Bizi denak itxaropena zor dio bizitzari

Euskal Idazleen Elkarteak argitaratzen duen Hegats aldizkariaren 54. alean, Felipe Juaristik idatzitako artikulu interesgarri bat dator: Literatura eta gaixotasuna. Handik aldatu ditut hona pasarte hauek:

[…]

Ez  gara gaitza jasan aurretik ginen bezalakoak, eta ez gara izango. Gizakiago bihurtzen gara, Montaigneren iritzian, gizakiak bere mugak eta bere gorabeherak onartzen baititu, gaixotasunak, porrotak eta zorigaitzak apaltzen dutenean. Gaitzak ongiaren ahala erakusten duen bezala, gaixotasunak osasunaren neurriak zehazten dizkigu. Baina ez gara sekula erabat osasuntsu egongo; ezta, salbuespenak salbuespen, erabat gaixo ere. Graduak eta mailak daude, gauza guztietan bezala.

[…]

Mina ere bizitzaren esparruan sartzen dugu, luzarora. Izan ere, zer da gizakia, bere mina sorbaldan hartu eta beldurrak airean aurrera egiten duen izaki huts, defentsarik gabea ez bada? Zer da Prometeoren mina, harkaitz gogor bati lotuta, putre batek egunero gibela jaten diola ikusten duen bitartean, eta ezin min hori amaitu, eta ezin gaitz hori sendatu, eta ezin ezer esan, oihua ez bada? Eskilok Prometeo kateaz lotua tragedian dio oso erraza zaiola minik gabe bizi denari mina eta oinazea bizi dituztenei nola bizi behar duten erakustea. Hark ere, Frida Kahlok bezala, uste zuen hobe dela behingoz hil, egunero oinazean desegin baino. Beti ezin, ordea.

[…]

Gaixotasunak bizitzaren ibilbidea mozten du, eta gaixoa behartzen du bere indar guztiez gaixotasunari aurre egitera, eta horregatik bizitza, nolabait esatearren, airean geratzen da, zintzilik, zer gerta ere. Gaixotasuna noiz sendatuko itxarotea da, itxaronaldia luze edo laburra izan badaiteke ere, itxaropenaren ahalaren arabera.

[…]

Joxe Aranzabalek idatzi du Medikuak esan dit minbizia dudala. Idazteko arrazoiak berak azaldu zituen: “Alde batetik, idazteak lagun egingo zidan nire barruko demonioak askatzen, eta albistea jasotzean izan nuen zurrunbiloa antolatzen. Hori, batetik, baina horrekin batera pentsatu nuen nire testigantza interneten uztea ona izan zitekeela beste batzuentzat, ez baikaude ohituta minbiziaz argi eta garbi hitz egiten.” Testu ausarta da, ez ohikoa, eta benetako testuak bezala hunkigarria. Minbiziak esanahi asko ditu. Borroka esan nahi du, gaixotasunaren aurka. “Badakit zer dudan eta gertu nago zezen hau toreatzeko”, Joxe Aranzabalek dioen moduan. Esperantza ere esan nahi du. Bizi denak itxaropena zor baitio bizitzari. Joxe Aranzabal borroka egin ondoren sendatu zen. Testuak esperantzaren argi xumea dakarkigu.

[…]