Dezepzioz dezepzio…

Afaltzeko ogirik gabe zirela-eta, supermerkatura abiatu da.

Hondartza ondoko pasealekuan, liburuak salgai; uda garaian asteartero bezala, oker ez badago. Iluntzeko zortziak jota daude baina bederatziak arte egon ohi da zabalik supermerkatua…, eta liburuen aurretik ezin pasa begiratu bat eman gabe!

Usatutako liburuak dira, inondik ere, baina gehienak oso txukun daude. Kartoizko kaxetan sailkatuta dauzkate, txarteltxo batek adierazten du bakoitzean zer-nolako liburuak dauden: eleberriak, poliziakoak –polarrak–, historikoak, erromantikoak, zientzia dibulgazioa, klasikoak… Gehienak frantsesez daude; handik oso kilometro gutxira gehienak espainolez egongo liratekeen bezalaxe, horixe dute muga artifizialek. Esku artean erabili ditu batzuk, atze aldeko testuak irakurri ditu, gauza interesgarriak ikusi ditu.

Ezer erosi gabe alde egitekotan zenean, atzeko mahaian zegoen beste kaxa batek eman dio atentzioa, Euskara zioen txartela zeukanak, hain zuzen ere: frantsesa ez bezala, euskara kategoria orain ere, egin du bere baitan; hizkuntza batzuetan, liburu guztiak sail berekoak dira, antza. Kaxan miatzen hasi, eta berehala konturatu da gehienak haurrentzako liburuak zirela. Tartean bazegoen, baina, erdi ezkutuan liburu txiki bat, begiztatu orduko bihotzean zimiko bat eragin diona: duela urte batzuk berak idatzitako Deception Island narrazio laburra zen. Emozio eta gomuta ugari etorri zaizkio bat-batean gogora, dezepzioren bat edo beste: istorioa bera, istorioaren aurretikoak, istorioa idatzi izanaren ondorioak, saria, aldi laburreko ospetxo iheskorra… Zortzi urte joan dira dagoeneko, ez luke esango. Gogoratu du baita ere oraindik orain lagun batek esan diola zeukan alea aurkitu ezinik zebilela, euskara eskola batzuk ematekoa dela eta ikasleei irakurrarazteko asmotan dabilela: hori bai laguna!, egin du bere artean.

Liburua eskuetan zuela ohartu da beste kaxa askotan bezala euskarazkoen honetan ere honako hau zioela txarteltxoan: Le prix est dans le livre. Liburua zabaldu eta kostatu zaio konturatzea –eta onartzea– lehen orrialdean arkatzez idatzitako zenbaki hura zela prezioa: 0,5. Zero koma bost, euro erdi bat, alegia. Bejondeiela, ez da prezioa behintzat izango liburua zabaltzeko oztopo! Eta bestela, berriz, edukiontzi urdinean bukatuko du, seguru asko –eta hori onenean, jakina.

Barreari eman dio, eta alea lagunarentzat erostea erabaki du, haren eskuetan utzita irakurriko baitu oraindik baten batek… pentsatu du (kaxako horrek behintzat ez du inor askok irakurri duen trazarik, berri-berria dagoela ematen du). Liburuan argazkirik ez zetorrela egiaztatu, badaezpada ezker-eskuin begiratu, eta euro erdia atera du patrikatik.

Ordaindu eta supermerkatu aldera berrabiatzekotan zenean, esaldi txoro bat etorri zaio burura, De triunfo en triunfo hasta la derrota final haren tankeran osatua, baina alderantziz: Dezepzioz dezepzio… azken satisfazioraino. Ba ote?, a zer txorakeria!, egin du bere baitan berriz; eta hobe zuela ogi bila jarraitzea pentsatu du.

Moldeko ogia erosita etxeratu behar izan du, egunekorik ez baitzegoen jada apaletan supermerkatura iritsi denean.