No tinc por!, ez dute beldurrik… duela aste pare bateko manifestaldiko pankartaren atzean irudikatu nituen berriz bart independentista katalanak. Horixe bururatu zitzaidan, bada, pozez ikusi nuenean, Parlament-ean sortutako iskanbila eta guzti, nola jarraitzen duten tinko beren helbururantz, eta, urriaren 1eko erreferenduma arautzen duen legea onartu ondoren, parlamentariak zutitu eta Els segadors ozen kantatzen hasten zirela. Duela bospasei urte ez genukeen –ez nik behintzat– esango hain serio ari zirenik –guri beti aurretik ginela iruditzen, nonbait–, baina onartu behar izan dugu azkenean: chapeau!, benetan.
Beldurrak gerarazi egiten du bat, blokeatu, ez dio egiten uzten. Erabakitzeak beldurra ematen du askotan –okerreko bidea hartzeak ematen du beldurra, esango nuke–; aldaketak ere beldurra ematen du, hala da. Baina beti ari gara erabakitzen, nahitaez, hala ez garela ari uste dugunean ere; eta beti ari gara aldatzen, etengabea da aldaketa. Erabaki orok ditu bere arriskuak, jakina da, baina erabakia hartzeko adorea duenak, beldurrari aurre egiteko moduak bilatzen dituenak, aurrera egiteko moduan jartzen du bere burua, hurrengo urratsei ekiteko egokieran.
Orain dator zailena katalanentzat, ez dira samurrak izango datozen egunak eta asteak (hilak… eta urteak, seguruenik); orain da erne egoteko ordua, segalariak!, halaxe dio beren himnoak. Aurrera egitea erabaki izanak lagunduko ahal die beldurra kudeatzen, lagunduko ahal die mehatxuei eta zailtasunei aurre egiten! Guri elkartasuna eskaintzea dagokigu orain, beharko dute eta.
Gora Katalunia!, visca Catalunya lliure!
Els segadors, Kataluniaren himno nazionala.