Berandu, bai, oso berandu, jaunak. Berandu ohartu zarete historian lotsa-emangarri geratuko direla zuen izenak. Oso berandu zabiltzate, eta zenbat eta denbora gehiago pasatzen utzi orduan eta gehiago kostako zaizue ur uherrak beren onera ekartzea.
Zerbaitetan hasi zarete, halere, eta horrek ez du atzera-bueltarik; gaitz erdi. Emakunderen zuzendaria eta Arartekoa igorri izan dituzue orain arte, ordezkari. Azken aldian, bigarren mailako batzuk bidaltzen hasiak zarete. Kultura, Turismoa, Gazteria eta Kiroletako Foru Diputatua ere –beste alderdi batekoa, dena esaten hasita– bidali duzue aurten Hondarribikora. Zuek ez duzue oraindik aurpegia eman: gaur goizean bertan, Euskadi Irratian, Hondarribiko alkate jeltzalea ez da gai izan azaltzeko zergatik ez dion harrera egiten alardeko Jaizkibel konpainiari. Gaia konplexua dela esan digu entzuleoi, bost-hamar minutuan azaltzen hasteko; gutxik egin dio aipatu ez duenean, behinola egiten zuten gisan, herrikoak ez garenok berezkoa dukegun ulertzeko ezintasuna!
Gizarte honetako kontuak, harremanak eta bestelakoak nola bideratu behar diren dakizuen –edo dakizuela uste duzuen– horiei ari natzaizue. Gauzak beti “behar den bezala” egiten dituzuen horiei, gure herriko “ordenako” politikariei; denak bere horretan jarrai dezan egiten duzuen lanagatik botoak eta botoak jasotzen dituzuen horiei –zer zarete, horietako mordoxka bat galtzeko beldur orain ere?–. Eta galdetu nahi nizueke ea indarkeria sexista terminoaren bi osagaietatik zein ote den ulertzen ez duzuena, indarkeria ala sexista; izan ere, ez baitzait termino egokiagorik bururatzen bi hitzetan laburbiltzeko Bidasoaldeko herri horietako jaietan azken urteetan gertatzen dena. Eta galdetuko nizueke ea ez al dakizuen ahoa maiz bete ohi dizuen berdintasun izena berdin adjektibotik eratorritakoa dela, eta berdin hitzak ‘pareko’ esan nahi duela, ‘kideko’, ‘igual’; eta emakumeak eta gizonak –pertsonak– kideko direla, berdin, pareko, eta festan –edo beste edozertan– parte hartzeko gizonek dituzten eskubide berberen alde borrokan dihardutela emakumeek.
Joan den larunbatekoaz –aspaldi honetako plastikorik beltzenek ilundu zuten festa Hondarribian, irainik gordinenek aho-mikaztu–, berriz, ez dut duda izpirik: azken buztankadak baino ez dira, bere burua hilzorian antzematen duen piztiaren atzeneko astindu-ikarak. Piztia jabetu baita, inondik ere, orain arte babestu duten “ordenako” politikariak gibelera egiten hasi direla pittin bat, ohartu direlako, nonbait, tradizioaren bisita txartelaren koloreak itsusi egiten duela oso, zatar; ohartu direlako –eta dagoeneko jabetu, nahiz eta aitortu ez: berandu zabiltzatela, jaunak, berandu zabiltzatenez!– txartel hori hartuta inoren aurrera azalduz gero lotsagarri geratzen direla. Eta horren aurrean piztia bihurtu egin da –urteetan eman zaion laineza lagun–, altxatu, zuloan dagoen sugea zirikatutakoan bihurtzen eta altxatzen den bezalaxe. Baina azken astinduak dira, ziur egon.
Tradizio hitza latineko tradere aditzetik omen dator, zeinak ‘eman’, ‘entregatu’ esan nahi baitu: belaunaldiz belaunaldi ematen, transmititzen dena da tradizioa. Eta kasu honetan lotsa galanta da datozen belaunaldiek sentituko dutena, XX. mende bukaerako eta XXI. mende hasierako alardeak hizpidera ekarritakoan; lotsa baino ez, transmitituko zaiena. Piztiaren azken astindu horiek arriskutsuak izaten ahal dira, bai, baina hori besterik ez dira, bere burua ezinbestean galtzaile ikusten duenaren azken astindu amorratuak. Eta ziur naiz: gure kaleetatik plastiko beltz zikin horiek ezkutatzen diren egunean, haien atzean gordean egondakoen aurpegi lotsagorrituak azalduko dira.