[Sarrera hau beste honen jarraipena da: 9.400 m-ko desnibela (2)]
Putretik Aricara jaisteko, La Paloma konpainiako autobusa ordu bietan irteten duk. Gauean Iquiquera iristeko, berandutxo. Eta bihar udal hauteskundeak direnez Txilen, putretarrik nekez joango omen duk gaur Aricara (eta hiri autoan leku bat egin); beste edozein egunetan baietz, baina gaur zaila. Aukera bakarra, hala esan diate, bidegurutzera ateratzea duk, ea han La Paz-etik datorren autobusen batek hartzen hauen; baina hori ere zaila omen, gaur larunbata izaki.
Eugeniorengana joan, ea bidegurutzera igoko hauen (5 km aldapa gora, motxila txikia bizkarrean eta handia arrastaka, ez duk atarramentua!). Eta halaxe, hamarrak eta laurdenetarako bidegurutzean haiz, eta heuretzat duk nazioarteko esaten dioten eta, gaur behintzat, erabat hutsik ageri den La Paz-etik Aricarako errepidea: goitik behera –eta hori inporta zaik hiri gaur–, kamioiren bat edo beste, tarteka; autobus tankerakorik ez, behinik behin.
Ordu laurden joan duk, itxura txarra dik honek, errepideko seinale bakarraren itzala ere txikituz zoak… martxa honetan ordu bietako La Palomak hemen aurkituko hau, aurretik pasean doakeen kondorren batek eraman ez bahau behintzat. Halabeharrez, hire baitako txiboloa itzarri duk, eta kamioizaleei erpurua erakusten hasi haiz; herabe hasieran, lotsarik gabe gero.
Volvo trailer hori bat geratu zaik –txoferra pixagaleak zegoelako edo:
–¿Va a Arica?
–¿Paga usted pasaje?
–Sí, ¿cuánto?
–Usted sabe cuánto es el pasaje…
–El autobús cobra 4.000 pesos…
–Está bien, suba no más. ¡Con cuidado!
Eskerrak motxila handia igotzen lagundu dian, kabina zorutik gutxienez 2 metro eta erdira egongo zuan eta. Ohikoa duk, nonbait, jendea eramaten denean, autobusean ordaindu beharko lukeena eskatzea.
Txoferra boliviarra duk. Gustura hoa harekin berriketan. Honek ere, orain arte ezagututako boliviar eta muga inguruko txiletar guztiek bezala, “el Evo”ren gobernua dagoenetik Boliviak egin duen aurrerapen itzela aipatzen dik, jendea oso gustura dagoela Evo Moralesekin, aurreko gobernuetako lapur jendea ez bezalakoa dela, inondik ere. Aimararen aldeko kontzientzia, berriz, bizirik sumatu duk Putre inguru honetan, eta txoferrak ere ez dik zalantzarik horretan, bere seme-alabak ederki mintzatzen direla ziok harro –eta harrotasun hori urrea duk.
Hamaikak baino lehen bidean, ordu bietarako-edo Arican; hala uste huen! Trailerra hutsik zoak, baina mantso. Alde batetik pozik hoa, Putretik behera dauden maldatzarrak (eskuin aldera amildegia dagoela) ez baitira abiadan jaisteko modukoak.
Hiru mila metrotik gora berde pixka bat ikusten duk, baina zenbat eta beherago orduan eta gutxiago. Eta puntu batetik aurrera, batere ez: basamortua duk hura, harria eta harea. Gorakoan baino hobeto gozatu duk oraingoan paisaia horretaz, duela bi eguneko autobusetik baino hobeto ikusi dituk kaktus argimutilak eta noizbehinka edozein zokotan sortzen diren bentarroi edo tornado txikiak.
Aricara iristeko 60 km geratzen zirela, erdibidean gutxi gorabehera, lanak errepidean. Alto. Bi ordu baino gehiago geldirik, tronadurak egiten ari omen zirelako (hemen dinamitak han baino hots txikiagoa ateratzen dik, agidanez, heuk behintzat ez duk ezertxo ere aditu, eguzkipe hartan egon zareten denboran). Denbora nahikoa ohartzeko kamioiak L bat zeramala aurrean: orduan ulertu duk hobeto zergatik etorri zareten aldapan behera horren poliki; baita txoferrari whatsappean irakasteko ere, hik segapotorik atera ez arren, “¿Cómo hay que hacer para whatsappear?” Usted domina, ¿no es cierto? bota baitik bat-batean. Instalatuta zeukaan, baina arrastorik ez nola erabili: gustatu zaiok, eta, batez ere, mundiala iruditu zaiok denbora librean mezuak idazteko aukera, gero seinalea dagoenean aterako direla jakinda (gizajoa Bolivia eta Txile arteko mugan bi gau geldirik pasatzetik zetorrean).
Txoferra jator portatu duk, eta ez hau utzi Aricako sarreran. Baina L-dun trailertzarra Aricako kale gero eta estuagoetan ikusi duanean, eta txoferra urduri semaforo eta kalegurutzeetan, harekin gupidatu eta heu ere urduritzen hasi haiz. Berehala esan dik, baina, hantxe utziko hinduela eta berak buelta hartu behar zuela… kilometro batera hengoen, gutxi gorabehera, hire helmuga zen autobus geltokitik; eta beherako 4.700 m-ak jaitsita! Eskerrak eman, pasajea ordaindu, eta aio esan diok. Bisera ahaztuta utzi duk kabinan (bigarrena bidaian, Ternuan erositakoa baitarabilk aspaldi honetan), baina buelta ematerako ohartu duk txoferra eta leihotik bota dik. Eskerrak berriro.
Autobus geltokiraino mikro bat hartu eta berehala heldu haiz. Zalantzan hintzen nora joan: aukera bat Iquiquera joatea zuan, baina berandutxo iritsiko hintzen, eta lekuetara ilundu eta gero ailegatzea ez duk gustuko; bestea, Iquique utzi eta Atacamara joatea zuzenean, gaueko autobusa hartuz. Lehiatilaz lehiatila erromes ibili behar izan duk, norako txartelak eta zein ordutarako saltzen zituzten galdetuz. Azkenean, Iquiquera joatea erabaki duk: txartelak erosi, dirua atera, Iquiquen lo egiteko lekua erreserbatu, bazkari legea egin… eta seietan hartu duk Iquiquerako autobusa. La Paloman etorri izan bahintz ez hintzen, seguru asko, garaiz ibiliko autobus hau hartzeko (baina auskalo, ez baitakik nola ibili den hura, errepidean lanak zeuden tokian pasatzeko).
4.700 m gora eta 4.700 behera, kostatik punara eta buelta.