Bloga, berriro

Blog honekin zer egin ez dakidala nabil, azken aldian.

Bada hilabete, dagoeneko, bidaia amaitu eta etxeratu nintzela, eta geroztik ez dut deus idatzi. Bidaia aitzakia hartuta ekin nion hemen idazteari, iazko urtarrilean. Bidaia aitzakia hartuta idatzi nituen sarrera batzuk, ekaina baino lehen, nahiz eta tartean izan ziren bidaiarekin batere zerikusirik ez zutenak ere; hala ere, behin bidean jarrita, bidaiarekin zerikusia zuten gaiak jorratu nituen, batik bat, edo “handik, han nonbaitetik” idatzi nituen, bederen, txapela jantzita munduan zebilen baten talaiatik, nolabait.

Orain, berriz, txapela erantzi eta ostera hemen nabilela, ez dakit zer egin. Idazteko gogoak mugitu nau, gaur bertan, ezer esateke amaituko dudan sarrera honi ekitera ere, eta hementxe ari naiz, teklak sakatzen, baina…

Aspaldi idatzi nuen sarrera batean, Bloga izenburukoan, kezka hauek nerabiltzan buruan: Edozein gauza edozeinek irakurtzeko moduan idazten hasi behar ote dut? Nori interesatuko zaizkio nik honelako batean bota ditzakedanak? Zergatik eman argitara blogoeta hauek, nire iritziak, barruko kontuak…? Zalantza berberak dabilzkit kaskoan bueltaka orain ere.

Gustukoa dut idaztea, eta bloga izatea modu bat da neure burua noizbehinka idaztera esertzera nolabait behartzeko. Badakit hemendik aurrera ez duela inor askok hau irakurriko –itzuli nintzenetik dezente jaitsi da bisita kopurua, normala denez: a, ez al zenekiten bisiten estatistikak kontrolatzen nituela? Kar, kar, kar! Baina kopuruen berri baino ez dakit, besterik ez, ez pentsa!–, Interneten zer suma dabilen baten batek topatuko du orria, akaso, ustekabean, egunen batean; baina hori ez zait inporta, egia esan. Gainera, beti dago aukera, nahi izatera, propaganda pixka bat egin eta balizko irakurleen zerrenda osatzeko ere; zerrenda horretakoek mezu bat jasoko lukete, sarrera berri bat dagoen bakoitzean. Irakurlerik ez izatea ez zaidala inporta esan dut, baina aitortu beharra daukat orain arteko esperientzia ez dela batere txarra izan irakurleekiko: nago orain arte (gutxi) batzuek egindako iruzkinek, oharrek eta galderek bizitasuna eman diotela blogari, eta niri ere erneago egoten lagundu didatela… Dinamika hori ere interesatzen zait, egia esateko.

Edonola ere, irakurlerik ez izatea litzateke gutxienekoa… blogari zer norabide eman jakingo banu! Zertaz idatzi? Noiz? Kontu anitz interesatzen zaizkit, eta, beraz, gauza anitzez has naiteke idazten: literatura, argazkigintza, natura, politika, hizkuntza, pertsonen arteko harremanak, bidaiak… Orain arte ipuin laburren bat edo beste ere idatzi izan dut hemen, poema (?) batzuk ere bai, kazetaritza kutsuko testuak, kronikak… Nondik jo aurrerantzean? Bertan behera utzi? Askotariko blogak daude hor zehar, eta oso-oso desberdinak; nahiz eta blogen kontu hau nahiko démodé geratu den aspaldion.

Aukerak asko dira, eta hori ez da, berez, txarra; baina norabideren bat eman nahiko nioke kontuari, eta ez dakit zein. Baten batek hau irakurriko balu, eta ideiaren bat baldin badu, zinez eskertuko nioke jakinaraztea; hemen bertan iruzkin bat idatziz edo posta bidez, berdin dio.