Kamioi barruan

Kamioi baten barruan topatu dituztela diote, hotzak akabatzen; iheslariak direla, kurduak, esan digute gero… Elorrion aurkitu ei ditu gidariak, kamioia deskargatzen hasi denean. Ertzaintzaren esku geratu dira. Ez dute jakinarazi zer egingo duten gero haiekin: bi emakume, gizaseme bat eta lau adingabe dira.

Kamioi baten barruan azaldu zen, duela urte asko, etorkin portugaldar mordo bat ere, Antiguan egin berria zen Tolosako Hiribidean. Oroimenak huts egiten ez badit behintzat, kamioia abandonatu egin zuten bertan, eta barruan utzi zituztenei dagoeneko Frantzian zeudela sinetsarazi zieten. Poliziak harrapatu zituen, jakina, eta Portugalera bidali zituzten bueltan. Diktadura garaiak ziren, bai Portugalen eta bai hemen, eta hango eta hemengo gobernuek berehala egiten zuten konpontxo, aise egin ere.

Hemerotekak digitalizatuta daude, baina ez dute erraztasun handirik eskaintzen garai hartako berrietan bilaketak egiteko. Ezin izan dut, bada, aurkitu albiste hura. Hirurogeiko hamarkadaren amaiera aldera izango zen; hirurogeita hamarrekoaren aurreneko urteak, gehien jota.

Artikulu berriagoak, bai, aurkitu ditut. Eta horietako batean Begoña del Tesok elkarrizketa egiten dio Arginena baserriko Pedro Garmendia mugalariari, Diario Vasco-n: Pasábamos a Francia y los portugueses lloraban.

Elkarrizketan, Garmendiak kontatzen du nola iristen ziren portugesak kamioietan, ganaduarekin batera; edo merkantzia trenetan; edo leporaino beteriko autoetan. Hotzak, gosez, beldurrez. Umeak eta helduak; eta zaharrak ere bai, dio Garmendiak, oso zaharrak, batzuk. Eta gogoratzen du nola errenditzen ziren beren eskuetan, mugalariaren eskuetan: askatasunera ala heriotzara, askatasunera ala guardia zibilen sareetara… eraman zitzakeen haren eskuetan.

Eta ibaia zeharkatzen ausartu ez, eta Irunen harrapatu eta ostera Portugalera bidali zuten haren kasua kontatzen du. Edo, Antiguan abandonatu zituztenak bezalaxe, Frantzian zegoela esanda Lesakan utzi zuten mutil gazte harena; bere buruaz beste egin omen zuen hark, non zegoen jakin zuelarik.

Dirua poliki irabazten omen zen lanbide horretan, guardia zibilei ere zegokien saria eman behar zitzaien arren. Elkarrizketaren amaieran, Del Tesok aipatzen dio Garmendiari orain ere antzeko egoerak bizitzen dituztela beren herritik alde egitera behartuta daudenek; gerrak izan, gosea izan, beren bizilekuak utzi eta beste inora beste zerbaiten bila abiatzen diren guztiek (elkarrizketa 2006koa da, baina berdin-berdin da 2017an; eta berdin, edo okerrago, izango da hemendik hamar urte barru ere). Beti izango dira mugak, erantzuten dio mugalariak, beti izango dira jende pobrearentzako muga aberatsak.