Abenduak 3
Zubiaren bi aldeetan geratutakoek beren kasa bilatu behar izan ditek –duzue– irtenbidea. Gaua Los Cuernos-en emandakoek lau bat orduko bidea desegin behar izan duzue, Torres Central-eraino, gero, autobusa eta katamarana hartuz, gaur gauean lo egin behar duzuen Paine Grande aterperaino joateko –baina, okerragoa dena, hirugarren egun horretan ikusi behar zenuten Valle Francés eta Mirador Británico direlakoak beste baterako utziz–. Zubia konpontzeko, hasieran 10 bat egun beharko zituztela esan zuten arren, jakin duzue gero txalupa bidezko soluzioa (Nordenskjold lakuan barrena) eman diotela behin-behinean arazoari… zuentzat berandu, ordea.
Azkenean, hiru orduko ibilia –gaurko aurreikuspena ere euria zuan, baina ez dik horrenbeste egin–, lau bat ordu autobus baten zain (gehienok zeharkaldia kontratatu duzuen agentziak ez duelako beste inolako baliabiderik jarri arazoa arintzeko), eta ordu erdi bat katamaranean, Pehoé laku ederrean zehar, aterpera ailegatzeko.
Autobusaren zain zinetela, Argentinatik Txilera etorri hintzenean ezagututako lau euskaldun topatu dituk: Erasmus edo antzeko programa baten bitartez hilabete batzuk Iquiquen egondako ikasleak dituk, ikasketak amaitu eta Argentina eta Txileko hego aldea ezagutzen dabiltzanak, etxera itzuli aurretik. Ez zitean, jakina, halakorik espero, eta ez ditek diru nahikorik autobusa eta katamarana ordaintzeko, kreditu txartela ere ez dutela onartzen esan baitiete. Lagundu nahi izan diek, baina denon artean daukazuen diruarekin birentzat baino ez duk iristen: bik aurrera jarraituko ditek, zuekin batera, eta beste biak Puerto Natalesera itzuliko dituk, azken etapa egiteke utziz.
Esan bezala, lau euskaldun horiek, hiru neska eta mutil bat (mutila ez duk hemen ikasten jardun, azken bidaia honetarako propio etorria duk), Calafatetik Puerto Nataleserako autobusean ezagutu hituen, Argentina eta Txile arteko mugara iritsi baino lehen: beren artean euskaraz ari zituan erabat, eta horrek harritu –eta poztu– hinduen. Ikasle jendeak orain hik heure garaian izan ez hituen aukerak ditik, hogeita urterekin Txile ezagutu, bertan hilabete batzuk eman… eta bidaiatzen ibiltzekoa, gainera. Iquiqueko langileen sarraskia aipatuta, entzuna zutela ematen zian, baina askoz gehiago ez; Santiagon egon diren egunetan, berriz, ez dituk joan hiri hainbesteko zirrara eragin zian Memoriaren Museora, bazenik ere arrastorik ez; beste gauza eta toki batzuk ezagutuko zitiztean, seguru, beste esperientzia batzuk izango zitiztean… baina bistan zegok interes desberdinek mugiarazten zaituztetela –mendizaletasunaz at–, belaunaldi kontua izango duk.
Zubiaren pasadizoa bezalakoek jendea elkartzen ere laguntzen ditek, eta dagoeneko talde polita zegok sortuta zuen artean: Irene, Madrilen bizi den errioxarra; Pepe, Txilen ere enpresa duen valentziarra; Manuel, sevillarra; Lisette eta Gabriela, erizain txiletarrak; Tomo, Txilera bi urterako etorritako japoniar xelebrea; Shong, Londresen bizi den singapurtarra; Julia, Ekialdeko Alemaniakoa; David eta Barbara, aspalditik Australian bizi diren kanadarrak; Danimarkako bikote gaztea… gustura habil jende artean, bidaian hainbeste denbora heure baitan bildurik ibili eta gero.
Seietako katamaranean heldu zarete Paine Grande aterpera, zuen azken gaua emango duzuen lekura. Aterpe hori ere, Los Cuernos bezala, laku baten ondoan zegok, paraje ikusgarrian. Laku ertzean libre eta beldur handirik gabe zebiltzak klase anitzeko hegaztiak, erbi galantak… eta bai azeriak ere. Pumaren bat bide ertzean –hik atzo egindako bide zatian, ez hemen, aterpearen ondoan– ikusi dutenak ere badituk; egon, bazeudek, nonbait, eta ikustatzeak ez zirudik hain zaila. Naturaren handiak liluratuta habil egun hauetan.
Ilunabarrean, gorriz jantzi duk ia egun osoan lainope egon den zerua. Afaldu ondoren, jendea kanpora irten eta doako ikuskizunaz gozatzen egon duk, tarte batez. Hotzak bildu gaitik atzera aterpera, biharko eguraldi ona datorrelako pozez. Pisco sour-a ere ederra zegoan.
Kaixo, Xabier,
orduan, katamarana hartzeko atzera egin behar izan huen, Torre central aldera?
Hortaz, apustua galdu diat.
Aurkitu dudan mapan, lakuek kolore urdin desberdina ditek; hori bertan ere nabaritzen duk?
Aipatzen ditian izenak ikusita mendien NBEan hagoela zirudik.
Segi zabaltzen,
Patxi Angulo
Hori duk, Patxi, ez duk asmatu, atzera egin behar izan genian Torre Central-eraino.
Lakuetako uren urdinak oso politak dituk, hik esan bezala desberdinak, eta eguraldiaren arabera ere aldatzen dituk, noski.
X.