opatzea besterik ez zitzaiola geratzen zioen Bk aurrekoan, oso bide malkartsua zuela-eta aurretik. Baina lehen oztopoa hain handia izango zenik ez zuen espero, hasierako inpresioak gorabehera.

Plebiszituan ezezkoak irabazi du, gutxigatik baina uribetarrek-eta zabaldu dituzten gezurrak eta beldurrak gailendu dira. Inkesta gehienek huts egin dute, beste behin.

B sinetsi ezinik dago, Caracol irratia entzuten zuzenean. Hizketan ari diren guztiak triste ageri dira, zentzugabekeria hau ulertu ezinik; baina jende asko dagoke Kolonbian pozik beren garaipenarekin. Eta nola inork ez duen gerra nahi duenik aitortzen, akordioak birnegoziatu behar direla esango dute orain.

Ezezkoak irabaztea desastre bat izango zela zioten denek aurreko asteetan. Panorama iluna dute orain Kolonbian. Santosek ez du oraindik hitz egin, zazpietan irtengo dela diote. Eta ematen du Uribe ere azalduko dela komunikabideen aurrera. Entzun beharko da zer planteatzen duten orain okertutakoa zuzentzeko.

Oharra: Ez da harritzekoa demokraziek erreferendumari beldurra izatea, gobernuek-eta erabat kontrolatzen ez duten tresna baita erreferenduma; horregatik diote dioten beldurra. Oraindik orain, brexitak Cameron eraman du putzura. Gaurko honek ere ekarriko ditu bere ondorioak Kolonbian, ekarriko dituenez.

Gai honi buruzko aurreko blogoetak: