Oraingo honetan, mendi ibilaldietan gertatutako pasadizoak, mendizaleen inguruko gorabeherak…
- Texaseko ilehoria azaldu duk bat-batean, hire gisa bakar-bakarrik hura ere, Huerkehue Parke Nazionaleko mendialde galdu hartako bidegurutzean: I am happy to see somebody up here! edo horrelako zerbait bota dik, ia 20 m-ra zegoela artean (norbait ikusita pozik zegoela, alegia, bakarrik luze ibili ondoren), eta Me too! hik, pozik heu ere, eta harriturik, Euskal Herritik kanpoko eta lakuz beteriko baso batean halako lamina ikusita. Iritsiak zineten biak ibilbideko azkeneko lakura, bata norabide batean eta bestea bestean –bidaian ere halaxe: hark ipar alderantz egin behar zian eta hi hego alderantz hentorren.
- Mendian errazago duk jendearekin hitz egitea; aski duk turista saldoak dabiltzan lekuetatik zertxobait aldentzea ia jende guztiak kasu egin dezan pasaeran, eta askotan diosal hutsa baino gehixeago ere bai. Horietako bat Reyes valentziarra izan zuan, hi bezala bakarrik, eta aurrera begira antzeko planekin, joan beharreko lekuei zegokienez; elkar berriro ikusiko zenutelakoan… baina orain arte.
- Michelle eta Eric malasiarrak, berriz, bizpahiru aldiz topatu dituk mendian, oso atseginak. Eric-ek hire motxilatik zintzilik dabilen iparrorratzari erreparatzen ziok beti, eta bere burua madarikatzen dik ibilaldietan iparrorratzik gabe dabilelako; mendian eskarmentu handia izan behar duala iruditzen zaiok, ez dakik iparrorratzagatik den edo sudurragatik.
- Simona, gazte italo-japoniarra, bi urterako bidaian dabilena, Tokyo eta han zeukan guztia utzita. Ez zekik bi urteon ondoren non amaituko duen edo zertan, baina Tokyo harentzat bukatu dela ziok.
- Nico, argentinarra, gaztea hori ere: El Chaltén-eko inguru ederra ezagutu zuen egunean 50 km egin zitian oinez, gora eta behera, mendian; berak dioenez, hain baitzegoen berotua eta urduri, eta ezagutu eta ikusteko gogoz… haintxe zegoen mendigose! Hurrengo egunetan saio normalagoak egin omen zitian, nekatuta ere ba omen zegoan eta.
- Jitt, New Yorken bizi den indiarra, Java programatzailea: urrutitik ere ezagun zian hark oso gutxi ibilia zela mendian, baina hantxe zebilean beste guztien pare. Eta Paul, milandarra, bidaia amaitu eta Parisen MBA batean hastear dena: italiar gehienak bezala, dotore eta apain beti, baita mendian ere, eta, berak zioenez, toki bakoitzean eskaintzen duten guzti-guztia egiteko prest –nahiz eta gustatu ez!!!–: mendi ibilbide guztiak egingo zitian, goraino; rafting-a; kayakean ibili; izotz eskalada… Den-dena, nahiz gustatu ez: hori duk bidaiatzea Paulentzat.
- Talde berean, Kirchnertarren zaleak eta kontrakoak: Robertok azaldu dik herrialdeak, gizarte maila baxuenetakoek, batik bat, zenbat aurreratu duen Kirchner senar-emazteak gobernuan egon diren garaian, eta esan dik urte batzuk lehenago etorri behar huela Hego Amerikara, hemen zoriontsuagoak ziren garaian, Venezuela, Brasil, Ekuador, Bolivia, Argentina… indar progresisten eskuetan zeudelarik. Besteek, berriz, Kirchner senar-emazteen eta haien menpekoen ustelkeria besterik ez diate aipatu, zer-nolako dirutza egin omen duten eraikuntza eta abarren bitartezko negozio zikinen bitartez.
- Barilochen mendizaletasuna errotua duk, eta serio hartzen ditek mendian ibiltzearen kontua. Ibilbide politenetako bat Frey Aterpera doana duk, joan eta etorri hogei bat km, baina azaro erdialdean oraindik erdi itxita egon ohi duk, elurragatik. Bi tokitan galdetu duk, eta aurrerapen asko ez diate eman: joan hintekeela, baina iritsi, argazki bat atera eta itzuli egin beharko duala, batek; joan hintekeela, bai, baina agian elurra izango dela azken hirurehun metroetan… Eta, hori bai, joatekotan derrigorrezkoa dela Parke Nazionalaren erregistroan izena ematea. Joatea erabaki eta erregistratzen hasi haiz, bezperan, web bidez. Datu guztiak sartu eta gero, azken galdera: Experiencia en montaña. Erantzun posibleak: Nada / Poca / Bastante / Mucha. Eta hik: Bastante. Aplikazioaren erantzuna: Con esa experiencia usted no está autorizado a realizar esta caminata, edo antzeko zerbait. Web aplikazioek nola funtzionaten duten jakitun, atzera jotzeko botoia sakatu duk nabigatzailean: Experiencia en montaña? Mucha. Aplikazioaren erantzuna oraingoan: Muchas gracias, ya está usted registrado (azkenean, malasiarrak arrazoi: sudurragatik edo muturragatik, baina eskarmentu handikoa!). Bidea luzea zuan, baina aparteko zailtasunik gabekoa. Eta goraino garbi zegoan, batere elurrik gabe.
- Iparrorratza eramateak ia miresmena sortzen badu, pareko harridura sortzen dik telefonoan –edo bestela– mapa edo/eta ibilbidea eramateak. Inguru hauetan dabilen jende gehienak dagokion parke nazionaleko bulegoan doan ematen duten mapa eskematikoa baino ez dik erabiltzen, eskerrak bideak oso ongi markatuta dauden. Wikiloc-en tankerako aplikazio bat ez dik ia inork ezagutzen, harrituta geratzen dituk ikusitakoan.
- Bidean gora hoala, bikotea beherantz: andrea aurretik, eta gizona, atzetik, andrearen motxilari helduta. Gizona itsua duk. Ibiltzeko plazerra, nahiz eta ezer ikusi ez, egin duk heure artean; eta konfiantza itsua lagunarengan.
- Aldapan gora Ventolin-en laguntzaz baliatzen direnak ere ikusi dituk oraingo txangoetan, halakorik sekula ikusi gabea hintzen.
- Menditik beherakoan bikote baten erdian geratu haiz, bidezidor estu batean, eta mutilari entzun diok atzetik, neskari esaten ziola: C, déjale pasar. “Ez zarete, ba, nafarrak izango?”, hik, entzundako izenagatik posible baitzen nafarrak izatea, eta baten batekin hitz egiteko gogoz, gaur ere (eta bai, neska Iruñekoa duk). Berriketan hasi, ia bi ordu elkarrekin egin bidean, eta, azkenean, hire telefonoan mutilak Perito Morenon duela bi egun ateratako argazki bat heukala deskubritzeko. Gaur egungo teknologiaren magia: goizean jasoa huen argazki hori, lagun batek whatsappez bidalita, eta hire lagun horrek bezperan jasoa zian argazki hori, C-rekin zihoan mutilak bidalita; haren laguna ere izaki hire lagun hori! [bai, korapilatsua da… baina egin ahalegina, ez da zaila ulertzeko ;-)]. Zein asturu mota gurutzatu ote da zuen artean, Perito Morenotik autobusez hiru ordutara dagoen mendibide batean, eta ibilbide desberdinak egiten ari zinetela, halakoa suertatzeko?
- Mendizaleen janzkera dezente aldatu duk urteotan. Garai bateko artilezko txano ponpoidunak oraindik ikusten diren arren (ikus argazkiko txanogorritxu portugaldarra), ez dituk gehiago ikusten belaun txokoaren parean lotzen ziren panazko galtza haiek —breeches?–, ezta zangosagar osoa estaltzen zuten artilezko galtzerdi luzeak ere. Arropa teknikoak dituk orain nagusi… kasu bakan batzuetan izan ezik.
Oharra: Hilaren 1etik 4ra, datorren igandera arte, beraz, B Torres del Paineko Parke Nazionalean ibiliko da, W delako zeharkaldia egiten. Blogoeta hau programatuta utzi zuen, hilaren 2an argitaratzeko (ezin utzi irakurleak hainbeste egun batere bazkarik gabe! :-). Irakurtzen ari bazara, beraz, dena ondo joan den seinale.
Egun on, Xabier,
Non hagoen bilatzen ari nintzela, Fitz Royren jatorrizko izena Chalten dela aurkitu diat, tehuelche hizkuntza omen duk. Hala duk?
El Calafatetik Santiago de Cubara Donostiatik baino gehiago edo gutxiago zegok, zer uste duk?
Ondo segi,
Patxi Angulo
Kaixo, Patxi:
Bai, hala duk, Chaltén ere esaten ziotek mendi horri, baina ez ninduan jabetu hori zenik jatorrizko izena. Errepasatuko ditiat blogeko sarrerak, behar bezalako aipamenak egiteko.
Eskerrik asko,
X.
Erantzun gabe utzitako galdera: Google Maps-en arabera, eta kontuak ondo egin baldin baditut:
– Calafate – Stgo. de Cuba: 7.829 km
– Alkiza – Stgo. de Cuba: 7.202 km
Zuzenean eta eskalarik gabe, jakina.
Gora Kuba, gora Fidel!