Arrapaladan sartu da mutila soroko egunetik upeltegiko gauera, hara eta hona begira, urduri… Non ote da?, bere baitan. Ate atzean, nonbait, isilik… Gordelekutik irten, ateari bultza eta maratila eman dio neskak. Jon zen, Ane da. Ez zuela nahi… upeletan bai.
Horma oholen artetik eguzki izpiak barnerantz, jantzi ertzek argitan gorputz gazteen silueta. Argi eskasak lana zailduagatik, ez da aitzakia irudi ederrik ez lortzeko; kamera prest da.
Dotore jantziak biak, festak higaturik soinekoak. Atorra gainekoa lurrera bota eta aurrerantz dagi, Jonengan begiak: begizta askatu eta jaka erantzi dio. Atzera egin du berriz. Anek. Elkarri aurre eman eta mugitzeari ekin diote, barne doinuari so, haren erritmora. Gorputzek. Ez da tangoa, ez da lanbada, ez da saltsa; Arratiako jota ei da.
Nekea urtzen du liluraren suak: besoak gora oinek jauzi, buruak arin begiek dir-dir, gorputzak hurre desirak dei. Gerrien malgua, beso-zangoen nahastea, kriskitinen hotsa. Musuak gertu, aurpegiak alai, begiak ezti; xuxurla-usainak airean, ukituak zoramen. Zentzumenen dantza, dantzaren sentsuala. Oihalen fisika, giharren mekanika, pausoen matematika, begiraden kimika. Biluziaren hotzikara, larru-azalen zirrara. Muxu aginduak plazeraren zantzu. Mundua biraka, buruak galtzear. Zorabioa, argi eztanda, herio suharra. Erosen magia, erosen indarra.
Ez da tangoa, ez da lanbada, ez da saltsa; Arratiako jota ei da.
Dantza da… zoom batean zehar irudikatua.