Lau egun Torres del Paine-n (2)

Abenduak 2

Goizeko lauretarako prest haiz, oso lo gutxi eginda: hasieran ezin hartu, eta gero, berriz, ordu biak eta laurdenetarako esna hintzen, jaiki beharragatik edo.

Sentitu duk jendea lehenago irteten, baina heu sotora atera eta botak lotzen hasi haizenean, han ez zuan inor ageri. Ez duk ilunpetan eta bakarrik abiatu nahi (parkean pumak ba omen dituk, eta hirea baino haragi samurragoa aurkitzen erraza bada ere, hobe ez tentatzea); bezperan, ordea, ez huen inorekin adostu zer ordutan irten.

Aterpetik irten haiz, eta bi argitxo ikusi dituk, bidean barrena urruntzen (aterpetik ez, baizik eta kanpoko dendaren batean lo egin duten batzuk izango dituk, noski). Berehala harrapatu dituk: Christina eta Michaela dituk. Ezagunak, gainera, primeran!

Elkartu orduko galdu duzue bidea: ilunpe beltzean, lenga baso itxian, ez zuan erraza bidea ez-bidetik bereizten. Harat-honat batzuen ondoren, Wikiloc-i esker salbatu zarete oraingoan ere, eta ez duk estreinako aldia bidaia honetan. Bide zuzenari heldu, eta gorantz egin duzue beste arazorik gabe. Haizerik ez eta epel samar, basoan behintzat.

Egunaren lehen txintak goi samar harrapatu zaituzte, eta zerua ia beltzetik urdin sakonera mudatzen ikusi duzue, han eta hemen zeuden hodei bakanek tonu arrosa hartzen zutela. Dorreen tontorrak ere gorriz tindatzen hasi dituk, zuek begiratokira heldu baino 10-15 minutu lehenago.

Goian, ikuskizuna aparta duk: harkaitz dorre dotoreak erdizka argituak artean, eta kolore berdeko urak bare, beheko aintziran, tarteka haize bolada bortitzak izanagatik. Hotza egiten dik, handia, nahiz eta iritsi berritan, bero oraindik, ez zuen ematen. Berrogeita hamar bat pertsona-edo izango dituk hemen goian, une magiko honetan; hala ere, denontzako lekua zegok, eta isiltasuna urratzen duten bakarrak haizea eta txorien txioak dituk. Argazkilariren bat edo beste ere baduk –hi baino goizago mugituta, itxura denez–, beren tripodeak harkaitz artean landatuta dagoeneko. Geroxeago selfielariak hasi dituk beren zereginean, oihuka eta espantuka: akabo unearen magia!

Inork ez zian uste harkaiztzar haiek zeharo eguzkiztatu arte hain luze joko zuenik, baina argi-itzalen arteko lerroa oso mantso, mantsoegi, zetorrean horman behera… egiten zuen hotzerako. Ordu erdi baten ondoren-edo, lehen uneetatik goian zeundetenak beherantz abiatu zarete, ikuskizuna beranduago jaiki eta handik aurrera iritsiko zirenei utziz.

Beherakoan bakarrik haiz berriz –suitzarra eta alemana lehentxoago abiatu dituk–, baina berehala elkartu haiz bi txiletarrekin, mutilak zeraman txapela –Elosegui, gero jakin duk noski– aitzakia. Txapela asko usatzen omen duk Txileko hego aldean, hotzaren eta euriaren aurka oso-oso erabilgarria omen delako (geroztik bat baino gehiago ikusi dituk, egia esan), eta Tolosatik inportatzen ditiztek.

Oso laburra egin zaik bidea bikote jator harekin hizketan. Eta gauzak nola diren: neska (ez duk gogoan izena) Vicuñako Solar de los Madariaga-ren jabeen iloba duk, etxea erakutsi zian Alberto Varas haren emaztearen iloba, zehatzago esateko, eta, beraz, XVIII. mendean Txilera etorritako Madariaga arrasatear haren ondorengoetakoa, nolabait; haren abizenak ere euskaldunak dituk: lehena, Berrioz, eta bigarrena ez duk oraintxe gogoan. Zortzietarako Chileno aterpean zarete berriz, sotoko mahai luzeetan gosaria prest zegok.

Gosaldu ondoren, bigarren eguneko etapa osoa geratzen zuan egiteko, begiratokirako igoera bezperakoari baitzegokion. Trantsizioko etapatzat har daitekek bigarren hori, ez duk oso gogorra: Chileno aterpetik Los Cuernos-era. Chileno aterpea dagoen haranetik jaitsi eta mendebalerantz jo behar duk, gorabeheraz betetako bidean zehar Los Cuernos aterpera heltzeko, eskuin aldean Los Cuernos delako tontorrak utziz, eta ezkerrean, berriz, Nordenskjold lakuaren bista ederrez gozatuz. Lau ordu behar izan dituk, bidean bazkaltzeko etena egin eta argazki mordoxka aterata.

Aterpera iritsi orduko jakin duzue berri txarra: bihar egin beharreko bidean dagoen zubi bat ia erori –hondatu behintzat– egin duk, eta ezin duk bertatik iragan. Inork ez dizue, baina, informazio argi, zehatz eta ofizial modukorik ematen, eta nahasmen handia sortzen ari duk jende artean. Zubiaren erorketa dela-eta biharamunean sortuko den deskalabruak agerian utziko ditik parkearen antolakuntza akatsak, ezustekoen –eta larrialdien?– aurrean erantzuteko duten gaitasun falta izugarria, eta, batik bat, malgutasun falta.

Kasu bitxiak ez dituk falta. Polita duk, esaterako, zuen aterpean azaldu den katalan harena, gaua han ez baizik beste aterpe batean eman behar zuena: bera hemen zegok, zubiaren honunzkaldean, baina neska-laguna harunzkaldean geratu zaiok, bere lehengusu batekin. Mutila kezkatuta ageri duk, komunikatzeko modurik ere ez zeukak, izan ere, beste aldekoekin… baina jendeak irribarre zabal batez entzuten ziok istorioa gizajoari.