Adriana turismo-gidariak argi eta sinple azaltzen ziek turistei nola desagertu zen yaghan edo yamana kultura (eta yaghan herria… baina, tira, alderdi hori ez dik hainbeste azpimarratzen): yaghanak biluzik bizi ziren, eta sua pizten zuten berotzeko, bai beren etxoletan eta bai denbora gehien ematen zuten kanoen barruan ere; mendebaleko kultura heldu zenean, ordea, arropak erabiltzen ikasi zuten… baina arropak, hemen egiten duen giro euritsua medio, busti egiten zitzaizkien, eta horregatik gaixotu egiten ziren.
Horrek azaltzen ei dik zergatik eta nola desagertu zen hemendik yaghan herria: ez lur lapurretarik, ez indio-ehiztaririk, ez ganaduzale handirik, ez urre-bilatzailerik… Ez, arropak melatzen zitzaizkiean gaixoei, eta hara paradero tristea! Eta ez duk batere esajeratzen, hitz horiekin –gaztelaniaz eta ingelesez– entzun diok hik heuk Adrianari gaur goizean azalpena. Sinetsita hago, gainera, neskak ez zuela inolako intentzio gaiztorik, fede onez ari zela.
Yaghan herria Suaren Lurraldearen hego aldean bizi zuan, Beagle kanalaren inguruko kosta eta uharteetan, eta itsasoan egiten zian bere bizimodua. Historialarien arabera, hauek ere 3.000 bat inguru zituan, ipar alderago bizi ziren selknam-en antzeratsu, Patagonia kolonizatzen hasi ziren garaian, XIX. mendearen bigarren erdialdean. Eta herri honek ere selknam herriak izandako patuaren antzekoa izan zian: paretik kendu zitiztean, enbarazu egiten baitzuten. Nonbait irakurri duk, besteak beste, tiro praktikak ere egiten zituztela kanalean barrena zebiltzan itsasontzietatik, ertzera azaltzeko suerte txarra zutenen kontra: harkaitzetan eguzkitan egon ohi diren itsas lehoiak bezalaxe botatzen zitiztean. Itsasontzi horietan, esploratzaileak, abenturazaleak, piratak, urre-bilatzaileak, itsas lehoien ehiztariak eta abar ibiltzen zituan garai hartan. Darwin bera ere ibili zuan hemendik, Fitz Roy-ren agindupean zebilen Beagle itsasontzian, eta irakurtzekoak dituk zientzialari ospetsuaren oharrak ere hemen aurkitutako jendeari buruz; baina horiek beste kontu bat dituk.
Baina, Adrianak dioenez, emakume yaghan bat bizi duk oraindik: Cristina Calderón. Kanalaren hego aldean bizi duk, Txileko parte den Puerto Williams-etik gertu; 88 urte ditik orain. Eta biloba bat omen dik, Cristina Zárraga, hizkuntza ikasi duena. Adrianak pozik esan dizue gero albiste ona duela emateko: bilobaren laguntzaz, Calderón gaztelania-yaghan hiztegi bat lantzen ari omen duk; albistearen ontasuna, antza, gaztelaniari dagokion horretan zegok, lehendik ba omen zuan-eta ingelesa-yaghan hiztegia. Itzela, aurrerapena!
Cristina Calderóni buruz gehiago jakin nahi duenak, Wikipediara jo besterik ez dik: Txilen Magallanes eskualdeko Hija Ilustre duk eta Tesoro Humano Vivo gisa izendatuta zegok, UNESCOren Ondare Ez-materiala (?) Babesteko Konbentzioaren testuinguruan… Ez dik alferrik galtzekorik kontuak, egia esan, ikusteko jaio gaituk!
Oharra (2022-08-15): Cristina Calderón aurten zendu da, otsailaren 16an.
Kaixo, Xabier,
bitxia, benetan, giza altxor biziaren izendapenarena; ia berrehun urte behar izan ditek yagan hiztun bakarra uzteko eta horrelako izendapena eman ahal izateko. Pozik eta harro egongo dituk. Irrikitan zeudek ohore beraz lehenbailehen gozatzeko maputxeekin.
Euskaldun batzuk ere horretaz harro zeudela erakusteko, gure goi mailako ordezkaritza bidali ditek azken urteotan “El Conquistador del fin del mundo” progamaren bidez. Ezin ziaten izen egokiagorik aukeratu frogatzeko zeinen alde zeudean. Bide batez frogatu nahi zieten gure kulturak maila jazoagoa duela; horregatik eginbehar zuten atzera beren bizimoduan, eta mendebaldekoena hartu.
Ez diat segituko,
Patxi Angulo
Bai, hobe ez segitzea, Patxi!
X.
Ni Ushuaian nabil eta B. Aireseko arkakuso-merkatuan erositako liburu batean hainbat azalpen agertzen dira: arrantza egiten zuten uretan sartuta eta dirudienez biluzik eta foka-koipez bustirik hotz gutxiago pasatzen da. Lehen kolonizatzaileak ingelesak izan ziren eta lau yaghan eraman zituzten Londresera ingeles gisa hezitzera gero hemengo kolonizazioan laguntzeko. Itzultzeko ontzian Darwin ere bazetorren baina landareetan eta animalietan interes handiagoa omen zuen pertsona hauengan baino. Azkenean yaghanak itzuli ziren haien ohituretara (ez oso luzez zoritxarrez)
Liburuaren izena “La tierra del fuego” eta Egilea Sylvia Iparragirre (hizkuntzalaria omen da bera). Ikusten denez, Patxi, euskaldunak hemendik ere ibiliak dira eta kasu askotan gauza onetarako ez. Marinelak ez ziren beste herria (selknam edo ona izena dutenak) akabatzen ibili zen “liga abertzale argentinar”ean talde bat “los vascos” deitzen zen. Gero sindikalistak eta langileak akabatzera dedikatu ziren. Kuriosoena da abertzale horiek ez zirela argentinarrak.
Pozten naiz, Iñaki, zure berri izanik. Ez dut ezkutatuko inbidia pixka bat ematen didazula 🙂 . Foka-koipezko beztidura probatu nahi baduzu, egin… baina zaindu, ez hoztu! Segi ondo, gozatu, asko ikasi eta idatzi berriz.
X.