Kazetariak bihar hastekoa den Euskaraldiaren balizko kalitateaz galdetu dio, kanpainarekin eta ideiarekin berarekin lotura handia dukeen soziolinguista ezagunari (Berria, 2018-11-15). Honela erantzun dio:
[…] Nahiago nuke belarriprest txapa eramatea eta tarteka ahobizi gisa jokatzea, eta ez ahobizi txapa eraman baina batzuetan konpromisoari ez eustea. Arrisku hori badago: esatea «Ni euskalduna naiz, eta ahobizi txapa eramango dut», baina gero egoera batzuetan ez eustea. Hori egitea baino hobe da belarriprest txapa eramatea baina ahal denean ahobizi gisa jokatzea.
Bera –elkarrizketatua– belarriprest izango omen da bihar hasten den Euskaraldian, ez omen du bere burua prest ikusten «toki guztietan lehen hitza euskaraz egiteko eta euskarari eusteko». Harri eta lur… jota utzi nau, egia esatera. Eta eustearen –edo, hobeto esan, ez eustearen— kontu horri bueltaka nabil ahobizi-nahi hau, elkarrizketa irakurri dudanetik.
Eta, halako batean, konpromisoari eusten ez badiot… bekatu larria –mortala– izango ote da? Hamaika egun horietakoren batean, indar nahikorik ez eta hitz emandako ahobizitasunari eutsi ezinik geratzen banaiz… erruaren zama astuna eraman beharko ote dut aurrerantzean? Ez dut pentsatu ere egin nahi nola geratuko naizen, baten batekin deseroso ez sentitzearren halako batean txapa ezkutatzea erabakitzen badut…
Gogo-ahul honek goiko kasu horietako batean huts egin baneza –eror banendi, ai ama!–, zer egin beharko nuke handik aurrera? Ezpainak patrikan gorde eta belarriak atera, akaso?
Eustearen balio horrek baduela kristautik esango nuke; are baita maskulino zaharkitutik ere. Eta, jakina, zalantzarik ez dago: beti izan da erosoago zerbaitetarako prest –zain, nork aurrea hartuko, nor guregana zuzenduko– egotea, hartarako bizi –eragile, ekiten diona, aurrea hartzen duena– izatea baino.
Belarriprest jardungo omen da soziolinguista. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak ere belarriprest izango dela esan omen du beste elkarrizketa batean. Bejondeiela!
Baina nik harri eta zur jarraitzen dut; hala ere, tira, ahalegintzera noa, ea ezpainak harro eta zimurtu gabe eusten diodan hamaikaldiari behintzat.
Izan ere, hamabigarren egunean esnatzen garelarik, hantxe egongo baita dinosauroa oraindik; handik aurrera izango dugu parean gainditu beharreko proba, euskaraldi mugatuak baino gehiago euskararo mugagabe eta iraunkorra baita euskaldun bizi nahi dugunok behar duguna, eguneroko gure jardunaren bitartez eraikitzen jarraitu behar duguna. Eta aro hori ez da bihar hasten, ezta hamabi egun barru amaitzen ere.