Lau egun Torres del Paine-n (1)

Torres del Paine Txileko Patagonian, Andeetan, dagoen parke nazionala da. Eder sona handia du, eta duela hilabete baino gehiago erabaki zuen Bk hona etortzea. Etorri ez ezik, bertan lau eguneko zeharkaldia egingo zuela pentsatu zuen, W izenekoa, hain zuzen.

Kanpin dendarekin-eta ibiltzen hasteko alfer, hiru gauak pasatzeko aterpeak erreserbatu zituen (afaria, gosaria eta egunerako jakiak barne), eta bi egun lehenago Puerto Natales herrira etorri da. Gaur, azaroak 30, herrian dabil lasai. Motxila koxkor bat ere alokatu du, bidaian darabiltzanak ez baitira oso egokiak lau eguneko txangorako: batek gurpilak ditu, eta, bizkarrean eramateko aukera ere izanagatik, ez dirudi gurpilok eta atzeko armazoia ken dakizkiokeenik; bestea, berriz, txikitxoa da.

Eguraldi bikaina da gaur, hemen normala omen den haizea gorabehera. Datozen egunetarako, aldiz, aurreikuspenak ez dira hain onak; egia esan, nahiko txarrak dira: lainotuta, euria eta haize handia. Enfin, zer egingo diogu, akaso oker egongo dira aurreikuspen horiek!

Abenduak 1

Goizeko zazpi eta erdietan irten duk autobusa Puerto Natalesetik Parke Nazionalera; zirimiria ari zian. Torres del Paine parkera hurbildu ahala, gero eta itxiago zegok. Gaur duk Mirador de las Torres begiratokira igotzeko eguna: han goian ez duk deus ikusiko! Errepide ondoan, kartela: Zona de fotografía. Ba ez duk ezertxo ere ikusten, laino zerratua zegok beheraino, panpako ordokiraino.

Ia bi ordu behar izan ditik autobusak bisitarien harreragunera heltzeko. Han, bidaiari guztiak bulegora sarrarazi, eta hitzalditxoa eman dizuete; dokumental labur bat ere bai. Mezu nagusia parkean sua egitearen arriskuei buruzkoa zuan. Gero beste mikrobus bat hartu behar izan duzue, oinez abiatzeko lekuraino (Torres Central).

Euria goxo ari zian, eta haize boladak ere bazituan. Taberna batean bildu duk jende guztia: motxilak prestatu, euritako galtza-gainekoak jantzi, kapak ere bai batzuok… kanpora irteteko nagia usaintzen zuan zoko guztietan.

Irten haiz, eta ostera sartu egin haiz berehala: kapa alferrikakoa zuan erabat, haize horrekin hobe gabe. Erantzi, eta, beste aitzakiarik ezean, berriro kanpora irten eta aurrera egin duk. Ia bi ordu euripean egin eta gero –oso gogorra ez, baina euria–, heldu haiz gaua pasatu beharreko Chileno aterpera.

Gaurko etaparen barne zegoan, halere, dorreen begiratokira iristea: horretarako beste bi ordu behar dituk handik (eta buelta aterpera). Haize handia zebilek, ez dik atertzen eta lainoa oso behean zegok; ez zirudik merezi duenik gaur gora abiatzea. Baina aterpean sartu orduko entzun diek espainol batzuei ateratzekotan direla.

Jende gehiena galtzerdiak eta abar bustita iristen duk aterpera. Sua piztuta zegok, eta suerteko dituk haren ondoan aulki bat aurkitzen dutenak. Hi arropak lehor heldu haiz, baina eskertuko huke, halere, bero pittin bat.

Jendez lepo dagoen aterpeko sotoan sartu haizenetik, bidaia osoan sentitu duan bakardaderik handiena sentitu duk, aurreneko ordu erdian. Handik aurrera, aldiz, bidaia osoko inongo momentutan baino jende gehiago ezagutu duk tarte labur batean, eta hor ari haiz batzuekin eta besteekin berriketan. Suak, antzina-antzinatik egin izan duen bezala, jendea bildu dik bere inguruan, eta aise sortzen duk elkarrizketa haren abaroan. Suak… eta aterpean ez koberturarik eta ez wifirik ez egoteak.

Espainolak abiatu egin dituk gora, esaten ari zirenetik bi ordutara izan bada ere. Kanpoan ez duk giro, egia esan, eta eman diaten inbidia apurra aise arindu dik sutondoko epelak. Christina, gaztelaniaz ondo samar moldatzen den suitzarra; Michaela, alemaniarra; Amanda, bidaian bakarrik ibiltzea maite duen txiletar gaztea; Ivonne, guraso argentinardun estatubatuarra, eta jan duen zerbaitek kalte eginda gaixotu den haren mutil-laguna; bikote alemana: andrea jator askoa, baina gizon horrekin ezkondua egotea, aldiz, ulergaitz samarra; dorreen begiratokira igo eta ikaratuta –haizeagatik eta hotzagatik– itzuli den mutil irlandarra… jende asko pasatu duk sutondoan dauden bospasei aulkietatik han egon haizen orduetan.

Pepe eta Irene –espainolak–, eta haiekin igo diren besteak pozik itzuli dituk goitik: eguraldiak su eten labur bat egin omen dik, eta, laino artean izan bada ere, ikusi ahal izan ditiztek dorreak. Penatan geratu haiz; izan ere, igo aurretik esaten bazuten ere goizeko lauretan jaiki eta joango zirela berriro, eguraldia hobetzen bazuen, orain gogogabetu egin dituk eta ez duk harritzekoa. Heuk jaiki beharko duk eta joan, dorreak ikusi nahi badituk. Nahiz eta igoera hori, berez, gaurko etapakoa izan, biharko uzteko asmotan dabilen jendea baduk aterpean, eguraldia gauerditik aurrera hobetuko ote duen esaten ari baitira; ez haiz bakarrik izango, beraz.