Hizkuntza kontuak, berriro ere; zehaztasunaren alde, oraingoan.
Euskaraz beti errege esan omen da, mugagabean: erregek esan du, erregeri entzun diogu, erregek alde egin du. Omen, diot, ez baitut nik halakorik –erregerik, alegia– ezagutu hemen gure bizialdian; eta ezin jakin, beraz, ziur, hala erabiltzen ote zen.
Azkenaldian, erregea darabil kazetari eta iritzi-emaile askok hemen, mugatuan: erregeak errieta –eta mehatxu– egin die katalanei, erregearen hitzaldi latz eta gogorra bart…
Eta ez dago gaizki: erregea esateak urrunxeagokoa egiten du, ez hain “gure”; errege baino arrozxeagoa behintzat bai. Baina, hala ere, nik nahiago nuke beti Espainiako erregea esango bagenu, zehatz, hango erregeaz ari garelarik: Espainiako erregeak estatu kolpean parte hartu zuen, Espainiako erregeak lehengo lepotik burua…
Hizkuntza gure burua moldatzen duen ontzia da, baita gure ideiak eta pentsaera islatzen dituen ur-azal gardena ere. Horregatik erreparatu behar zaio zehaztasunari: diru kontuak nola, hitzak ere zehatz.