Garaipenak

Atxilotu zituzten, eta atxilotu zituzten toki berean torturatu egin zituzten. Hala zioen Gipuzkoako Auzitegiak bere garaian emandako epaiak, eta kartzelara bidali zituen lau guardia zibil.

Atxilotu zituzten, baina gezurra esan zuten gero, ez baitzituen inork torturatu: zauriak, atxilotzerakoan eginak ziren, guardia zibilei aurre egin eta izandako borrokaren ondorio. Hala zioen Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak, eta absolbitu egin zituen guardia zibilak.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak onartu ere ez zuen egin atxilotu haiek jarri zuten babes eskeko errekurtsoa, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo behar izan zuten; beste askok beste askotan bezala.

Urteak joan dira, eta gaur eman du epaia Giza Eskubideen Europako Auzitegiak (GEEA): atxilotu zituzten, eta ez zituzten gizalegez erabili, tratu txarrak eman zizkieten. Tratu txarrak, ezen ez tortura: eragin zizkieten lesioek ez omen diete luzerako ondoriorik ekarri, eta horregatik ezin omen da torturaz hitz egin –bejondeiela horiei ere!–. Edonola ere, esan daiteke Espainia zigortu egin duela Europak.

Kalte-ordaina dirutan emango diete –ba ote?–; eta torturatzaileak libre ibiliko dira… aurrerantzean ere. Justizia hitzak beste hitz askoren bidetik jarraitu beharko du, esanahiz eta mamiz hustuz; hustuz-hustuz, harik eta mamirik gabeko azal soil bilakatu arte.

Guk bagenekien. Haiek ere bazekiten. Denok genekien, denek zekiten. Alabaina, ez ikusiarena egiten jarraituko du hemen askok eta askok. El País espainolak aitortzen du gaur, bere webgunean, GEEAko hiru epailek boto partikularra eman dutela, baina ezkutatu egiten die irakurleei boto partikular horien zergatia: bai baitaude zantzuak gertatutakoa torturatzat hartzeko, hala adierazi dute hiru epaile horiek.

Edonola ere, ez da gutxi, gutxi ez denez, lortutakoa; baina halakoak dira “garaipenak” batzuetan, gurean.

37 urte bete dira gaur, hain zuzen, Joxe Arregi Madrilen torturatu eta hil zutela.