Denetik pixka bat, pasadizoak, bitxikeriak… irribarre txikiak –edo algarak, irakurlea libre da– sortzeko asmotan, batzuk behintzat:
- Mexikoko Pueblan kirola sustatzeko igande goizetan kale batzuk ixten zituztela ikusita harrituta geratu zen bidaiaria. Geroztik ikusi du gauza bera egiten dutela beste leku batzuetan ere: Panama Hirian, Medellinen, Quiton eta bai Limako auzo batzuetan ere, esate baterako.
- Medellinen afaltzera joan, eta sekula gertatu ez zaiona gertatu zaio Bri. Afaldu ondoren txotxak eskatu ditu, eta, baietz esan arren, ez dizkiote ekarri. Ostera eskatu dituenean, ordea, salbuespen gisa ekarriko dizkiotela esan diote, dagoeneko Osasun Ministerioak debekatu baitu, Kolonbia osoan, antza, txotxak mahaira ekartzea. Eskerrak eman, eta kalera irteterakoan hartu ditu. Geroztik ez zaio berriz gertatu, baina beste lekuren batean galdetu eta baieztatu diote Medellinekoan esan ziotena: legea egon, badago, kasu handirik egiten ez bazaio ere.
- Panaman faktura eskatu beharra dago toki guztietan, baita ordaindu beharreko komun publikoetan ere. Bestela, irtetean isuna etor liteke. Eta isuna kontsumitzaileari, gainera, faktura ez eskatzearren.
- Medellineko metroan (orain arte aurkitutako txukunena… berrienetakoa ere bada), puntako orduetan, trenera sartzeko ilarak antolatzen dituzte nasan, bagoietako ate bakoitzeko bat. Ez da Japonian bezala, hemen ez daude Tokioko geltokietako oshiya edo bultzatzaileak; baina nasara iritsitakoan, gazte atsegin batek zein ilaratan jarri adieraziko dizu. Mexiko DFkoan, berriz, emakume eta umeentzako gune bereziak daude nasetan, eta, beraz, bagoi berezietan sartzeko aukera dute. Azkenik, eta hiritzarretako metroekin jarraituz, New Yorkekoa da Bk orain arte erabili duen zikinena.
Medellineko metroa.
- Quitoko erakusketa batean, arriskutsua iruditu zaio seguratari argazkilaria (B), eta kargu hartu dio: bi argazki nahikoak zituela, ea zertarako ari zen hainbeste egiten (instalazio artistiko bat zen, estetikoki oso erakargarria, bai forma, bai kolore eta bai argiztapen aldetik ere). Eta horrela jarraitu du: «A nosotros nos han dicho que no permitamos hacer muchas fotografías, que luego la gente hace copias». Horren aurrean, zer erantzun? Aizu, inon ez du esaten debekatuta dagoenik, eta, gainera, hor ari da jendea selfieak egin eta egin (instalazioen gainetik ibiliz, kasu batzuetan!), eta ez diezu ezer esaten. “A nosotros nos han dicho…” aurreko esaldi bera berriz, hitzez hitz. Alferrik da, berari esan badiote…
- Trujilloko ospitalean, B traumatologoaren zain zegoela larrialdietan sartu zen traumatologo mozkortia ez zen, azkenean, traumatologoa. Eskerrak! Bertako atezain, mediku, erizain eta gainerako guztien adiskidea zen, antza, bistakoa zen gizona maiz ibiltzen zela han, larrialdien atalean behintzat… baina ez zen B artatu behar zuen traumatologoa. Eta eskerrak! B lantzen ari zen bere baitan zer esango zuen tipo harengana pasarazten bazuten, zer esango zion tipoari kamiseta eranzteko esaten zion unean bertan… Baina gaitz ulertze bat zen, benetako traumatologoa geroago etorri zen.
- Bri eskaini diote dagoeneko, behin edo bitan bidaia honetan, esertzeko lekua metroan. Bisera erantzita zuenetan, hori bai.
- B baliatu da, behin, erretiratu edo senior edo dena delakoentzako prezio murriztuez, baldintza bakarra 55 urtetik gora izatea baitzen; Panama Zaharreko hondakinetan sartzeko izan da, 3 dolarreko beherapena. Beste inoiz erretiratua ote den galdetu ere egin diote… eta bisera jantzita zeramala, gainera (ikusmen urria izango zuen, inondik ere, leihatilaren beste aldean zegoenak).
- Aldiz, Trujilloko klinikako traumatologoak ezer galdetu gabe zuzendu du lankide batek betetako fitxa, eta 59 ordez 49 idatzi du. Bk adierazi dionean 59 zuzena zela, horiek direla dituen urteak, seko harrituta geratu da: «¡Pues parece usted mucho más chibolo!» (horrek bai bista zorrotza!; eta benetako traumatologoa zen, ez traumatologo mozkorra).