Harri eta zur geratu haiz bulegoan sartzerakoan. Leiho ondoan egon ohi den hire mahai handiaren ordez, bost mahai aurkitu dituk, U eran paratuak: aurrez aurre, mahai txiki bat, leiho aurrean, eta haren ezker-eskuin bina mahai, txiki samarrak haiek ere, bata bestearen ondoan. Ohiko giro hotz eta bakartiaren partez, berriz, giro bero eta partekatuak betetzen zian espazioa.
Ez dakik nola kabitzen diren, baina bost mahai zeudek bulego txiki horretan! Eta mahaiotara eserita, bost gazte. Bost gazte langile, eta lanpetuta erabat, antza, begiratua ere ez ditek jaso behintzat sartu haizenean. Serio demonio ari dituk lanean, sano isilik.
Ez atzera, ez aurrera geratu haiz, noski, non jarri ere ez hekiela. Hire bulegoa zuan hura, bai… baina ez zuan: desgaraitua zirudian, lekuz-kanpotua; edo heu hengoen lekuz kanpo bestela, heu hintzen garaiz kanpo henbilena.
Jende ongi prestatua, iduri, gazte haiek; eta prestuak. Itzulpen lanetan ari zirela iruditu zaik, testuak errusiera zaharretik-edo euskara modernora ekartzen zihardutela esango huke. Eta trebetasunez maneiatzen zitiztean eskura zituzten baliabideak (Internet, jakina, baina baita hiztegi, paper zorro eta bestelako liburukote zenbait ere), agerian zegoan hori: gelditu gabe ari zituan, jo eta ke, fin arrunt. Antzinako errusieraz tutik ere ez hik, jakina, eta zer egin ez hekiela jarraitu duk; gaitz erdi, halere, inork ez baitzian kasurik egiten.
Halako batean, mugagabearen erabileraren gaineko zalantzaren bat sortu zaiok sartu eta ezkerreko mahaira eserita zegoen neskari, eta aldameneko mutilari eskatu ziok laguntza (aditu ahal izan dioanez, ez zekian “zazpi pertsonak errekurritu dute epaia” edo “zazpi pertsonek” idatzi behar ote zen). Hark ere ez zitian gauzak argi, hala iruditu zaik, baina non edo han bilatu dik zerbait eta eman ziok erantzuna; irribarre fresko batez erantzun ziok neskak, eskertuta. Mutilari ezin izan diok ongi entzun, ez dakik esaten erantzun zuzena eman ote dionetz.
Ate ondoan jarraitzen huen, zutik (esan bezala, inork ez zian jaramonik egiten, eskerrak horri!), eta erretiratu zen egunaren biharamunean (ere) lanera etorri zen lankidearengana egin dik ihes gogoak: lan-minak jota egin ote zuen?
Orduantxe esnatu haiz.