Jokoenea inauguratu du Patxi Angulo Martinek Donostian, 2018ko azaroaren 9an. Honela dio, oraindik orain indarrean ez dagoen webgunearen aurkezpen orrian:
Sareko gune hau jokoen mundua euskaldunoi eskaintzeko asmoarekin sortu dugu. Hemen aurkitu ahal izango duzu jokoei buruzko hainbat informazio, hala nola historia, arauak, nomenklatura, argazkiak, liburuak…
Jokoen historia antzinako garaietatik dator, kultura gehienetan aurkitzen ditugu jokoak. Jokoak denbora-pasa dira, baina ez bakarrik hori: jokoak jolas arautuak dira, nolabait, non galdu edo irabazi egiten den, zeinek askotan gure adimena probatu eta zailtzeko atakan jartzen gaituzten. Horretaz guztiaz asko daki Jokoenearen sortzaileak, eta asko ikas dezake hara hurbiltzen denak.
Izan ere, Jokoenea ez da webgune huts bat. Jokoenea Ibaetan dagoen museo moduko bat da, erakusleiho bat, non Patxik txukun eta dotore paratu dituen urte askoan zehar osatu duen bildumako jokoak, munduko hainbat bazterretatik ekarritako 1.000 joko inguru: taula jokoak, dado jokoak, bakar jokoak… Jokoenea ikastoki bat ere bada, non jokoen jatorriari eta historiari buruz, eta haietan gako diren estrategia eta taktikei buruz ikasten ahal dugun. Jokoenea jolastokia da —jokalekua litzateke, agian, egokiago–, non, gure kulturan ohikoak diren jokoetan ez ezik, guretzat exotikoak direnetan ere ibili ahal izango garen. Patxik duela hogei urte pasa argitaratu zuen liburuaren1 izenburuari helduz, esan dezakegu Jokoeneak, mundu zabaleko jokoen bitartez, jokoen mundu zabalera hurbilaraziko gaituela.
Bizi luzea eta emankorra opa diogu, bada, Jokoeneari. Zorte on, Patxi!
Bukatzeko, hona hemen ongi etorri gisa jarri ditudan bertsoak, Jokoeneko bisita liburuan idazteko asmoz:
Patxi Angulo abila dela
askori diot aditzen,
matematika eta jokoak
ederki ditu aztertzen.
Ez da, ez, bera_ibiltzen
denbora_alferrik galtzen,
eta halako batean
jokagunea prestatu digu
Ibaetako auzoan.
Matematika eta jokoak,
bildumazale gainera,
hainbat armairu ta tiradera
bete ditu bai topera.
Zatoz gure kalera
jokalari legera,
egingo dizut zirika,
Jokoenean bizi naiz eta
egin zaidazu bisita.
Doinua: Iparragirre.
Eskerrik asko, Xabier, ezin zaitekek propaganda hobea espero. Ea egunen batean hik jokoetan gozatzen duan guk hire argazkiekin eta idazkiekin gozatzen dugun bezala. Pentsatzen diat, hala ere, jokoak gustukoak ez zaizkiala egiten duan planta jokatzeko beste modu bat dela.
Propaganda? Ai, hala balitz! Lasai egon, blogoeta hauetan irakurri dutela-eta hartuko dituan bisitengatik, behintzat, ez zaik lokala beteko! 🙂